Haitzak eta Hitzak
Tanzaniako iparraldean bada Sadiman izeneko sumendi bat Laetoliko eskualdean. Duela 3.700.000 bat urte erupzioa izan zuen sumendi horrek, eta erupzioaren ondoren, sumenditik 20 kilometrora (Laetoliko eskualdean, beti ere) lurraren gainean 15 cm-ko errauts geruza zuri eta laua geratu zen. Gero, eskualde hartako euri leun eta goxoak lokazti bihurtu zituen errauts haiek, eta, Laetoliko animaliek lokazti hura zeharkatu behar zutenez ura edatera joateko, animalia askoren hanka-markak geratu ziren bertan.
Afrikako beroak lokatza lehortu zuenean, lurrazalean marraztutako arrasto ezabaezinen bilakatu ziren urrats haiek. Denborarekin, lokazti lehortua zena haitz bihurtu zen betiko, eta haitz hartan idatzirik, garai eta leku hartako bizidunen istorio txikiak geratu ziren. Hogei animalia espezietik gora hitz egin zuten haitzeko idaztian, beren arrastoek utzitako mintzoekin: gazelak, hienak, basakatuak, babuinoak, gaur egungo elefanteen arbasoak, jirafak, erbiak, hegaztiak, bufaloak, antilopeak, errinozeroak…
Gertakizun horrek badu, berez, bere misterioa eta garrantzia, baina benetan Laetoli leku bitxi bihurtzen duena beste zerbait da. Haizeak zabaldu ez eta euriak lokatz bihurtu zituen errauts haien gainean hiru oinezko oso berezi pasatu ziren: hiru Austrolopithecus afarensis, duela 3.700.000 urte bizi izan ziren gure arbaso zaharrenetakoak.

Ikertzaileek agerian utzi duten harkaitz biluzian 27 metroko luzeran hiru oinezko horien urrats fosilduak ikus daitezke Laetolin. Hirurak bide berean zihoazen (ur-putzurantz zihoazela pentsatzea gehiegi ote da?), eta. oinatzek erakusten dutenaren arabera, paseatzen dabilenaren antzeko pausokera zuten.
Esan beharrik ez dago urrats fosildu horiek gauza asko erakutsi dizkietela ikerketa egin duten paleoantropologoei. Ikertzaileek badakite animalia horiek (gizakion aurreko horiek) bipedoak zirela, bi oinen gainean ibiltzeko gai; badakite, baita ere, tximinoak ez bezala, eta gizakion antzera, oinetako behatz lodia gainerakoen paraleloa zeukatela, eta badakite hiru bidaiarietatik bi elkarren ondoan joan zirela.
Elkarrekin paseatzen ibili zen bikote horretako Austrolopithecus bat 1,34-1,56 m-ko animalia “garaia” zen, eta bestea 1,15-1,34 m-ko “txikia”.
Harrigarria haitz batek konta dezakeena, ez da hala?
Kontua ez da hor amaitzen, ordea. Ikerlariek ikusi dute —eta hori da, nire ustez, ohargarriena—, hirugarren izakia lehenengo “garaiaren” atzetik joan zela, hark oinak jarri zituen urrats haietan bertan bere oinak jarriz.
Jolasean!
Gure irudimenak erraz irudika dezake Afrikako arratsaldean paseatzen ari zen Pliozenoko bikotea, eta baita besteen ondoren joan zen hirugarren hura ere, jolaserako beste dibertimendurik ez eduki eta “aurrekoak utzitako urratsetan oina jartzera” jokoa asmatu zuen hirugarrena. Nork pentsa zezakeen gizakiok hain geurea dugun jolaserako grinak badituela 3.700.000 urte, gutxienez!
Atzeko hirugarren Austrolopithecus-a, gaztetxoren bat izango zen, inola ere, gaztetxoen dohaina baita ez dagoen lekuan ere jolasa asmatzeko trebezia.
