Letrak eta zientziak Faustoren talaiatik
Literaturak gutxi hitz egin du zientziari buruz, bere bizitza zientziari eskaini dion heroi gutxi dago literaturaren orrietan. Adibide ezagun bi jartzeko: Barojaren El árbol de la cienciako Andrés Hurtado medikuntzako ikaslea da; Martín-Santos-en Tiempo de silencioko Pedro, aldiz, minbiziaren kontrako erremedioak ikertzen ari den zientzialari bat dugu. Bi kasuotan, ordea, pertsonaien perfil zientifikoak ez dira arazo existentzial eta sozialetara hurbiltzeko aitzakiak baino, ez auzi zientifikoa lantzeko bide. Balirudike zientzialaria ez dela oso pertsonaia malgua fikzioa egiteko.
Literaturaren historian ugariago ageri direnak zientziak emandako munstroak dira. Frankestein, Gizon ikusezina, Jekyll eta Hyde… Zientziarenganako gehiegizko fedearen errezeloa, horra literaturak islatu duen beste gai bat: Verne bezalako autoreen salbuespenak salbuespen, literaturak gehiago islatu du deskubrimendu zientifikoen erabilera txarrari buruzko kezka aurkikunde berrien poza baino.
Zientziarekin lotutako literatur gairik orijinalena, ordea, jakituria lortzeko bidezidorrena da: neke guztiak berdindu, eta, ex nihilo, jakituriaren jabe egingo gintuzkeen bitarteko miresgarriena, zernahi delarik ere bitartekoa: deabruaren laguntza, edabe miresgarria, harri filosofala…
Euskal tradizioak eman duen idazlerik handienak, Axularrek, Salamancako unibertsitatean ikasteaz gainera ikasi zuen deabruak hiri berean zeukan kobazuloan ere:
“Nuizpait, Salamankako lezean, deabrü zaharrak formatü zizün apezgeien eskola bat. Dohainik eta urte bakoitz eskolatzen zitizün”, dio Cerquandek XIX mendearen azkenetan bildutako ipuin baten hasierak. Deabruak “arte mágica, astrología, judiciaría, geomancia, hydromancia, chyromancia, necromancia” irakasten zituen eskola horretan, Menéndez Pelayok esaten digunez.
Istorioa ez da batere arrotza, behin eta berriro errepikatzen da Europa kristau osoan. Batzuetan, tokian tokiko pertsonaia historikoak dira protagonistak (Koperniko, Erasmo); bestetzuetan, asmatuak (Fausto, Peter Schlemihl, Medardo). Baina ele horiek guztiek hiri baten kokapen erreala dute beti (Salamanca, Coimbra, Praga, Tubinga, Leuwen, Sorbona, Krakobia, Leipzig), eta hiri horietan guztietan unibertsitate katoliko entzutetsu bana dago. Ele guztietan, halaber, unibertsitatetik hurbil, deabruak eskola bat dauka kobazulo batean, eta jakituria eskaintzen du arimaren truke.
Faustoren mitoaren aurrean gaude, mundua menderatu eta arkano guztiak ezagutu nahi dituen mitoaren aurrez aurre. Aldi berean, mundualdi erreal honen aldeko apustua egiten du Faustok eta balizko beste mundu bat ukatzen; edo, gutxienez, bazter uzten. Gero gerokoak, beraz: zientziak mundu honetakoak ditu gaia eta helburua, munduan du autonomia.
Faustoren mitoa ez da, ordea, beti berdina izan, aipatzen ari naizen kontuok garapen nabarmena izan dute literatur historian.
Faustoren mitoak bertsio ugari eman baditu ere, hiru dira literatur fruitu goratsuak: Marlowerena, Goetherena eta Thomas Mannena. Hiru idazleok nork bere garaiko iritzien neurrira josi zuten mitoaren kapa, baina kaparen ehundura bat eta bera da hiru kasuotan: hiru obretan Faustok arima saltzen du, lehendabiziko bi kasuetan, jakituriaren truke, eta hirugarrenean, Thomas Mann-en testuan, gorentasun artistikoa lortzeko.
Garai bakoitzak bere adabakiak erantsi dizkio mitoaren longainari.
Mitoaren lehendabiziko bertsio goratsua, Marlowerena, XVI mendekoa da. Bertan ageri den Fausto teologoa dugu, baina teologia filosofiaren adar bat zen garaian eta teologiak alkimia gaitzesten ez zuenean. Korneliok, Marloweren obrako pertsonaia batek, hala diotso Faustori:
“Astroen zientzian aditua denak, letra aberatsak dituenak, mineralak ezagutzen dituenak, magiak eskatzen dituen printzipio guztiak ezagutzen ditu”.
Alkimiaren -zientzia-aurrearen- garaietakoa da Marloweren Fausto eta Korneliok magia dioen tokian, guk irakurri behar dugu izakiaren aldaketa erabatekoa lortzeko gai litzatekeen sendabide unibertsala, elixir edo edabea, harri filosofala, isilpeko jakintza, panazea, misterioaren ate guztiak zabal ditzakeen abrakadabra…
Marloweren testuan alkimia (zientzia) eta letrak ez dira jakituria beraren bi adar osagarriak baizik. Oraindik ez dago zientziaren eta letren arteko distantziarik. Auzo oneko legean bizi dira biak lurralde berean.
