Gustav-eko Koadernoak
RSS sindikazioa
Gustav-eko Koadernoak

Zarauzko Udala
Elkarte Honek Zarauzko Udalaren Laguntza Jasotzen du

Gipuzkoako Foru Aldundia

Bakterioak XXI. Mendean

Felix Zubia Olaskoaga | Maiatza, 2008 | Inprimatu Inprimatu

Sarrera.

Bakterioak naturan dauden izakirik sinpleenetakoak dira. Zelulabakarrak dira egituraz eta prokariotoak, hau da, mintz nuklearrik gabeak, bere material genetikoa zitoplasman igerian dabilelarik. Bere espezie ezberdinak milioika zenbatu ditzakegu, eta naturan toki guztietan aurki daitezke.

Gizakiarekin daukaten harremana historia bezain zaharra da. Bakterio hauetako asko sinbiosian bizi dira gure barnean, eta bizitzarako derrigorrezkoak dira, bitaminak xurgatzen laguntzen diguten hesteetako bakterioak esaterako. Baina bakterioen eragina gaixotasunekin lotzen dugu bereziki. Bakterio patogeno ugari bizi dira gure inguruan, gorputzera sartu eta ugaldu asmoz, hau da, infekzio bat eragin asmoz. Hemendik aurrera bakterio patogenoei buruz arituko naiz, infekzioak sortzeko gai diren bakterioez alegia.

Historian zehar, eta ia duela ehun urte arte, infekzioak izan dira gizakion heriotza eragile nagusienak. Giza memorian gorderik dauzkagu Erdi Aroan Europako biztanleriaren herena hil zuten izurri beltzaren agerraldiak esaterako. Baina izurrite handi horiek baino gehiago, egunero gertatzen ziren infekzioek sorrarazten zituzten heriotzak, pneumoniak edo zaurien infekzioak adibidez. Oraindik ere gure artean dauzkagu tuberkulosiaz beldurrez hitz egiten duten aiton-amonak, eta gure inguruan gaitz horri aurre egiteko zentro eta ospitale ugariren arrastoak aurki ditzakegu.
Sendagileok oso arma gutxi izan ditugu infekzioen aurka. Hipocrates-ek, bere tratatu famatuetan, “Ubi pus, ibi evacue” aforismoa sortu zuen, hau da, zornea dagoen toki bakoitzean, kanporatu ezazu. Erremedio oinarrizko hori izan da mende askoan zehar erabili izan den bide bakarra, emaitza oso kaxkarrekin. Herri medikuntzak berriz, eta landareetan oinarriturik, ez zuen gorputzean barreiaturiko infekzioei aurre egiteko modurik. Horrela, bizitza itxaropena 48 urtetakoa zen Europan XIX. mendean, infekzioei benetako izua zitzaiolarik.

Iraultza zientifikoa.

XIX. mendearen erditik aurrera, eta XX: mendearen erdira arte, egoera hau aldatuz joan zen. Denbora honetan agertu ziren kontzeptu eta aurkikuntza nagusienak ondorengoak dira:

  • Asepsia: Semmelweiss eta Lister-en eskutik, bakterio arriskutsuak larruazaletik desagerrarazteko modua sortu zen. Hori dela eta, kirurgia edo erditze ondorengo infekzioak nabarmen gutxitu ziren, eta ebakuntzak egiteko aukerak erabat zabaldu.
  • Antibioterapia: Bakterioak gorputzaren barnean hiltzeko gai diren substantziak dira, eta barreiaturiko infekzioak gelditzeko erremedioa beraz. Historian agertu ziren lehen antibiotikoak sulfamidak izan ziren, baina toki berezia hartu izan dutenak Fleming eta bere penizilina dira.
  • Inmunitatea eta txertoak: Gorputza bakterioei (mikroorganismoei orokorki) aurre egiteko gauza da, baina horretarako egun batzuk behar ditu. Babes edo inmunitate hori aurrez sor genezake gorputzera arriskutsua ez den ahulduriko edo hildako bakterio bat sartuz, txertoa emanez alegia. Horrela, infekzio baten ondorioz bakterio “arriskutsua” agertzen bazaigu, lehendik sortu ditugun gure defentsek berehalakoan deuseztatuko dute. Bide honen izar nagusia Pasteur izan zen.

Beste ikertzaile eta zientzialari ugari ere aipa genitzake, tuberkulosiaren baziloa deskribatu zuen Koch esaterako. Bide eta aukera horiek, infekzioak ekidin eta sendatzeko modua eman digute, eta egun, gure inguruan bizi-itxaropena 80 urte ingurukoa da. Ehun urtean 30 urte gehiago bizitzea lortu dugu beraz, elikadura eta higienean eman diren hobekuntzek ere lagundurik.