Behin edade batetik aurrera, ordea, solasak kentzen dio lekua jolasari, eta nahiago izaten dugu hitzaren patxada jolasaren zalaparta baino.
Gazteak kantuan ta
zaharrak eragusian
hori da pasatzen dena
bardin mundu guzian.
Horrelaxe dio Neska soldadua izeneko balada zaharrak, eta gazteak kantuan bezalaxe esan zezakeen gazteak jolasean, horixe baita beren izaera naturala: jolas eta kantu egitea… Zaharrak, berriz, eragusian, berriketan, hitza dutela jolas… “hori da pasatzen dena / berdin mundu guzian”.
Kontuak kontu, itzul gaitezen berriro Laetolira, han kontatu baitigu haitzak, hitzik gabe, bere istorioa; eta istorio hori bihurtu baitut nik hizpide eta aitzakia artikulu honi sarrera emateko, haitzak eta hitzak uztartzeko, izenburuak dioen bezala.
Ez ahaztu, ordea, Laetoliko hiru Austrolopithecus horien bizitza ezagutzeko paleantropologoen jarduna (zoru, hauts, harri eta haitzetan karrax-karrax) ezinbestekoa izan dela. Ez dagoela beste biderik gizakion aurreko haien izaera eta jokaera ezagutzeko!
Askoz hurbilagoko kontuak ezagutzeko ere (historiaurreko gizarte eta gizakien kontuak, esate baterako) ikerketa-era bertsua erabili behar izaten da; ez daukagu beste modurik haien bizitza nolakoa zen jakiteko: karrax eta karrax. Hitza idazten asmatu zuen arte, gizakiak ahozko adierazpena eta ahozko tradizioa besterik ez zituen gertatutakoaren memoria gordetzeko.
Eta hitzak haizeak eramaten ditu…
Idatziak askatu zuen gizakia ahozkotasunaren kateetatik, eta, era berean, idatziaren esklabo egin zuen. Ahoz bere jakintza eta kultura hedatzeko memoria, ahozko memoria, ahozko kultura, ahultzen joan da idatzia hedatu den heinean. Betiko dikotomia, aurrerapenak aukeratu behar (dakartzaten berrikuntzak ezinbestekoak direlako), baina beste zerbait baztertzea dutela sari-ordain.
Prestigio kontua dago, bestalde. Euskaldunok —askotan gure kaltetan—, gauza serio eta betikotzat hartu izan dugu letra idatzia. Hala diote, behinik behin, esaera zaharrek:
Esana haizeak darama, eskribatua han gelditzen da zurian beltza.
Bide horretatik, norberak dakiena —norberak bere kabuz ikasitakoa—, eta norberak entzundakoa (geure esperientzia eta besteei jasotako hitza), gutxiesteko joera dugu. Iruditzen zaigu liburuetan (eta gaur egun telebistan edo Interneten) dagoena dela garrantzitsua, guri gertatutakoak ez duela inolako garrantzirik, gizaki arruntaren koplak direla. Baina hori akats handia egitea da: mota horretako ahozko jakintza (eta berarekin gure ohituren eta kulturaren altxorra) hurrengo belaunaldiei transmititu beharrekoa da. Hori ezin ahantzi!
Gizakiak idazten ikasi zutenetik pentsatu izan da, oro har, idatziak gordetzen duela hitza, idatziak egiten duela historia, baina hori ez da horrela, ez osoki, behintzat, eta are gutxiago gure herria bezalako herri txiki batean: gure kultura eta gure historia ez dago ez osoa, ez xuxen kontatua, liburu, telebista, Internet eta enparauetan…
Idaztera gutxi emana izan da gure herria, eta, gainera, ezin ahaztu garaileek idazten dutela historia, eta gure herria ez da garaileetakoa izan aspaldian…
Beraz, ahozko memoria ahul hori, gaur egun sekula baino ahulagoa bilakatu zaigun memoria hori, indartu beharrean gaude (ahoz ez bada, idatziz), hainbat oroitzapen eta hainbat bizitzeko eraren memoria gal ez dadin.
