Gustav-eko Koadernoak
RSS sindikazioa
Gustav-eko Koadernoak

Zarauzko Udala
Elkarte Honek Zarauzko Udalaren Laguntza Jasotzen du

Gipuzkoako Foru Aldundia

Eskaileraz

Martin Etxeberria Zuloaga | Maiatza, 2008 | Inprimatu Inprimatu

Eskailera, ezkilara, escalera, escalier, échelle, eskala, scala, zurubia.
Honela mugatzen digu hitz honen esanahia Elhuyar-en Hiztegi Entziklopedikoa-k: Eskailera: Eraikin bateko edo lurzoruko bi maila edo bi planta desberdinen arteko komunikazioa egin ahal izateko jartzen den maila-sail kateatua, zurubia. Eta Zurubi: Eskailera arina, zurruna zein tolesgarria.

Eguneroko bizitzan maiz aurkitzen dugun baliabide honetaz ihardungo dugu hurrengo lerrotan, ikuspuntu desberdinetatik begiratuz.

Izan ere, tresna edo makina arrunta izanik ere, edo horregatik, agian, helduleku nahiko desberdinak eskaintzen dizkio gure gogoetari.

Erabilera eremu aberatsekoa azaltzen zaigu eta hizkuntzaren barrutian ere adiera anitzez hornituta. Etxegintzan, artean, musikan, jokoan, lanbide desberdinetan,… aurkitzerik dugun elementu honek badu baita ere erabilerarik mundu sinboliko zabalago batean, nola erlijioan, hala filosofian nahiz psikoanalisian eta abarretan.

Aniztasun aberats hori besarkatzeko asmorik ez, halere, eta aski bekigu poliedroaren alde batzuk gainetik ukitzea.

Lerro hauek idazteari ekin bezain laster aspaldi samar ikasitako abesti jostalari baten doinua eta zatiak hasi zaizkit jira bira buruan:
Txukurrukutu kutuku/ Ez niri ukitu/ Aita ganbaran eta/ Ama sukaldean./ Aita ganbaran eta/ Ama sukaldean/ Neska mutilarekin/ Eskailerapean/ Txukurrukutu kutuku/ Ez niri ukitu/ Aita ganbaran eta/ Entzungo gaitu.

Egia esan, zergatik ez dakidala, beste esplizituago batekin uztartuta heldu zait:
Ukitu nion, ukitu nion…(jar beza bakoitzak nahi duen emakumezkoaren anatomiaren zatia)/ piskabat -beherago, gorago, barruago- señor doktore, señor doktore.

Garai bateko festa eta bilkuretan jai-giroan frankotan abestutakoak ditut bata ala bestea. Dena den eta oroimenak alde batera utziz, hor dugu gure lehenengo eskailera eta berak sortutako eskailera azpia. Leku ezkutua, baina, une berean, gozoa. Babestua eta babeslea. Amodiorako aproposa. Etxez kanpo natura beltza besterik aurkitzerik ez zegoenean, eskertzekoa izango zen, seguruenik, eskailera azpiko babesa.

Ez pentsa, halere, gune horren ezaugarri bakarra babes ematea denik. Beste zereginetarako gaitasunik ere badu, hala nola zaborrak, soberakinak, garbiketa-gaiak eta enparauak jaso eta ezkutatzeko.

Babes ala bilgune dena zigor leku ere gerta daiteke batzuetan. Begira, bestela, herritik jasotako ipuin ezaguna. Bertan, hara zigortzen du alabaorde ederra amaordeko krudelak bere alaba itsusien mesedetan. Alferrik, ordea. Izartxo salataria zoko horren gainean pausatuko baita neskatxa ederraren onerako eta amaordearen alaba zantarren kalterako.