Egoera honek, giza-psikologian ere aldakuntza nabarmenak ekarri ditu. Horrela, infekzioak ia heriotzaren sinonimo izatetik, arazo konpongarri bihurtu dira, eta ez diegu arretarik eskaintzen. Antibiotikoek berriz, toki magikoa hartu dute gure buruan, eta ia denetarako erremedio bihurtu dira. Baina egia al da hori? Infekzioetatik libre al gaude benetan? Egoera bera al da mundu guztian? Gure “urrezko kaiola” honetan ez al zaigu ezer gertatuko?

Infekzioak gure inguruan.

Aurrez esan bezala, infekzio askoren kontrola lortu dugu, eta gure inguruan bosgarren postuan daude heriotza eragileen artean. Hau hala izanik ere, infekzioek hiltzen jarraitzen dute. Urtero, meningitisak hainbat heriotza eta garuneko lesio eragiten ditu, ordu gutxitan kalte izugarria egiteko gai delako. Meningokokoaren aurkako txertoa (hala izena du meningitisa sortzen duen mikroorganismo honek) aurrerapen handia litzateke beraz.

Baina hain deigarriak ez diren infekzioek ere hiltzen dute. Pneumoniak esaterako, ehun hildako baino gehiago eragin zituen iaz Gipuzkoan, edo gernu-infekzioen ondorioz kasu larri asko ikusten ditugu. Arriskua hor dago beraz, gure inguruan bueltaka, eta infekzio larriak tarteka antzematen ditugu.

Hogeigarren mendeak bi egoera berri eman dizkigu gainera: infekzio nosokomialak eta HIESA. Lehenak ospitaleetan harturiko infekzioak dira, hau da, hasiera batean sendatzeko diren tokietan. Egun, erietxetan dauzkagun gaixoen %10ak infekzio bat jasaten du, eta konplikazio eta heriotza ugari eragiten dituzte. Egoera honen arrazoiak asko dira, ondoren azaltzen saiatuko naizenez. Alde batetik, geroz eta neurri erasokorragoak erabiltzen ditugu hainbat gaixotasunen aurka, kimioterapiak edo ebakuntzak esaterako, oso ahul dauden gaixoei ezarririk. Babesik gabe uzten ditugun gaixoak dira beraz, gaitz oso larrietatik sendatu nahian. Eta tratamendu hauek, gaitzak sendatzeko aukera ematen badute ere, infekzio arriskua asko handitzen dute.

Beste alde batetik berriz, antibiotikoen erabilera zabala dela eta, ospitalean geroz eta bakterio erresistenteagoak dauzkagu. Hau da, guk gaitz gogortu eta hautatu ditugunak. Bakterio horiei aurre egiteko bide gutxiago dauzkagu beraz, berez defentsa gutxiago dituzten gaixoei eragiten ari direnak gainera. Infekzio nosokomialak mundu mailako arazo bihurtu zaizkigu, eta beraien aurkako lana lehentasunezko arazoa da.

HIESAk defentsarik gabeko gaixoak sorrarazi ditu, infekzioei aurre egiteko gauza ez direnak. Hori dela eta, hogeigarren mendearen bukaeran hilkortasun handiko gaitza zen, eta medikuoi sekula ikusi gabeko infekzioak eman zizkigun. Gorputza, defentsarik ez duenean, berez hain erasokorrak ez diren bakterioek erasan dezakete, eta horiek tratatzeko bide berriak ikasi behar izan ditugu. Gaur egunean, HIESAren birusa gelditzeko gai diren botikak dauzkagu, eta egoera erabat aldatu da gure inguruan. Baina honekin, HIESA txiroen gaitza bihurtu da, beharrezko botiketara iristeko modurik ez dutenen gaitza. Infekzioak gaitz sozial bihurtu dira neurri batean, eta medikuntza, kontsumorako eta politikarako gai bat gehiago. Zilegi al da hau? Non dago neurria? Gure zilborrari begira bizi al gara?

Antibiotikoak eta erresistentziak.