“Egin ezak, ba, heuk!”, esan dezake norbaitek, arrazoi osoarekin.
Tira, bada! Horixe egiteko asmoa dut artikulu honetan (eta hurrengoetan, hurrengorik egiteko aukerarik badut).
* * *
Badirudi behin edade batera iritsitakoan beti dagoela azken mohikanoaren sindromea deitu daitekeen halako sentimendu bat, zeinek esaten dizun belarriaren ertzera: Zu zara halako egoera, gertaera, ohitura edo kontakizuna ezagutu duen azkena.
Sentimendu horrek indartzen du, neurri handiegian, agian, zerbait betiko galtzen ari den sentipen nahigabetsu hori, baina, bestalde, ukaezina da gauzak azkar (eta asko) aldatu direla azken urtetan, eta mundu bat, nekazaritzaren eta tradiziozko bizimolde batean oinarritutakoa, desagertzear dagoela Euskal Herrian.

Desagertzear dagoen mundu horren oihartzunak aditu (neuk ezagututakoak nahiz aurrekoen ahotik entzundakoak), eta hainbat jokamolderen (baserrikoek kaletarrekin zituzten harremanka, baserrietan trukean egiten ziren lan-orduak, auzolana, emakumeen lan kolektiboak…) inguruan berriketan aritzea da nire asmoa.
Badakit esandakoarekin kontsekuente izateko ahoz kontatu beharko nituzkeela kontu horiek, baina sutondoak eta artazuriketak telebistaren epelak ordezkatu dituenez, eta jendeak egunero hainbat kilometro korrika egitea nahiago duenez berriketan jardutea baino, nahiko ezinezkoa zait hori egitea. Aldizkari elektroniko batek (Interneteko leiho edo balkoi den aldetik) duen pulpitu keraz baliaturik, ordea, zilegi bekit idatziz jardutea.
* * *
Baserritarrak eta kaletarrak
Duela berrogeita hamar bat urte, nekazaritzaren mundua askoz urrutiago zegoen herritik, eta zer esanik ez hiritik eta hiritartasunetik. Kontuan hartu beharko genuke distantziak ez direla kilometro eta metrotan bakarrik neurtzen.
Orduan, duela berrogeita hamar urte, oraindik bizirik zegoen baserriaren eta nekazaritzaren mundu tradizionalak aurreko mendeetako ohiturekin eta usadioekin lotura zuzena zuen, eta aurrerapen eta modernotasunaren mundurako distantziak gaur baino askoz luzeagoak egiten ziren baserritik kanpora egiterakoan. Egia da, alde batetik, bideak gaur baino okerragoak zirela, eta ibiltzeko zailtasunak handiagoak, baina, horrez gain, pertsonak, familiak eta gizarte osoak (jendearen izateko erak), baserriaren eta kalearen arteko distantziak handiagotu egiten zituen.
Gaur egun baserriaren eta hiriaren artean dagoen aldea baino askoz handiagoa zen duela berrogeita hamar urte zegoena.
Baserriak bizitza propioa zuen, familiaren bizitzarako unitatea zen, etxekoen biziraupenerako ezinbesteko minimoa. Baserritik herrira, azoka eta feriatara etortzen zen, eta elizako eginkizunak betetzera. Gainerakoa osatzeko, gehientsuena behintzat, nahikoa zen baserria.
Igandetako meza ezinbestez konplitu beharreko betekizuna zen, hala ere, eta ez nolanahikoa gainera. Nola etorri baserritik herrira asteroko betekizuna konplitzera era txukunean, eta bideko lokatzarekin igandetako arropak zikindu gabe?

Asteko arropa eta igandetako arropa oso ondo bereizten ziren kontzeptuak ziren baserrian (baita kalean, ere, bestalde, langileek lanerako arropa eta igandetakoa izaten zuten, noski). Kontua izaten zen ez zela gauza erraza (ezta egokia ere) igandetako arropak jantzita herrira etortzea; behin baino gehiagotan lokatzez betetarik zeuden bideetatik, gainera.