Badago nire irudimenean aspaldian iltzaturiko irudia, latinaren Vox hiztegian bistaratua eta, harrezkero, eskailera hitza aipatu bakoitzean, gogora datorkidana. Erromatarren garaiko margolan nahiz mosaikoren batean, apika, oinarrituriko irudian bi gizon dakusgu eta bien artean zurubi luzeska. Zurubiaren bi mailen artean azaltzen digu bere burua gizonetako batek, besteak, aitzitik, ukitu ere egiten ez duelarik. Pailazo tankera hartzen diet (mimo deiturapean daude hiztegian, teatroaren sailaren barruan), eta egingo nuke Plauto-ren komediaren bat antzezten ari direla, lapurren baten abenturak irudikatuz edo. Bigarren pertsonaiak, dena dela, badu gure arreta mereziko zukeen berezitasun bat, kaduzeoa, Merkurio/Hermes mezulari-merkataria irudikatzen duela pentsarazten diguna.
Gure ahozko herri literaturan badago beste ipuin bat non eskailera-zurubia agertzen den. Itxuraldaturiko zurubia gure kasuan, denok buruan dukegun eskaileraren ordez printzesa gatibuaren adats luzeak, hain zuzen, eskaintzen baitio bere amoranteari Dorre garaiko goiko gela-espetxeraino iristeko egokiera eta parada. Freud Jaunaren lankidetza ez litzaiguke alferrikakoa izango une honetan, baldin eta eskailera zein adatsa, bakoitza, bere kabuz, esangura sexualez zamatuta balego, biek bat egindakoan hartutako adiera sexuala handiagotuaren interpretazioa burutzeko.

Psikoanalisiaren urak, dena den, handiegiak eta arriskutsuegiak iruditu zaizkit ia beti eta, oraingoan ere, nahiago dut ur horietan ez murgiltzea. Gatozen, beraz, eskaileraren adiera arruntago batera.
Gehienetan, ene ustez, etxearekin lotuta agertzen zaigu eskailera. Berdin dio zein forma hartzen duen edo zein garaikoa den. Eraikuntzarekin lotuta doala dirudi ia beti. Larousse-ren Entziklopedian irakurri dudala uste dut, eskaileraz ari dela, K.a. ko 3.000. urtean Mesopotamiako tenpluren bati atxikita azaltzen dela.

Ez dakit. Hain gutxi dira 5.000 urte! Hain gutxi ezagutzen dugu, bestalde, gure Mendebaldetik at dauden eta egon diren kulturak! Bost axola, azkenean, noiz azaldu zitzaigun lehenik edo, hobeto, noiz asmatu zuten gizakiek lehenik. Gorantz jo ahala asmatu al zuten? Edo, gorantz joan ahal izateko? Arraultzea edo oiloaren lehentasunaz galdezka hastea bezain aspergarria eta gogaikarria litzateke, agian, gai horretan tematzea. Utz dezagun, ondorioz, bere horretan, gure ezjakintasuna gehiegi harrotu gabe.

Etxearekin lotuta azaltzen zaigula eskailera esan dugu arestian eta horri eutsiko diogu hurrengo lerrotan. Ildo horretatik, ekar ditzagun hona Peñaflorida-ko Kondearen edo Azkoitia-ko beste zalduntxoren baten- Montehermosoko markesarena, seguruenik- gogoetak. Etxearen erosotasunaz iharduten duelarik, arreta berezia damaio eskailerari Discurso Sobre La Comodidad De Las Casas, Que Procede De Su Distribución Exterior E Interior delakoaren egileak.

Egia esan, Real Sociedad Bascongada de Amigos del País-ek Gasteizen 1776an argitaraturiko aipatu diskurtsoan egileak ez ditu eskaileren zertzelada guztiak aztertzen. Etxearen erosotasuna, komodidadea, hartzen du ikuspuntu nagusitzat. Alde horretatik begiratuta, beraz, haren kokagunea, zabalera nahiz beste zenbait zertzelada zehazten ahaleginduko da. Ezin dugu, dena den, ahaztu nobleen etxeez ari dela, egilearen esanetan ezin baitira denak modu berean eraiki:

Las casas de los Principes y Nobles, dice Vitrubio, se forman con zaguanes y entradas Reales, altos los corredores y espaciosos, los patios muy anchos, bosques, arboles, paseos, y todo acabado con hermosura y riqueza de materia. Deben corresponder à ésto las habitaciones. A los Magistrados les convienen casas que tengan la capacidad suficiente para presidir juicios públicos, determinar pleytos particulares, y dár sentencias. A los Abogados las que sean aproposito para dár audiencia à sus clientes. Los Mercaderes deberán tener en las suyas almacenes y tiendas hermosas y seguras. La gente del campo cuevas, graneros, bodegas y demás comodidades para guardar sus frutos. La gente de pueblo tendrá en fin en sus alojamientos lo que necesita para vivir con decencia y con abrigo. (Discurso…/Edición de 1990 del COAVN /pág 80).