 Aurrez esan bezala, antibiotikoak zabaltzen ari diren infekzioei aurre egiteko tresna dira, eta horrekin lehen hilkorrak diren gaitzak sendatzeko modua daukagu. Baina antibiotikoen erabilera okerra egin da oso. Modu ia mitologikoan, sukarra daukagun egoera guztien aurrean erabili ditugu, asko eta askotan inolako eraginkortasunik gabe. Hotzerian esaterako, inolako onurarik ekartzen ez duten arren, gaixo ugarik eskatzen dizkio bere medikuari , eta okerrago oraindik, mediku askok eman izan ditugu. Edo amigdalitis kasuen %80an balio ez dutela jakinda ere (angina ohikoetan), ia guztietan erabiltzen ditugu. Antibiotikoen erabilera zabal eta kontrolik gabeko honek erresistentzien arazoa ekarri digu. Bakterioak ohitu egin dira antibiotikoekin harremanetan egotera, eta beraien aurkako babesak garatu dituzte. Bide honetatik, penizilina ia eraginik gabeko botika bihurtu zaigu, eta bere erabilera ia hutsaren hurrengoa da egun. Eta duela hamar urte erabiltzen genituen antibiotiko asko ere eraginkortasunik gabe gelditu zaizkigu, botika berriak garatzera eta erabiltzera behartuz. Guzti honek, gastu ekonomiko handiaz gain, egoera larriago batetara garamatza: eta antibiotiko guztiak eraginik gabe geldituz gero, zer? Ez al ditugu berrogeita hamar urteren buruan zeharo “erreko”? Berriz ere XIX. mendera itzuliko al gara? Beharrik gabeko beldurrik sortu gabe, antibiotikoen erabilera zentzuzkoago bat egin beharko genuke, beharrezkoak diren kasuetan bakarrik errezetatuz, eta gizartean kezka hau zabalduz.

Erabilera oker hau eta erresistentzien arazoa ospitaletara ere iritsi da. Egun, ospitaletako bakterio asko eta asko erresistenteak dira, eta oso antibiotiko gutxi dauzkagu beraien aurka. Hori dela eta, ez da arraroa infekzio hauek dauzkaten gaixoak isolatzen aritzea, ospitalean broterik zabaldu ez dadin. Medikuok ere zertan ari garen pentsatu beharra daukagu, antibiotikoen erabilera zentzuzkoagoa eginez, eta bestelako neurriak proposatuz.

Infekzioak herrialde txiroetan.

XIX. mendera arte infekzioak mundu guztiko arazo ziren. Iraultza zientifikoarekin baina, neurri guztiak ez dira berdin zabaldu, eta herrialde txiroenetan infekzioak heriotza eragile handi izaten jarraitzen dute. Beren bizitza itxaropena askoz laburragoa da beraz, eta medikuntza bera ere, ekonomiaz gain, politika egiteko neurri baztertzaile bihurtu zaigu. Oraindik ere, milioika pertsona hiltzen dira munduan berez sendagarriak diren gaitzen ondorioz: haurren gastroenteritisa, erditu ondorengo infekzioak, pneumoniak, kolera… Noiz emango dizkiegu honi aurka egiteko moduak? Beraien arazoa bakarrik al da?

Zientzia eta ikerkuntza bera ere diskriminatzailea da neurri handi batean. Herrialde aberatseko gaixotasunak eta hauen aurkako neurriak ikertzen ditugu gure laborategietan, hiperkolesterolemia edo gizentasuna esaterako. Herrialde txiroenetako gaixotasunez ez gara arduratzen ordea, hauetariko gehienak bertan gertatzen diren infekzioak izanik. Noiz izango dugu malariaren aurkako txertoa? Zenbat milioika pertsonek hil beharko dute lehenago? Behin aurkituta, turistontzako erremedioa izango al da, edo berdin zabalduko al dugu? Nork ezagutzen ditu Chagas-en gaixotasuna, edo beste hainbeste infekzio? Zientzialariak ere baztertzaileak al gara?

Inguru honetan, aipamen berezia merezi du HIESAk. Gaur egunean, herrialde aberatsetan gaixotasun kontrolagarria denean, herrialde pobreenetan milioika hildako eragiten ditu. Afrikako zenbait herrialdetan bizitza itxaropen orokorra 40 urtetik berakoa da HIESAren ondorioz, eta benetako pandemia edo infekzio zabaldu bihurtu zaigu. Hau al da beraien izurria? Erremedioa badela jakinik, ordaindu ezin duten prezioan eskaintzen diegu, patentea botikak sortu dituzten multinazionalen eskuetan daudelako, eta hauek dirua egitea dutelako lehen helburu. Egoera honen aurrean, hainbat gobernuk botikak beraiek fabrikatzea erabaki dute, patenteei kasurik egin gabe, prezio merkean gaixoak tratatzeko modua izan dezaten. Dena zilegi al da negozioaren izenean? Ondo ari al gara? Denborak erakutsiko digu bidea. Bakterioek bizirik jarraitzen dute XXI. mendean.

Gora