Gustav-eko Koadernoak
RSS sindikazioa
Gustav-eko Koadernoak

Zarauzko Udala
Elkarte Honek Zarauzko Udalaren Laguntza Jasotzen du

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gustav Ontziaren Hondoraketa Zarauzko Hondartzan

Xabier Alberdi Lonbide | Maiatza, 2008 | Inprimatu Inprimatu

GustavJoandako otsailaren 12ko goizaldera izandako denborale latzak, txikizio ugari eragiteaz gain, urte askoan hondarpean egondako Gustav itsasontzi zaharraren saihetsak agerian utzi ditu, gure historia luzearen atal hau ahantz ez dezagun edo. 1874ko azaroren 12an ekaitz gogorrak astindurik eta beste erremediorik ezean, Karlisten gudarosteak setiatua zuen Getariako kaira zuzendu zen Gustav bergantina babes bila. Itsasoaren haserreak eragindako arriskua gutxi ez bazen, Karlistek Zarauztik egindako tiroek oraindik zailagoak egin zituzten ontzia Malkorbeko badian amarratzeko egin beharreko maniobrak. Gaua gainean zutela, ontzia hala nola amarratua utzi eta ahal bezain azkar alde egin zuten tiro artean lehorrera bere tripulazioko kideek eta laguntzen aritu zitzaizkien Getariako txalupek, ontzia petrolioz zamaturik baitzegoen gainera. Zakurra ezik beste inor ez zen ontzia zaintzen geratu, baina arratsean ekaitzak gogortzera egin zuen eta amarrak etenda, hurrengo goizean Zarauzko hondartzan azaldu zen Gustav, kanal aldean, egungo golf zelaiaren aurrean, enkailo.

Karlistek, Getarian setiopean zuten etsaia hornitzera zetorren ontzi bat zelakoan tirokatu zuten Gustav eta erasopean behar bezala amarratu ez izanaren ondorioz, ontziaz jabetzea lortu zuten. Liberalen itsas armadak ezarritako merkatal isolamendua jasaten zuen gudaroste eta gobernu karlistarentzat benetako altxorra izan zen Gustav-en petrolio zama. Bazirudien, azkenean naturako indarrek ere beren alde egitea erabaki zutela… Historian zehar, ordea, naturak aberastasunez eta dohaiez bedeinkatu dituen herrientzat, horiek izatea madarikazio iturri bat besterik ez da izan, gizakiok ez baititugu inoiz errespetatzen naturak dohaiez betetako herriak. Oraingoan ere naturak emandako laguntza honek prezio handia izan zuen, Alemaniako estatuak guda erasotzat hartu baitzuen Gustav-i gertatua eta bi guda ontzi alemaniar aritu ziren Karlistek Garate gainean zituzten gotorlekuak bonbakatzen. Dirudienez, bertan egin omen zen, benetako guda batean, Krupp enpresa handiak ekoiztutako kanoi berrien lehen froga. Antzerako zerbait gertatuko zen 70 bat urte beranduago alemaniarrek Gernikan egindako hegazkin-bonbaketarekin; kasu honetan ere gerora II. Mundu Gerran erabiliko ziren arma eta eraso taktika berrien lehen froga izan zen.

Gertakari hau oso arriskutsua gertatu zen karlistek ordurako, beren errege Carlos VII.a buru zutela, Euskal Herrian eratua zuten Espainiako erreinu edo estatu legitimo txikiaren bizi iraupena ziurtatzeko. XIX. mendeko Europako historia Absolutismoaren pentsakeraren ondorengoak ziren indar eskuindarren eta Iraultza Liberalaren ondorengoak ziren indar ezkertiarren arteko gatazkek moldatu zuten. Testuinguru horretan, Europa estatu liberal nagusiak (Ingalaterra eta Frantzia) Espainiako liberalen alde azaldu ziren Guda Karlistetan, aldiz, Alemania Karlisten aldeko zelarik. Beraz, Gustav ontziaren aurkako erasoak kinka larrian jarri zuen karlistek Europan garatutako diplomazia osoa, beren aldeko agertzen zen estatu nagusienaren, Alemaniaren, haserrea eragin baitzezakeen, ondorioz nazioartean isolaturik gera zitezkeelarik.

