Gustav-eko Koadernoak
RSS sindikazioa
Gustav-eko Koadernoak

Zarauzko Udala
Elkarte Honek Zarauzko Udalaren Laguntza Jasotzen du

Euskal bizimundua, euskalgintzaren erdigune

Pello Esnal | Urria, 2008 | Inprimatu Inprimatu
Iraultza kopernikarraren premia euskararen hizkuntz politikan

Hilabete gutxiko tartearekin, bi liburu bikain bezain pozgarri eskuratu ditugu zarauztarrok: Zarautz hizketan, 2007ko udazkenean, eta Sasi guztien gaiñetik, 2008ko udaberrian.

Lehenengoa zer den izenburuaren pean ageri da, liburua zabaldu orduko: “Zarauzko ahozko ondarearen bilketa eta azterketa: hizkera eta etnografia”. Bost lagunek egin dute, Zarauzko Udalak emandako beka bati esker: Aintzane Agirrebeñak, Belen Maizek, Fernando Muniozguren zenak, Asier Sarasuak eta Miren Zabaletak. Zarauzko Udalak berak argitaratu du.

Bigarrena, hirurogeita bi artikuluk osatzen dute, Nikolas Zendoiak El Diario Vasco egunkarian 2000tik 2006ra bitartean idatziak. Eta 308. zenbakia du Auspoa liburu sail ospetsu, oparo eta aberatsean. Gipuzkoako Aldundiak argitaratu du.

Bi lanek, nahiz eta aski desberdinak izan, badute elkarren antzik. Hasteko, biak daude gure ahozko ondarea bilduz eta zabaltzeko eginak. Baina bada gehiago ere.

Umetan, zenbat aldiz ikusi ote genuen Eguzkia mendi atzean sartzen! Ikuskizun ederragorik! Gutxiagotan ikusi genuen irteten, baina bagenekien nondik egiten zuen, hasieran zelatan bezala, gero biribil-biribil. Eta bagenekien ere zer ibilbide egiten zuen egunero, eguna ekarri eta gauak eraman. Hura zen, hura, jira eta bira ibili beharra Lurraren inguruan.

Gero ikasi genuen, zazpi edo zortzi urterekin, eskolan, Oriente deitzen zitzaiola Eguzkiaren sorlekuari, Occidente sarlekuari; eta Mediodía zela “cuando el Sol se encuentra en lo más alto del horizonte”, nahiz eta jakin ez zer zen horizonte hori eta geure buruari galdetu mediodía ez ote zen eguerdia. Auskalo.

Baina eskolan ikasia ez zen horretara mugatu. Berehala esan zigun maisuak, kopeta ilunez, gauza inportanteak irakatsi behar diren bezala, Eguzkia ez zela ez irteten eta ez sartzen. Eguzkia ez zebilela Lurraren inguruan jiraka. Alderantziz, baizik. Lurra zebilela Eguzkiaren inguruan jira eta bira. Lurra mugitzen zela eta ez Eguzkia. Eta kaskarrekoa eman zion mutiko bati erregelaz (cuadradillo deitzen genion erregela txiki eta mingarri hari), hark esan ziolako ezin zitekeela horrela izan. Besteok isilik gelditu ginen, badaezpada.

Urte batzuk geroago ikasi genuen Kopernikoren izena. Ordurako, bagenekien nola ziren gauzak, nahiz eta begiz Eguzkia betiko ibilbidean ikusi. Ordurako, gauza gehiago ere bagenekizkien; eta probatuak genituen lehen zigarroak ere. Eta ordurako, batik bat, jantziak genituen galtza luzeak.

Hala ere, nahiz eta Kopernikoren teoria ikasia eta geureganatua izan eta galtza motzak anaia txikiagoek erabili…, hala ere, oraindik ere, “Eguzkia irten” eta “Eguzkia sartu” esaten jarraitzen genuen, bai etxeko euskaran eta bai lagunarteko eta kaleko erdaran ere.