Zenbait bidetan harlauzaz egindako bidexka izaten zen gurdi bidearen alboan, oinezkoak zikindu gabe handik joateko. Asmakizun ederra! Gehienetan, ordea, askoz ohikoa izaten zen baserrikoek aldaetxea izatea herrian bertan edo hurbilean: kale-baserri edo etxe batean.
Aldaetxea zen baserritarrek herrira edo elizara etortzen zirenean arropa edo oinetakoak aldatzeko erabiltzen zuten etxea. Neguan, batez ere, ohikoa izaten zen eguneroko arropa edo oinetakoak erabiltzea bidean eta herrira iritsitakoan aldaetxera (janztetxe ere deitua) joan eta han aldatzea. Herriko etxe hori ahaideena izan zitekeen, edo aspaldiko adiskidetasunari edo ohiturari, besterik gabe, jarraituz hautatutakoa.
Ez dakit gaur egun nola ikusiko genukeen horrelako portaera bat, geure etxe-barrua hain arduratsuki guretzat bakarrik nahi izaten dugun garai honetan… Baina beste garai eta beste jokamolde batzuez ari gara, zeinetan munduko gauza ezin normalagotzat hartzen baitzen hurkoari laguntza eskaintzea.
Esan beharra dago, dena dela, gauzak ez zirela izaten beti hain garden eta hain gizabidezko. Zenbait kasutan, zerbaitengatik, kidetasunezko harreman horiek eta hurkoari laguntzeko kontu horiek ez ziren mamitzen, eta baserrikoek txabola antzeko bat antolatzen zuten (egin, erosi edo alokatu) aldaetxe gisa erabiltzeko: aldatu, jaietako arropak jantzi eta handik mezetara joateko.
Baserriak kalearekin izan duen loturetako bat izan da aldaetxearena, baina baziren harreman komertzialak ere, ez dago zer esanik… Azokara (berdura-plazara) barazkiak, arrautzak, oilaskoak eta beste hainbat gauza ekartzen ziren baserritik, saltzeko. Era orokorrean deitzeko, tratoa deitzen zitzaion ekartzen zenari, eta erdal hitza bada ere, argi adierazten du zer zuen helburu: kaletarrarekin tratoa egin, baserritik ekarritako generoa ahalik eta prezio onenean saldu.

Jasotako diruarekin, baserrian ez zeuden gauzak erosten ziren. Eta zer zen baserriak sortzen ez zuena?
Funtsean, bere kabuz eta inoren laguntzarik gabe aurrera egiteko antolaturik zegoen oinarrizko egitura zen baserria, baina baziren han ere, noski, bertan sortu edo egin ezin zitezkeen beharrezko zenbait gauza. Jakien artean, esaterako, garia eta ogirina ziren horietako nagusienak. Izan ere, Euskal Herriko isurialde atlantiarra ez da, berez, laboreak (eta bereziki garia) egiteko lurralde egokiena.
Hala ere, hainbat lekutan eta hainbat garaitan (gerra-ondoren, esaterako) garia egin izan zen gure baserrietan. Ogi zuriak estimazio handia zuen ogi beltza besterik ez zegoen urte haietan!
Ogiaren eta ogirinaren ondoren, arraina izan ohi zen baserritarrek herritik (edo hiritik) eramaten zuten jakietako beste bat: arrain freskoa, baina, batez ere, sardinzarrak.
Atabal baten antzeko egurrezko barrikatxo biribil txiki batzuetan etortzen ziren sardinzarrak. Zenbat astotxok eraman izan ote ditu halakoak bere kartoletan!

Sagardoa eta sardinzarrak makina bat meriendatako eta afaritako jakiak izan ziren baserrietan. Udazken-negu partean danbolinean erretako gaztainak zituzten lagun. Gero, taloa esnearekin hartu eta goxo-goxo ohera.