Gustav-eko tripulazioaren abenturak ez ziren, gainera, 1874ko azaroaren 12ko arrats ekaiztsu hartan bukatu; ontzia itsasoak Getariatik Zarautzera eraman zuela ikusirik, beharrezko baimenak eskuratu ondoren, kapitaina eta pilotoa ere Zarautza etorri ziren ontziaren kargu egitera. Gerra dela eta ez dela, Gustav salbatzeko aukerarik ez zutela ikusirik, azkenean bere petrolio zama saldu egin zuten bertan. Eginbehar horietan 1875eko otsailaren 7ra arte egon ziren bi alemaniarrak Zarautzen ostatu hartuta. Zehazki, geroago Zarauzko mediku ospetsua izango zen Don Evaristo Urangaren amonak, Felipa Iburuzqueta de Amezti izenekoak bere etxean hartu zituen 55 egunez. Bitarte horretan ere estuasun faltarik ez zuten izan bi marinelek, izan ere Zarautzera iritsi eta gutxira liberalek beren esku hartu baitzuten herria. Begira Don Evaristo zenak orain dela 35 urte zer zioen Zarauz reina de las playas aldizkariko 3. alean:

…Estaban alojados en casa de mis abuelos cuando bajó del monte Santa Bárbara una partida de miqueletes, mandados por Prudencio Arnao. El capitán y el piloto alemanes, para defender la casa, pusieron en el balcón la bandera alemana y gritaban en voz alta: <<¡Alemanes!>>; pero fueron tiroteados, hasta que se dio cuenta el jefe y ordenó parar el fuego, evitando así males mayores.

El jefe Arnao con algunos de sus oficiales subieron a la casa de mis antecesores a saludarles, lo mismo que a los marinos alemanes, pidiéndoles que les dispensaran lo que habían hecho, porque fue involuntario. Desde este día la casa fue respetada, tanto por los carlistas como por liberales, pues no se retiró la bandera.

El que mandaba a los miqueletes, don Prudencio Arnao Basurto era natural de Guetaria. De origen muy humilde, a los 18 años ingresó en el cuerpo de miqueletes, cuerpo en el que obtuvo la laureada de San Fernando en la operación de Sistiaga borda, en el monte de San Marcial de Irún, donde asaltó las trincheras en unión del teniente Uranga; entre los miqueletes no ha habido más laureados. El año 1900 ascendió a General y actualmente existe una calle de su nombre en la vecina villa.

Pese a todos los esfuerzos, el <<Gustavo>> no pudo ser salvado y quedó abandonado en el mismo sitio donde varó…” (URANGA, E.: “Naufragios en Zarauz”, Zarauz reina de las playas, 3 (1973).

Horrela igaro zen Gustav ontzia, garraio lanetan aritzen zen bergantin arrunt bat izatetik gure historiako beste atal bat izatera; hobe esanda tiroka sar arazi zuten gure historian. Izan ere, gure historia luzeko azken bi mende t’erdi hauetan nahiko maiz entzun dira gure herrian tiro hotsak; besteak beste, aipatzekoak dira euskaldunon arteko harremanak odoleztatu dituzten gertakari negargarri hauek:

  • 1789ko Frantziar Iraultzaren ondoren Lapurdiko probintziako, Behe Nafarroako erreinuko eta Zuberoako berezko erakundeak eta haien aldekoak suntsituak eta erailak izan ziren.
  • Konbentzioko Gerran (1794-1795) Frantziar gudarosteak Hego Euskal Herria inbaditu ondoren Iraultzaren aldekoen eta Absolutismoaren aldekoen arteko borrokak hasi ziren.
  • Napoleonen edo Independentziako Gerran (1808-1813) ere gertakari berdina jazo zen.
  • Hirurteko Liberala deritzon monarkia konstituzional garaiak (1820-1823) ere liberalismoaren eta absolutismoaren aldekoen arteko guda eragin zuen, azkenean Frantziar gudarostearen inbasioa gauzatuz.
  • Inbasioaren ondoren Fernando VII.-a erregeak absolutismoa ezarri zuen indarrez hamar urtean zehar liberalismoaren aldekoak gogor zanpatuz.
  • Fernando VII.aren heriotzarekin Lehen Guda Karlista (1833-1839) deritzon guda zibila gertatu zen bere alaba Isabel II.aren aldeko ziren liberalen eta bere anai Carlos V.aren aldeko ziren Karlista edo absolutisten artean.
  • Azken Guda Karlista (1872-1876) piztean berriz ere bi talde horiek elkarren aurka burrukatu ziren. Canovas del Castillok, Martinez Campos jeneralaren estatu kolpeari esker, 1874an Alfonso XII.aren monarkia konstituzionala ezarri zuen eta 1876an gerraren amaierarekin Foruak suntsitu zituen.
  • XX. mende hasieran monarkia konstituzionala ezinean zebilela eta Primo de Riberaren diktadura (1923-1930) ezarri zuen Alfonso XIII.ak.
  • 1931an ezarritako II. Errepublikak ez zituen euskal autogobernu gogoak entzun, 1936an Guda Zibila hasia zen arte autonomia estatuturik eman ez zuelarik.
  • Guda Zibila (1936-1939) amaitu ondoren Francoren diktadura luze eta odoltsua ezarri zen 1975ean hil zen arte.
  • Diktaduraren azken hamarkadetan eta Transizio garaian eskuin eta ezker muturreko zenbait talde terroristen ekintza odoltsuak indartu ziren (Guerrilleros de Cristo Rey, ETA, GRAPO, GAL,…); oraindik ere, mende hasiera honetan konpondu ez den arazo bati hasiera eman zitzaion beraz.