Hala joan ginen barneratzen, pixkana-pixkana, bi mundutan bizi ginela: eguneroko munduan eta liburuetako jakintzaren munduan.

Gero etorriko zen, gazteagotan, bi munduak bereiztea (desberdintzat jotzea) eta ondo bereiztea ere (elkarrengandik banantzea). Batetik, umetako mundua eta etxekoa eta eguneroko hizkuntzakoa eta, bestetik, jende jakintsuen mundua eta zientziarena. Ari ginen, ari, geure buruak janzten eta argitzen.

Konturatzen hasiak ginen, gainera, lehenengo mundu hura lehengoen mundua zela, antzinakoa, zaharra; bigarrena, berriz, gaurkoa eta berria; hura, atzerapenen mundua; hau, aurrerapenena.

Hurrengo urratsa egitea besterik ez zitzaigun falta: lehenengo mundu hari gezurretako mundua deitzea eta bigarrenari benetakoa. Ez genuen asko falta. Berez bezala etorriko ziren gauzak.

Eta orduan, azken urrats hori egin genuenean, aho betean aldarrikatu ahal izan genuen lau haizetara. Gizon moderno ginen geu ere! Harro ikusten genuen geure burua, benetako galtza luzeak jantzita.

Handik aurrera, bereizketa hura jantzi eta hornitu eta sakondu egin beharko genuen. Hasitako lanak burutu. Eta halaxe egiten jarraitu genuen, gaztetasunaren indarraz eta mundu berria aurkitu izanak indartutako su gartsuaz.

Baina ez zen nahikoa. Gizartea ere salbatu beharra zegoen. Ilunpetik argitara atera, zaharraren atzaparretatik askatu, berriaren hegoetan ipini…; hari ere galtza luzeak jantzi. Behin nork bere burua salbatuz gero, ez zen zaila izango besterena ere salbatzea.

Gurean, gainera, euskararena zegoen: euskara ere salbatu beharra. Eskerrak argi genituen zer-nolakoak eta nondik norakoak.

Lehen-lehenik, ikastolak salbatuko zuen euskara: umeak euskaraz eskolatzeak, Sortalde edo Ekialde eta Sartalde edo Mendebalde eta Eguerdi erabiltzen ikasiz, eta ez Oriente, Occidente eta Mediodía; eta Kopernikoren teoria ere euskaraz bereganatuz.

Eta beharrezkoa izango zen irratia ere euskalduntzea eta euskal literatura suspertzea. Eta gero, apurka-apurka, haien lorpenak garatzera, sendotzera eta areagotzera etorriko ziren euskal unibertsitatea, euskal telebista eta euskal komunikabideak, eta administrazioa euskalduntzea eta enpresak euskalduntzea.

Azken batean, betiko txokotik eta zokoetatik atera beharra zegoen euskara. Ilunpetik argitara, baserritik eta sukaldetik kalera…; ahozko mundu primitibotik mundu idatzi aurreratura, eguneroko mundu txikitik zientziaren eta teknologiaren eta zibernetikaren mundu zabalera…; hitz batean, antzinatetik modernitatera.

Hala ekin genion egitasmo hura betetzeari ere, gaztetasunaren indarraz eta mundu berria gero eta eskurago izateak harrotutako su gartsuaz.

Eta, egitasmo horren lehen emaitzek liluraturik eta itsuturik, bigarren mailakotzat jo genituen, eta atzerakoitzat, ahozko euskara, baserriko euskara, sukaldeko euskara, eguneroko euskara… Argi zegoen berriro ere bereizketa eta banaketa.

Hala ere, bihotzak edo senak edo dena delakoak ezetz esaten zigun. Gauzak ezin zitezkeen horrela izan. Eta bereizketa eta banaketa horren salatzaile genituen, besteak beste, Antonio Zavala eta bere Auspoa egitasmo erraldoia. Baina zer balio du etxekoaren ahotsak?