Nobleen etxetan eskailerak duen zereginatik darion ezaugarri multzoa zertzen ahalegintzen da egilea: Se requieren en las escaleras nueve condiciones para que salgan suaves, sólidas y hermosas. Primera: La eleccion de sitio. Segunda: La capacidad. Tercera: La forma. Quarta: La luz. Quinta: La construccion. Sexta: La altura y anchura de las gradas. Septima: La corriente de los tramos. Octava: Las mesillas ò descansos. Novena: El adorno. ( op.cit. / 115. orrialdea).

Aipatu Diskurtsotik bi ohar besterik ez dut hona ekarriko. Eskailerak, batetik, ezin dezake inguruko naturarekin etxeak izan behar duen harremana zapuztu; ezingo da, beraz, ate nagusiaren eta lorategira ematen duen atearen artean erdiz erdi kokatu, alboratuta baizik, ardatz nagusia hautsi ez dezan: Parece que la escalera siendo la parte de la casa mas precisa y mas frecuentada, debría ocupar el sitio mas visible; y sin duda fundados en este razonable principio muchos Arquitectos situaron la escalera en el centro del edificio, à fin que se descubriese desde luego por el que entraba, y comunicase con mayor igualdad à las habitaciones construidas à derecha è izquierda de la casa. Pero colocada asi la escalera, se advirtió que ocultaba la bella vista que desde el patio se podía dár al jardin, y que ocupaba mucho terreno por lo que con su tirantéz se introducía en el seno del edificio. Para acudir à este inconveniente, y no interrumpir ni ocultar la vista del jardin, se pensó situar la escalera sea à derecha ò sea à izquierda del zaguan, que debe ocupar el centro de la casa, para que desde luego que se entre en este zaguan, se descubra. ( op. cit./ 116 eta 117. orrialdeak)

Eskailerak, bigarrenik, goitik behera zein datorren eta zein doan behetik gorantz garbi ikustea ahalbideratu behar du:

3. Las escaleras grandes que rematan en el primer suelo, deben construirse de modo, que el que haya subido, vea desde el balcon del ultimo descanso el primer paso del planterreno, y los que ván subiendo, descubran desde luego la bóbeda de la escalera, sin tener encima de sus cabezas nada que les limite la vista. (op. cit/ 131. orrialdea)

 biei, eta, ausaz, baita hirugarren bati ere, nahiko tokia eskainiz:

La escalera de tabla con su varandilla de hierro labrado, è iluminada de alto à bajo por un lucero. Que tenga bastante espacio para que (en las casas mas considerables) tres personas puedan caminar por ellas sin codearse. ( op.cit./ 101. orrialdea).

Aurreneko oharrari, lehenengo begiradan, ekologia kutsu dezente dariola deritzot, nahiz Diskurtsoko ekologiak gaurkoaren antza gehiegirik ez duen. Izan ere, Diskurtsoaren egileak dioen bezala: Un jardin en una Ciudad es un gran recurso: la ventilacion que facilita al edificio, la bella vista, las flores, las frutas y las ensaladas lo constituyen, precioso. Tiene uno en su casa el paseo, que encuentra à todas horas sin haberlo de ir à buscar fuera: vá a medio vestir, no vé sino los que quiere vér, y se libra de importunos. Si el terreno es capáz, se debe tener patio y jardin à un tiempo, observando quanto sea posible situar el jardin de modo, que las vistas de los vecinos no dén à él.(op. cit./ 82.-83. orrialdeak) Bigarrenari, aldiz, gizartekoiagoa dela deritzot. Hitz gutxitan, giza hierarkia eta sozial ohiturak modu nahiko argi eta nabarmenean ispilatzen dituela uste dut.

Bigarren oharraren haritik, beste testuingurutan bada ere, maiz aski entzundako esaldiren batzuk datozkit burura, hala nola: “Las escaleras son para subir y bajar”. Leku nahikoaren eskakizuna, berriz, bizitza sozial eta politikoa kontuan hartzen baditugu, modu ironikoan ere antzeman dezakegu,.
Oso bestelako giroan murgiltzen gaitu aipatzera noan azken lekukoak. Aurreko lerroetan, nekazal giro xumetik, baserriko eskaileratik, giro hiritar harrandiotsura, nobleziaren jauregietako eskailera dotoretara, egin dugu jauzi. Hori egitean, ordea, tartean, hor nonbait gelditu zait haurtzaroko oroipena: gure ama zenaren kale-baserriko eskailera.