Sardinzarrek beti izan dute leku berezia baserritarren kultura gastronomikoan. Okela gaur egun baino askoz aristokratikoa (eta garestiagoa, arrainarekin konparatuz) zen garaietan, herriko sagardotegietan egiten ziren hainbat askaritarako edo afaritarako ezinbesteko jakia zen sardinzarra.
Sukaldeko txapa gainean egin ohi zen, berotu eta zertxobait beratzeko. Gero, ukabilez jo eta ezkatak kentzen zitzaizkion. Arraina txabaldu, burua eta erdiko hezurra kendu, olio-txorrotada bat bota eta prest zegoen!
Beste batzuk (orduan ere baziren sibaritak) sutako kakoa sartzen zioten ahotik sardinzarrari eta sugarretan ematen zioten kixkaldu bat ezkatak erre eta haragia berotu eta prestatzeko. Sardinzarren bi bizkarrak olioarekin goxatutako prestakinak bazuen ezizen dotorea: mozkor-bizkotxoa. Zurrutean hasi aurretik jan ohi zen mozkor-bizkotxoa ogi pixka batekin; hortik, nonbait, izena…
Baina kale-bazterretako sagardotegiak eta urrutiko baserriak nahasteari utzi eta goazen berriro ere baserriko bizitzari begiratzera.
Etxean hasitako txahalak harakinari ekartzen zitzaizkion baserritik (txahalak diru-iturri nagusienetakoak izan ohi ziren baserrian, familiaren ekonomiarako oinarrietako bat), harategitik baserrira itzultzea zailago egiten zitzaion txahal hilari…
Gibelaren zati bat baserritarrak jasotzen zuen hiltegian (mata´ian) bertan, eta txahala ekartzera etorri zirenen hamaiketakoan joango zen gehienetan. Eta gaitz erdi gibela bakarrik joaten zenean!
Baserrian etxeko diru-kontuan ardura zeramanak (etxeko andrea askotan, baina ez beti) txahalaren diruen zain egon ohi zen hura hazi bitartean herriko dendetan zorretan utzitakoa ordaintzeko, baina zenbait baserritarrentzat tentazio handiegia izan ohi zen txahalaren diruarekin poltsiko beroak edukitzea. Bat edo beste berdoztuta iritsiko zen etxera, eta diruei astindu eder bat eman arte baserrira itzultzen ez zirenak ere ba omen ziren…

Txahalaren okelak, beraz, askotan ez zuen itzulerako bidaiarik egiten jaio zen baserrira. Izan ere, etxean hazitako txerria izan ohi zen proteina eta gantzaren iturri baserrietan. Txerritegi koxkor bat edukitzea nahikoa zen, janaria: etxean sobratzen ziren hondakin guztiak. Zenbaitetan etxetik aparteko txabola bat izaten zuten beretzat txerriek (heia deitzen zitzaion).
Negu partean izaten zen txerri-hiltzea edo txerriaren matantza, baina kontu horri buruz, baserrietan konpartitzen ziren beste hainbat gauzari buruz bezalatsu (lanerako tresnak, auzokoentzat egindako lan-orduak, auzolanean egindakoak etab) beste baterako utziko ditut (aldizkari elektroniko honek hala nahiko balu), eta txerritik ateratzen ziren jaki miragarriak ekarriko ditut gogora: odolkiak eta saiheskiak, belarri eta muturrak, txorizoak eta lukainkak, mantekak eta gantzak, urdaiazpikoak eta solomoak… Denak etxean prestatuak, salmueran prantatuak, sukaldean ketuak, gazi-kutxan gazituak… Txerria zen baserriko jaki goxoenak sortzen zituen paradisuko aberea.