Eskerrak kanpokoen ahotsak ere iritsi zitzaizkigun; eta horien artean, Joshua Fishman soziolinguista ospetsuarenarena. Esanez, hitz gutxitan, oso garrantzitsua dela, salbatu nahi den hizkuntzarentzat, hizkuntza honek bereganatzea eskola, komunikabideak, administrazioa, unibertsitatea eta, oro har, prestigioa emango dioten gainerako arlo, eremu eta esparruak. Baina hizkuntza baten geroa, azken batean, familian, lagunartean eta kalean jokatzen dela. Hortxe ziurtatzen dela hizkuntzaren transmisioa. Hortxe neurtzen hizkuntzaren benetako indarra.

(Fishmanek gaineratu zuen, bestalde, dirua gastatzeko -eta xuhutzeko- askoz ere aukera handiagoa ematen dutela eremu prestigiodunek -eta prestigio-emaileek- hizkuntzaren transmisioa bermatzen duten txoko eta barruti xume horiek baino. Eta gogorarazi zigun, era berean, txoko eta barruti xume hauexetara iristen dela nekezen hizkuntz politiken eragina.)

Orduan konturatu ginen, baietz, euskarak ere familiari eta lagunarteari eta kaleari esker iraun duela bizirik gaurdaino eta horietan iritsi zaigula guganaino, ez euskal eskola eta ez euskal komunikabide, ez euskal administrazio eta ez euskal enpresa eta unibertsitate.

Eta orduan gogoratu ginen Aitzolen eta Manuel Lekuonaren artekoaz ere, 1936ko gerra aurreko Pizkundearen egitasmoa zela-eta: nola, euskara piztu behar eta, Aitzolek goi-mailako poesia sustatzean jarri zuen itxaropena eta nola, herriaren erantzun eskasaz oharturik, Manuel Lekuonak esan zion ea zergatik ez zuen probatzen bertsolaritza sustatzearekin. Ondorenen berri badakigu: bertsolaritzak hartu zuen indarra eta bete zuen zeregina eta betetzen ari den egitekoa.

Dena den, ez da ahaztu behar Aitzolen lehen ahalegin hartatik sortu zirela, besteak beste, Lauaxeta eta Lizardi eta Orixeren zenbait poema eder. Eta Lizardirenak ditugula, hain zuzen, “Eusko-bidaztiarena” poemako bertso-lerroak behin eta berriro aipatuak.

Baiña nik, izkuntza larrekoa,

nai aunat ere noranaikoa:

yakite-egoek igoa;

soiña zaar, berri gogoa;

azal orizta, muin betirakoa.

Denok bat gatoz, noski, euskara noranahiko eta goi-mailako egin behar horretan. Baina, agian, errazegi ahazten dugu nola amaitzen duen Lizardik “Eusko-bidaztiarena” -gure gai honekin hain estu lotuta dagoen poema, bestalde-.

Ta, beeko gaiok agor-ezkeroz,

Iguzki-k ezin urtuzko egoz

(Ikar-ek ez bezelakoz)

goazeman zerura igoz,

izar urdiñetarañoko asmoz!

Bai. Euskara egin dezagun noranahikoa, baina zuhurtziaz jokatuz; ez dakigun gerta Ikaro zoroari gertatu zitzaiona: Kretako labirintotik ihesi, Eguzkira gehiegi hurbildu nahi, hego argizarizkoak urtu eta itsasoan amildu eta hil.

Horrela erabilita, modu orokorrean, gai hauek ez dute sortzen gure artean desadostasun handirik. Komeriak -komediak eta tragediak- gero etortzen dira: eguneroko kontu zehatz eta jakinetara jaistean. Adibide batek lagun diezaguke hori argitzen. Uste dut konta daitekeela inor mindu gabe.

Euskadi Irratia pixka bat sendotu zenean, arduradunek nahi izan zuten euskarazko irratian aitzindari izandakoenen ahotsak jasotzea. Eta hala, besteak beste, zenbait lan eskatu zizkioten Basarriri. Baita bertsolari bezain kazetari handi hark baiezkoa eman ere. Hala grabatu, zabaldu eta gorde ahal izan zuten Basarriren ahots gogoangarri hura.