Hiru eskailera zituen eraikuntza hark: ukuilura jaisteko lehena; gelak zeuden solairura igotzeko bigarrena; eta, handik ganbarara heltzeko, hirugarrena. Etxe hartan udaro elkartzen ginen haur-multzoarentzat bazuen bigarrenak zerbait berezia: zapaldua izandakoan, eskailera-burura iritsi aurreko mailaren batek ateratzen zuen soinua, hain zuzen. Geletan ezinezko siesta batera bilduta geunden haurrei mailaren intziri hark salatzen zizkigun amonaren edo izebaren mugimenduak. Harri esker genekien norbait igotzen edo jaisten ari zela, bere siesta bukatuta eta ilea apain atondu ondoren bazihoala amona solairu hartatik, edo…

Isiltasuna, edo, hobeto esanda, lozorroaren isiltasuna irudikatu nahi zuen zarata gabezia sorrarazten zuen intziri hark. Gure ama zenaren kale-baserriko egurrezko eskailera hura eskailera salataria zen. Gure joko eta jolasei hasera ala bukaera ematen zien eskailera abisu-emailea.

Gorago esan dudanez, oso bestelakoa da Ludwig Wittgenstein-ek aipatzen duen eskailera. Salataria nahiz abisu-emailea izan ordez, iruzurgilea da Wittgenstein-en eskailera, ia ezinezkoa izateaz gain.

Honela dio bere Tractatus Logico-philosophicus-eko 6.54 pasartean:
Meine Sätze erläutern dadurch, dass sie der, welcher mich verstehet, am Ende als unsinning erkennt, wenn er durch sie-auf ihnen- über sie hinaugestiegen ist. (Er muss sozusagen die Leiter wehwerfen, nachdem er auf ihr hinaufgestiegen ist.)
Er muss diese Sätze überwinden, dann sieht er die Welt richtig.
(Alianza Universidad,1981)
Honela hitz eginarazten dio euskaraz José Luis Alvarez Santa Cristina-k:
Ene perpausek zentzu honetan argitzen dute, alegia entelegatzen nauenak zentzugabekeriak bailiran hartzen ditu azkenean, berau, perpaus horiei esker-horien gain-, berorien haraindian igo denean. (Igo ondoren, zurubia bota egin behar du, nolabait esatearren).
Perpausok gainditu egin behar ditu, orduan ikusiko du zuzen mundua.
(EHU/UPV, 1990)

Honela dio, era berean, bere Vermischte Bemerkungen-eko 1930eko ohar batean:
Podría decir que si el lugar al que quiero llegar estuviera al final de una escalera, renunciaría a alcanzarlo. Pues allí adonde quiero llegar verdaderamente debo estar ya de hecho.
Lo que pueda alcanzar con una escalera, no me interesa.(…)
(Observaciones, 1986).

Esan nezake: iritsi nahi dudan tokira heltzeko eskailera batetik igo beharko banu, haruntza iristeari uko egingo nioke. Iadanik egiazki egon behar baitut benetan joan behar dudan tokian.
Ez zait eskailera baten bidez eskuragarria dena interesatzen.(…)
(Ohar nahasiak,)

Ez du, antza, oso gogoko eskailera Wittgenstein-ek. Baina beharrezkoa du, halere. Ostiko batez berarengandik urrutiratzeko besterik ez bada ere. Izan ere, nola iritsi bestela, nolabait mugatuz, hark das Mystiche deitzen duen eremura? Garbi dago Ludwig-en eginahalen xede nagusia erlijioaz, etikaz eta estetikaz osaturiko eremura iristea dela. Munduaren ezagutza zientifikoak ez du inolaz asebetetzen. Bizitzaren zentzua du galdegai nagusia. Eta, erratza eskutan hartuta, eremu horren ingurua astintzera eta garbitzera emana azaltzen zaigu Tractatus-ean.

Objektuak, gertaerak, perpausak, logika, matematika, natur zientzia mota desberdinak, filosofia bera sare estuko galbahetik iragazten saiatzen da, nora iritsi nahi duen inon garbi adierazi gabe. Gero jakingo dugu, hark berak esana, Etika dela Tractatus-eko eginahal hauen guztien helmuga:

Mi trabajo consta de dos partes: la expuesta en él más todo lo que no he escrito. Y es precisamente esta segunda parte la importante. Mi libro traza límites a la esfera de lo ético como si fuera desde el interior, y estoy convencido de que ésta es la única manera rigurosa de trazar esos límites. (Ludwig von Ficker-i idatzitako gutunetik, Tractatus-az ari delarik).