Txerria gazitzen zen bezalatsu egiten zen zezina ere beste zenbait abererekin (ardia, aharia, ahuntza (akerrak ospe txarra zuen, tejo handia izaten omen zuen), behia…). Normalki harategian estimazio handirik ez zuten animaliak erabiltzen ziren zezina egiteko (zaharrak zirelako edo…). Zezina hori eltzera botatzeko erabiltzen zen eskuarki, babarrunak, azak edo patatak gozatzeko.
Dena dela, zezinak zezina, oro har, txerria eta txerrikia ziren baserriko okela eta manteka lortzeko bidea. Baserriko txerriak ez ziren saltzen —txerrikumetan ez bazen, behintzat—, eta etxean bertan hazi eta kontsumitzen ziren. Nondik zetorren, orduan, herrian erosketak egiteko dirua?
Aipatu ditut arrautzak eta berdura, oilaskoak eta txahala. Horiez gain, baserrietan egindako sagardoa (eta zenbait etxetan txakolina) izan ohi ziren baserritarren irabazpide.
Baserritarren eta kaletarren arteko harremanetan, herriko sagardotegiena bitxia da.

Herri askotan izan ziren herri bertako sagardotegiak —gaur egun baserrietakoak ezagutzen ditugu, baina lehen herrietakoak ziren benetako sagardotegiak. Baserrietan sagardoa etxerako egiten zen, eta sobratzen bazen bakarrik eramaten zen herrira saltzera—. Herriko sagardotegi hauek ugariak omen ziren Gipuzkoako herrietan bederan (Lasarte, Donostia, Astigarraga, Hernani…). Baita Zarautzen ere.
Zarautz, gainera, turismo-herria zen XIX. mendearen amaieratik.
Maria Isabela II.a erregina Narroseko jauregira etortzen hasi ondoren, Madrileko aristokraziak oso gogoko izan zuen Zarauzko hondartza eta herria.
Aristokrata jendea ez zen, seguru asko sagardotegietara joango, baina haien anparoan eta babesean bizi ziren herritarrek gustura jorratuko zituzten irabazitako sosak sagardotegietan.
Baditut sagardotegien kontu honekin bi susmo eta kontatu egingo ditut.
Bata hauxe da: Baserri batek herrian sagardoa saldu nahi zuenean, etxetxo bat erosten edo egiten zuen herrian, ahalik eta leku egokienean: etxabea eta gaineko ganbara (bizileku ere izan zitekeena zenbaitetan).
Etxabean jartzen zen sagardotegia, eta etxeari izena ematekoan —etxeak nahitaez izena eduki behar Euskal Herrian—, baserriaren izena atzean txiki jarrita hauta ohi zuten maiz: Urraga Txiki, Ezenarro Txiki… Sagardotegi-etxetxo horiek denborarekin benetako etxe bilakatu dira gehienetan, baina badute lehengo irabazpide zaharraren oihartzunik oraindik ere.
Hona bigarrena: Sagardotegiei buruz egin diren ikerketetan ikusi izan da sagardotegi zaharren jabeak emakumeak izan ohi zirela. Herrian zabaldutako sagardotegi horiek emakumeen izenean jartzen zirela da nire susmoa. Euskal baserrietako jabego zurrunetatik —maiorazgoak zirela jabegoa jasotzen zutenak— ihes egin eta beste bide bat hartzeko ote?
Herriko sagardotegi hauetan sagardo berria iragarri nahi zenean, barrikotea egin ohi zen. Barrika txikia izaten omen zen —bordolesa baino txikiagoa, 100 bat litrokoa edo—, barrikoterakoa, eta erramu edo zuhaitz-adar bat atean jarriz iragartzen zen.
Txakolinarekin ere gauza bertsua egiteko ohitura zen, itxura denez. Lizarra atean jarri eta bezeroek bazekiten barrika zabaldu berria zela. Oraindik bizi dira Txoko tabernan halako batez barrikotean jarri zuten txakolinarekin miretsita jarraitzen dutenak. Ez jakin Allemekoa ala Txoko bertako mahastietakoa zen txakolina, baina bai inoiz dastatu duten onena izan zela…