Behin hori eskuratuz gero, uste izan zuten erraza gertatuko zitzaiela hurrengo urratsa egitea: irratian aitzindari izandako emakumearen ahotsa grabatzea. Zer grabatu ere eskaini zioten: Antonio Zavalak, Mikaela Elizegik kontatutako pasadizoz, osatutako liburu zoragarria: Pello Errotaren bizitza, bere alabak kontatua. Ustekabeko erantzuna jaso zuten, ordea, arduradunek. Ezetz; haren euskara-eredua -euskal irratian aitzindari izandako emakume harena- ez zela Pello Errota eta alabarena, Lizardirena baizik.

Zer esango ote zukeen Jose Maria Agirre “Lizardi”k berak jokabide bereizle eta klasista horretaz? Horren aurkakotzat joko ote zituen bere eta asteasuarren euskara? Ez dut uste. Bere prosa irakurri besterik ez dago.

Urruti joan gaitezke -urrutiegi ere bai- protagonisten abizenekin-eta jostatuz. Baina funtsezkoa esana dago. Bestalde, anekdotikoa izan badaiteke ere, Lizardi ezizena, seguruenik, Julian Lizardi asteasuarrari hartu omen zion zarauztarrak.

Baina ez da horren anekdotikoa, inondik inora, beste asteasuar batek -Bernardo Atxagak- oso maitea eta estimatua izatea Pello Errotaren bizitza. Izan ere, esan daiteke hortxe dagoela, neurri handi batean, Atxagak izandako arrakastaren oinarria eta giltza: Mikaelak horren egoki kontatu eta Zavalak horren begi zorrotz eta leial jasotako munduan, non oraindik ere Eguzkia irten eta sartu egiten den.

Eta hortxe dago, hain zuzen, euskalgintza egoki baten oinarria eta giltza ere: gure mundu zahar eta egunerokoa maite, estimatu, gureganatu eta lantzean. Horrek ez du esan nahi, ez, mundu zaharra itsu-itsu onartu behar dugunik; horregatik idatzi dut lantzean ere. Eta ez du esan nahi, ezta ere, mundu berria ukatu edo gutxietsi behar dugunik; hasteko, mundu berriaren ateak ixten zizkielakoan utzi dutelako askok euskal mundua. Baina ez du esan nahi mundu berria itsu-itsu onartu behar dugunik ere, nahiz eta ezinbestekoa dugun bertan bizitzea.

Beraz, nola uztartu eta harmonizatu mundu zaharra eta berria? Zein lehenetsi euskararen hizkuntz politikan? Non jarri arreta, indar eta baliabide nagusiak? Kontzeptu batek lagun diezaguke egoki erantzuten: bizimundua kontzeptuak.

Kontzeptua XX. mendeko filosofo handi bati zor diogu (hau ere judua, Fishman bezala): Edmund Husserl-i (1859-1938). Berak Lebenswelt dio, alemanez (Leben, bizitza; Welt, mundua; s genitiboa). Eta bi modutara itzuli ohi da gaztelaniara: mundo de vida eta mundo de la vida; gaur, batez ere, bigarren forma erabiltzen delarik. Baina mundo vital ere itzul zitekeen. Euskaraz, berriz, bizitzaren mundua aurkitu dut (ikus, adibidez, www.hiru.com/filosofia).

Hala ere, uste dut bizimundua terminoak egokiago azaltzen duela esanahiaren -kontzeptuaren- berezitasuna. Izan ere, bai mundo de la vida terminoak eta bai bizitzaren munduak, horrela, dauden daudenean, ez dira termino markatu (espezifiko). Eta gerta dakiguke -gertatzen zaigu, zenbait testutan- irakurri eta ez konturatzea Husserlen Lebenswelt kontzeptuaren ordain direla eta horrela ulertu behar direla. Bizimunduak, ordea, ez du -oraingoz, behintzat- halako arriskurik. Hasteko, termino berria da, Lebenswelt bezala (Xuxen zuzentzaileak ere gorriz azpimarratzen du); eta, gainera, egoki ematen du bizimoduren ondoan.