Dena den, zerekin topo egiten du azkenean Tractatus-aren ibilbidea egiten duenak? Ezusteko galantarekin, lehen begiradan. Izan ere, zazpigarren atalburuko esaldi bakun, gogor, ezaguna ustekabean aurpegiratzen digu Ludwig-ek, Tractatus-ari amaiera emanez:

7. Wovon man nicht sprechen kann, darüber muss man schweigen. (Alianza)
7. Mintza ezin daitekeenari buruz isildu egin behar da. (EHU/UPV)

Horren aurrekoa da, hain zuzen, 6.54 pasartea. Badirudi hortxe biltzen duela Ludwig-ek eginiko ahaleginen desegokitasunaren aitorpena. Eta aitorpen horri atxikitzen dio eskaileraren lehen aipua.

Zein da, ordea, bai hor eta baita Vermischte Bemerkungen-eko 1930eko oharrean ere aipatzen digun eskailera?

Objektuak adierazten dituzten izen esanahidunez (Bedeutung) osaturiko perpaus zentzudunek (Sinn) gertaerak nolakoak diren esaten digute, gertaerez osaturiko mundua era frogagarrian deskribatuz. Hori dugu natur zientzien mundua. Haiek (perpausek) ez dute, ordea, etika nahiz estetikaren eremu mistikoa deskribatzen, ez baitago eremu hori gertaera deskribagarriz osatuta, eta , Ludwig-en esanetan, horrelako perpausen multzoak osatzen badu mundua deskribatzen duen hizkuntza, ez dago, haatik, eremu mistikorentzat ez mintzo, ez ele, ez hizkuntza egokirik.

Mistikoak isiltasuna du galdatzen. Zientziari egokituriko hizkuntza arbuiatu egiten du. Etika ez da gertaera posibleen deskribapenean ainguratzen. Gertaera guztietatik at dihardu, gertaera guztiei bere legea ezarri nahian edo.

Gertaera eta Etikaren artean gaindiezinezko aurkatasuna azaltzen digu Ludwig-ek. Bere sotiltasunean gertaera ez da etikoa, ez da ona ala txarra, egiazkoa ala faltsua baizik, hau da, esperientziak baieztatua ala ezeztua, gauzatua ala posiblea. “…egin behar da/ez da… egin behar” gisako elementuak bere baitan dituzten perpausek, beraz, ez dute inolako gertaerarik adierazten, ez dute, ondorioz, esanahirik eta ez digute gertaerez osoturiko mundua deskribatzen, ez zuzen eta ezta oker ere. Zentzugabeak dira, horrenbestez, perpaus horiek.

Badirudi, beraz, 7. atalburuko esaldi bakar horren agindura derrigortuta gaudela, hau da, isiltzera. Ez da hori, halere, erabat ziurra eta ez da hori, bestalde, Ludwig-ek berak egin duena. Izan ere, alde batetik, badago bere azken perpaus horretan hitz bitxi, berezi bat: “muss” (Wovon man nicht sprechen kann, darüber muss man schweigen.). Enrique Tierno Galván-ek ez bezala (De lo que no se puede hablar, mejor es callarse) J.L.Alvarez Santa Cristina-k honela ematen diguna: (Mintza ezin daitekeenari buruz isildu egin behar da.). Etikaren hitz sakratuak, giltzarriak, isten du, horrenbestez, berari buruzko berriketa/eleketa isila. Etikaren izenean onartzen eta onesten baita berari buruzko isiltasuna. Bere burua azaltzeko modua ote da?

Antzeko zerbait egin digu Ludwig-ek aurreko 6.54 pasartean. Bere perpausei zentzugabekeria dariela diosku, batetik, eta ikuspegi logikotik begiratuta erabat arbuiagarriak direla eta zientziaren ikuspegitik begiratuta zentzugabeak direla onartuko duela edozeinek, bestetik. Azken hau, bi baldintza betez gero gertatuko da, halere. Ludwig ulertzea da lenengo baldintza: welcher mich versteht/ entelegatzen nauenak/ quien me comprende. Perpaus zentzugabe horiek balizko eskailera baten mailak bezala erabiltzea da bigarrena: Wenn er durch sie-auf ihnen-über sie hinausgestiegen ist./ berau, perpaus horiei esker- horien gain-, berorien haraindian igo denean./ siempre que el que comprenda haya salido a través de ellas fuera de ellas.

Hori irakurrita, berriro datorkit burura Vox Latinezko Hiztegian ikusitako irudia. Izan ere, hango lehen pertsonaiak ere bere burua ateratzen du zurubiaren mailen artean eta badirudi begira duela bigarren pertsonaia, Merkurio/Hermes delakoa.