Esan liteke hondarpean ezkutatuta dagoen gure historiaren ahazturaren metafora moduko bat dela Gustav. Errealitate garratz baten metafora da Gustav ontziak itsasoarekin jokatzen duen ezkutaketa jokoa; noizbehinka hondarpetik azaltzen da bere amaiera bortitza eragin zuen errealitate triste eta odoltsua ahaz ez dezagun. Izan ere, urtero-urtero milaka eta milaka kanpotarren aisilekua den Zarauzko hondartza paregabe hori bera da Gustav ontziaren eta bere historiaren ehorzlekua. Eta gertakari hau ez da gure azken bi mende t’erdi hauetan jasaten ari garen hausturaren lekuko bakarra; Zarauzko hondartzako hondarrak beste zenbait gertakari lazkarri estali ditu, denboraren hautsak balira bezala. Besteak beste, gure hondartzan lurreratu zen 1937ko ekainean afusilamendua helburu zuen zama lastimagarria zeramakien hegazkina: Euzko Jaurlaritzako Alfredo Espinosa osasun sailburua Toulouse-tik Santanderrera zeraman hegazkineko pilotuak traizionatu egin zuen eta Zarauzko hondartzan jeitsi zen. Ordurako zain zituen Francoren aldeko agintariak eta preso hartuta Gasteizera eraman zuten Espinosa eta bertan afusilatu zuten.

Historiaz jositako lurralde paregabea da gure hondartza eta nola ez Euskal Herri osoa. Gure paisaiaz disfrutatzen dugunean ordea ez gara maiz konturatzen naturako edertasunez gain historiaz gainezka daudela euskal lurraldeetako bazter guztiak. Gure bazter eta txokoetako balore natural eta paisajistikoak maiz gozatu eta ustiatu ohi ditugu gehienok, baina ezkutuko aberastasun historiko hori, iniziatu eta pribilegiatu gutxi batzuk bakarrik disfrutatu ohi dugu, tamalez, leku bakoitza gure herri zaharraren historia luzearen ataltxo moduko bat bezala ikusiz, paisaiak eta naturak eratutako ikuskizuna neurrigabez aberastuz. Izan ere, tokian-tokiko historia, irudi ikusgarriak aberasten dituen atzeko musika moduko bat da, hura entzuteko gai garenok bakarrik gozatzen dugun doinua, egungo errealitateak eskeintzen dizkigun ikuskizunek sakonean ezkutaturik dituzten aberastasunak atzemateko gaitasuna ematen digularik.

Iruditzen zait egoera honen erantzule garela nolabait historialariak eta kultur kudeatzaileak; historialariok ez dugulako gehienetan asmatzen jende arruntarentzat egokia izan daiteken hizkuntza modu bat erabiltzen eta kultur eragileek maiz gure historia aberatsa beren kalkuloetatik at uzten dutelako, gehienez ere axal-axaleko lau orokorkeria gizarteratuz. Europako herri gehienek landu dute beren historia eta ondorioz, herri haietara bisitara joaten garenean, tokian-tokiko historiaz blai itzultzen gara, bidai gehienetako ezinbesteko atal baitira hango eta hemengo monumentuen eta antzinako aztarnen bisitaldiak. Han ekoizten dituzten eleberri historiko eta pelikulei esker gainera, beren historiaz askoz gehiago dakigu gureaz baino. Egoera hau benetan barkaezina dela deritzot, izan ere Euskal Herriko historiaren aniztasuna eta aberastasuna munduko herri gutxik berdindu baitezake.