Dena den, terminoak termino, kontzeptua bera da garrantzizkoa. Eta horretaz jabetzen lagun diezaguke, besteak beste, arestian aipatutako web orriak (gogoan izan: bizitzaren mundua dioenean, bizimundua ere irakur dezakegu). Hona web orri horretan datorren grafikoa ekarriko dugu, egoki azaltzen baitu bai nola ikusten zituen Husserlek bizimundua eta zientziaren munduaren arteko etena/lotura, bai bere filosofiaren (fenomenologiaren) egitekoa.

Bai. Berriro ere, Eguzkia eta Lurra. Ez da harritzekoa. Izan ere, 1934an idatzi zuen Husserlek, hain zuzen, “Lurrak ez du jiratzen” lantxoa. Testu horretan dionez, gaur egun onartua dago astronomiaren arlokoa dela Lurraren mugimenduaren gaia. Baina, astronomoek Kopernikoren teoria bereganatu zutenetik (Eguzkia geldirik dagoela eguzki-sistemaren erdigunean eta Eguzkiaren jiran dabiltzala biraka Lurra, Ilargia eta gainerako planetak), gizakiok, batetik, Eguzkia “sartu” eta “atera” egiten den munduan bizi gara eta, bestetik, gauzak alderantziz direla pentsatzen dugu. Beraz, tirabira batean aurkitzen gara: bizitzaren eta ezagutzaren arteko tirabiran.  Husserlek dioenez, ordea, okerragoa da nola konpontzen dugun arazoa: benetakoa eta egiazkoa deituz objektiboari edo ezagunari, eta okertzat eta gezurtzat joz bizitua.

Ba, horretara zuzendu zuen Husserlek bere ahalegin guztia:  mundu bizitua errebindikatzera eta horixe dugula ezagutzen iturburu ohartaraztera. Azken batean, positibismoa eta psikologismoa arbuiatzen zituen; ezagutza ziurra eta absolutua agintzen dutelako, nola eta gizakion bizipenak ukatuz, noiz eta bizipen horiek direnean ezagutza guztien iturburu (astronomiarenak barne). Husserlek berak aurreratu zuen, gainera, agian bizipen horiexetan aurki dezakegula, hain zuzen, bai horren maitea dugun ziurtasuna, bai bizitzaren zentzua.

Esan ote daiteke gehiago? Ondorioak ateratzea besterik ez zaigu gelditzen, bizimunduaren funtsezko garrantzia lau haizetara aldarrikatuz. Alegia, bizimundua baldin bada bizitzaren erdigune, bizimundu horixe izan beharko genukeela euskalgintzaren eta euskararen hizkuntz politikaren erdigune, eta gainerako arloak-eta planetak direla.

Usteak -pentsamoldeak, paradigmak…- ez dira, ordea, egun batetik bestera aldatzen. Hain dira funtsezko eta errotiko aldaketak. Eguzki-sistemaren erdigunea, Lurra ez baina, Eguzkia dela esatea bezalakoxea. Horrexegatik jotzen da Kopernikok eragindako paradigma-aldaketa, hain zuzen, funtsezko aldaketen adibiderik adierazgarrientzat. Horrexegatik hitz egiten da iraultza kopernikarraz.

Ba, nire ustez, iraultza kopernikarraren beharrean da euskararen hizkuntz politika. Planetak kendu erdigunetik eta euskal bizimundua ipini bertan, politika horren oinarri eta ardatz. Ai, euskararen industria!

Besteak beste, horrexegatik dira pozgarriak Zarautz hizketan eta Sasi guztien gaiñetik bezalako liburuak. Euskal bizimunduari begira jartzen gaituztelako eta bizimundu hori eskaintzen digutelako. Mila zorion egileei. Eta mila esker (eta bat gehiago) plazaratzea ahalbideratu duten erakundeei: Zarauzko Udalari eta Gipuzkoako Aldundiari. Izango ahal dute segidarik, hizkuntz politika egoki baten adierazle.

Gora