Ezinbestekoa zaigu, beraz, L. Wittgenstein-i jarraituz, zientzien hizkuntza erabiltzea eremu mistikora heltzeko. Zientziaren perpaus zentzudunak arbuiatzean datza, horrenbestez, mistikora iristeko bidea. Aitortu beharra dago, beraz, ordu arte zentzuduntzat hartutakoa zentzugabekeria gisa ikusi beharra dagoela mistikora iritsi nahi bada. Nietzschek aldarrikatzen zuen gisa, balio guztien nolabaiteko transbaliakuntza burutu behar da, horrenbestez.

Ez da zientziaren zentzuzko diskurtsoak Etikaren diskurtsoa zentzugebetzen duena, alderantziz baizik. Dena den, horra iristeko, zientziaren agizko ibilbide zentzuduna egin beharra dago, hark berarekin ezinbestean dakarren Etikaren gaitzespena agerian gel dadin eta hartara iritsi denak, bere barruko erreboltari so eginik, etika ezin daitekeela horrela arbuia ozenki aldarrika dezan.

Ongi adierazi ezin duen errealitate sendo bat baitago, 1929ko edo 1930eko Hitzaldi bat Etikaz delakoan garbi azaltzen duenez:
Orduan, zer dugu denok, nik bezala oraindik ere , e.a. bezalako esapideak erabiltzeko joera dugunok, zer dugu gogoan eta zer saiatzen gara adierazten? (Hitzaldi bat Etikaz)

Bukaeran, berriz, beste hau diosku:
Hark (Etikak) dioenak ez dio ezer gehitzen gure ezagutzari, inolako zentzutan. Baina giza gogoaren joera baten agiri bat da, nik neuk, ezinbestean, begiramen osoa diodan eta nire bizitzan trufa egingo ez niokeen agiria. (Hitzaldi bat Etikaz/ bukaera)

Behin iritsiz gero, halere, ez dago itzulerarik. Zurubiak ez du garrantzia iraunkorrik. Mistikoaren baitan gelditu beharra dago, zurubia botaz (muss berriro). Perpausok gainditu behar ditu (muss), hizkuntza, beraz, ( -esanahidun perpausen multzo osoa- Wittgensteinen definizioaren arabera) mistikora iritsi nahi duenak.

Eta orduan, [sieht er die Welt richtig]/ [ikusiko du zuzen mundua]/ [entonces tiene la justa visión del mundo] (Tractatus / 6.54). Richtig/zuzen/ justa. Hitz horretan bildu du Wittgensteinek bere ikuspegia. Hor dago gakoa, nire ustez; zientzien mundua –Welt- zuzen ikusi ahal izateko, bere benetako mugetan ikusi ahal izateko, bere barrutik abiatuta bada ere, Etikara jauzi egin beharra dago. Orduan azalduko zaizkigu Welt horren mugak eta gabeziak, bere errotikako zentzugabekeria, ezin baitezakegu ahantz richtig horrek daraman zama etikoa. Gorago aipatu gutunean dioen bezala:
En breve, creo que allí donde muchos otros no están hoy en día haciendo más que asfixiar con gas, he acertado en mi libro a ponerlo todo en su sitio de una manera firme, guardando silencio sobre ello. ( Ludwig von Fricker-i eginiko gutunetik)

Ez dakit, hark eskatu bezala, Ludwig ulertzen –entelegatzen- ari naizen. Dakidana zera da: etikaz, estetikaz eta erlijioaz arduratu zela beti; eta ardura, kezka nahiz konpromezu hori gabe nekez uler daitezkeela haren bizitzako zenbait jokaera. Musikaz eta edertasunaz inguratuta bizi zena etikaren suarrak kiskalita agertzen zaigu. Horregatik, agian, madarikatzen du eskailera. Iadanik bera erresuma horretan dagoelako. Ez du nahi inork bidea erakuts/egin diezaion. Ez du gidaririk behar, berak dioen bezala:
No es posible guiar a los hombres hacia lo bueno; sólo puede guiárseles a algún lugar. Lo bueno está más allá del espacio fáctico. ( Vermischte Bemerkungen, 1929/ Observaciones: siglo veintiuno editores/ 1986)

Behin erabiliz gero, beraz, zurubia zapuztu beharra dago.

Hemen uzten dut, azkenik, eskaileraz paratutako lantxo hau. Pozik nintzateke, gogoetarako baliagarritzat joko balu norbaitek. Halakoaren esperoan ematen diot bukaera bada.

Gora