Egoera hau tamalgarria baldin bada, gure historiari buruzko ahaztura benetan arduragarria dela esan behar da, bizi dugun gatazka politikoa kontuan izanda. Izan ere, agian historialarion eginbeharra litzake pil-pilean dauden eztabaida politikoak perspektiba historikoz hornitzea. Historiaz dugun ezagutza eskasak eta, ondorioz, gure arbasoek arazoen aurrean hartu zituzten erabaki eta konponbideei buruzko berririk ez izateak egungo gatazka politikoa gaiztotu eta korapilatu egiten du. Historiak jasaten dituen intrusismo eta manipulazioak jasangaitzak dira eta orokortua dago norberak bere komenentziaren arabera adierazitako diskurtso bat besterik ez dela; hau da bakoitzaren ekintzak justifikatzeko eta aurkarienak gutxietsi edo kondenatzeko balio duen tresna bat, beraz, arrazionalki ezer gutxi balio duen tresna bat.

Historia izeneko zientzia antzinako gizataldeen gertakariak eta hauek arazoen aurrean egindako aukerak ezagutzeko eta ulertzeko tresna omen da, horiek jakitea interesgarri gerta baitaiteke antzerako gertakari eta arazoei aurre egiteko edo, behintzat, beren jatorria ezagutzeko. Zientziaren gainontzeko adar denak bezala, beraz, badu gizarterako onuragarri den funtzio bat. Edozein motatako gatazken konponbidea aurkitzerakoan ezinbesteko baldintza da gatazka eragiten duten ahal den arrazoi gehienen ezagutza. Historiaren eginbeharretako bat, beraz, horixe litzake, gure errealitatea osatzen duten arrazoiak ezagutzea, alegia gauzak kasualitatez ez direla gertatzen erakustea. Historiaren jakintza ezak gure egungo gizarteko hausturaren atzean dauden gatazkak konpontzeko aukerak gutxitu egiten ditu.

Iruditzen zait lan honetan asko geratzen zaigula egiteke. Lehenik eta behin, elkarren arteko gaizki-ulertuak eragiten dituen arazo larri bat, historia, politika edo gizarteari dagozkien kontzeptu eta hitzen esanahia bateratua ez izatea da. Etengabe erabiltzen eta entzuten ditugun “gatazka”, “haustura sozial”, “krisi”, “herri”, eta abar luze baten esanahia finkatzea oraindik lortu ez dugun helburua da, eta hortara iritsi ezean Babel batean bezala jardun gaitezke eztabaidan inolako akordiorik edo hitzarmenik eskuratzeko aukerarik gabe. Edozein elkarrizketa baliogarri izan dadin behar-beharrezkoa da hizkuntza amankomun batean aritzea, bestela…

Bigarrenik, egungo euskal gizarteak jasaten duen hausturaren arrazoi gehienak aztertu eta kontuan izan behar dira. Ez du balio bakoitzari komeni zaizkionak bakarrik kontuan izatea, ezta gure historiaren bilakaera edozertarako balio duten, lege natural moduko arrazoi nagusi eta tendentzia orokor batzuen bitartez bakarrik azaltzea, gizakiak historiaren bilakaeran duen erantzukizuna formula kuantitatibo orokor batzuen eta estrukturalismoak proposatzen dituen arrazoi nagusien azpian ezkutatuz.

Hirugarrenik, orain 250 urte ingurutik honuntza euskal gizartea jasaten ari den hausturaren konponbideak aurkitzerakoan interesgarria gerta liteke lehenagoko egoera ekonomikoak, sozialak, politikoak, kulturalak eta gainerakoak ezagutzea, agian gaur egun baliogarriak gerta daitezken konponbideak aurki baitaitezke. Gauza jakina da, garai haietan Foru Errejimena zegoela indarrean euskal lurraldeetan. Gehienetan ahaztu egiten dugu zein izan zen Foru Sistemaren jatorria, eta Sistema hori pribilegioz edo euskal lurraldeetako biztanleen berezko lege eta eskubidez osatua ote zegoen arteko eztabaidez, edo sistema horren ordezkagarritasuna zenbaterainokoa zenaren ingurukoez aritzen gara maiz. Ezin ahaztu liteke, ordea, Foru Sistema euskal gizarteak lehenago, Erdi Aroaren amaierako mendeetan jasan zuen hausturaren konponbide izateko sortu zela. Erdi Aroaren amaierako mendeetan Ganboatar eta Oinaztar leinuen arteko gerra luze eta odoltsua gertatu zen. Gerra honen eragileen artean leinuetako jauntxoen handinahikeria, udalerrien eta erreinuen indartzea jauntxoen lepora, erreinu desberdinen arteko gerra luzeak, merkataritza eta industriaren garapenak bultzatutako ekonomia eta gizartearen eraldaketa eta abar aipatu behar dira. XIV. mendearen amaieraz geroztik pixkanaka indarrean jarri zen Foru Sistemak ekonomia, gizartea eta politika antolatzeko modu berri bat jarri zuen indarrean, gatazka horiei amaiera emanaz.

Foru Sistemaren ezaugarririk garrantzitsu eta baliogarrien bezala zera aipa daiteke, interes anitz eta askotan kontrajarrien arteko akordioak lortzeko eskema moduko bat zela. Gipuzkoako kasua adibide bezala hartuz, bertako Foru Sistema, biztanleen gehiengoaren behar ekonomiko eta sozial nagusienak asetzeaz gain, askoren aberastasun eta gizarte mailan gora egiteko gogoak bideratzeko erreminta oso baliotsua zen. Ez da honekin ameskerietan hasi nahi, garai hartan Gipuzkoa benetako askatasuna eta berdintasuna indarrean zeuden Arkadia moduko bat zela esanez. Bertako biztanleen ezberdintasun ekonomiko, sozial eta politikoak, gaur egun gertatzen den bezala, oso handiak ziren, baina ukaezina dena da, gipuzkoar denak, legearen aurrean, berdinak zirela eta Erakunde Foralek gogor zigortu zituztela Sistemaren muina zen legezko berdintasun hura murrizten saiatu ziren jauntxoak. Honez gain, aurrerantzean Gipuzkoarren eta Estatua edo Koroaren arteko harremanak kudeatzeko bide bakarra Foru Sistema bera izango zen gainera. Hau da, Sistema horretatik kanpo edozein gizabanakok edo gizataldek Estatuarekin izandako harremanen bitartez lortutako emaitzak Sistemaren osagaien aurkakoak izan ezkero, Foru Erakundeek emaitza horiek baliogabetzeko eskumena zuten. Horrez gain, Foru Sistemak Estatuarekin pribilegiozko harremanak izateko aukera paregabea eskeintzen zien gipuzkoar orori. Estatuko erakundeekin pribilegiozko harremanak izateko aukera bermatzen zuena Hidalgia Unibertsala izeneko erakundea zen, lehentxeago aipatutako gipuzkoarren legezko berdintasuna aldarrikatzen zuen berbera. Erakunde honen arabera, gipuzkoar oro jatorriz hidalgo, aitonenseme edo noble zen. Beraz, legezko berdintasunak gipuzkoar denak garai hartako gizarteko goren mailako kide izatea ahalbidetzen zuen eta, ondorioz, goi mailakoentzat bakarrik izendatuak
zeuden Espainiar Inperioaren kudeaketarako erakunde nagusienetan parte hartzeko aukera.

Laburbilduz, Foru Sistema, “pactismo” bezala izendatu izan den, harremanak bideratzeko modu bat zen, batez ere, gipuzkoarren harreman ekonomiko, sozial eta politikoek osatutako “mundua” antolatu eta kudeatzeko modu bat; gipuzkoarren interes kontrajarriak elkarlotzeko modu bat eta gipuzkoarren interes horiek Estatuaren “arrazoi orokor” edo interes nagusiekin uztartzeko modu bat. Gakoa harreman Sistema hori errespetatzean zegoen, hartan parte hartzen zuten denen interesak nolabait asetzeko aukerak eskeintzen baitzituen: gipuzkoar xumeei era digno batean bizimodua aurrera ateratzeko aukera, legezko berdintasunari eta pribilegioei esker loratzen ziren jarduera ekonomikoetan lan eginaz. Diruzaleei, aberasteko aukera, jarduera ekonomiko horiek babesten zituzten pribilegioei esker. Handinahiei, aberasteko eta giza mailan gailentzeko aukera, Inperioaren Erakundeetan parte hartuz eta Koroak Inperioa mantentzeko behar zituen koadro tekniko, administratibo eta militarrak, armak, itsasontziak eta abar Gipuzkoan eskuratuz.

Gure historia ez ezagutzeak eragin digun ondoriorik negargarriena da, agian, mendeetan zehar euskaldunok izan dugun harremanak bideratzeko eta hitzarmenak egiteko gaitasunaren berririk ia ez dugula egun. Eskerrak noizbehinka Gustav hondarpetik agertzen den gure historia aberatsa eta anitza ezagutzeko oraindik eginbehar asko geratzen zaigula gogorarazteko.

Gora