Pixkana-pixkana, ordea, zientzia autonomia hartzen hasi zen. Nerabezarotik irteten. Alkimia bezalako aukerei edo fedearen itzal luzeari bizkarra emanik, zientziak, alkimiak ez bezala, arrazoia hartu zuen bide-makulu bakar (inkisizioaren sutatik pasatu behar izan bazuen ere).
Garaiko artearen eredua -arte klasizistarena- ez zen txarra zientziarentzat: arrazoiaren gidaritza, subjektibotasunaren brida, oreka, arauak, kanona, armonia, argitasuna… Leonardo da Vincik dioenean l’arte é cosa mentale ekintza artistikoaren izaera intelektuala azpimarratu nahi digu. Arteak objektua du oraindik bere jardueraren ardatza, unibertsalak eta beti berdinak omen diren arau estetikoen imitazio ahal den zuzenena da artistaren egitekoa: arrazoiaren erabilera zuzen orekatua da artea egiteko bidea, eta ez subjektibotasunaren eta senaren leherketa kontrolik gabea.
L´arte é cosa mentale, beraz.
Bestalde, eta zientziara itzuliz, hor non Galileok esaten digun matematikak direla fenomeno naturalak ulertzeko giltza. Batetik dio: Jaungoikoak matematiken alfabetoan idatzi du unibertsoa. Eta bestetik: naturaren liburu handia sinbolo matematikoekin idatzita dago.
Mekanika modernoaren hastapenetan gaude oraindik, baina Galileoren artista garaikide bat, John Donne poeta, beldur da mekanikak eta, oro har, zientzia berriak, ez ote dituen mundutik bota nahiko giza irudimenak asmatu dituen naturaren interpretazio espiritualak eta mitoak.
John Donne hasita dago datorrena usaintzen. Eta etorriko denari forma emango dioten handikien handikiena, Goethe. Faustoren mitoari buruzko bigarren testu handian, Goetherenean, protagonista filosofoa da, ez teologoa, eta protagonistari entzuten dizkiogun lehendabiziko hitzak kexuzkoak dira:
“Ai, sakonki eta neke sukartsu batez ikasi ditut filosofia, legeak, medikuntza, eta, zoritxarrez, baita teologia ere. Eta orain, zer naiz ba gizagaixoa!, lehen nekiena dakit. Maisu deitzen didate, eta baita doktore ere (…) baina ikusten dut ezin dugula ezer jakin”.
Goethe, punta-puntako idazlea izateaz gainera bai baitzen punta-puntako zientzialaria ere, ikusten hasita zegoen letren eta zientziaren arteko zanga gero eta gehiago ari zela zabaltzen. Bestalde, artea desplazatzen hasita zegoen objektutik subjektura, eta horretan ere Goethe aitzindari dugu:
“Ihes egiten diot argitasunari, iluntasuna argitu nahi baitut”.
Emoziotik, imajinaziotik edo asoziaziotik datozkigun hainbat barneko kontu giltza ezin aproposagoak dira subjektibotasunaren ateak zabaltzeko, hori da, besteak beste, Goethek irakatsi ziguna.
Horren haritik, Baudelairek handik gutxira dio bere poema batean:
“Baporerik eta belarik gabe bidaiatu nahi dugu!”
Arrazoiaren itzal luzerik gabe, alegia. Baudelaireren bertsoak Danteren bertso ezagun hura gogorarazten du (”sotto il velame delli versi strani”), baina Danterena abisu bat zen: tentu bertso estrainioekin eta prozedura arraroekin. Baudelaire, ordea, prozedura estrainioak abiarazteko ari zaigu eskatzen. Prozeduraren beraren garrantziaz ari zaigu. Baina bertso horrekin Baudelaire ari zaigu zientziaren eta arteen arteko aldea azpimarratzen ere. Bi esparruen helburua, egia da, bat eta bakarra dugu: bidaiatzea, mundua eta gizakia ezagutzea. Bitartekoak dira desberdinak: zientziak eta arteak prozedura dute diferente, horra Baudelaire esaten ari zaiguna.
XVIII eta XIX mendeko zientziak gero eta motibo gehiago zituen bere auto-estimua gizentzeko eta, aldi berean, artearen balizko irrazionaltasunari goitik behera begiratzeko. Gero eta elkarrenganakoagoa zen, ordea, errezeloa eta destaina. Zientzia gero eta ospe gehiago lortzen ari zen; arteak, berriz, nekez euts ziezaiokeen garai bateko bere izaera aristokratikoari.
Walt Whitman-en poema batek ondo erakusten du poesiak zein hoztasunarekin begiratzen zion zientziari:
Astronomo erudituari entzun nionean,
frogak, zifrak zutabeetan emanda jarri zituenean nire aurrean,
mapak eta diagramak erakutsi zizkidanean
mundua batzeko, zatitzeko, neurtzeko,
eserita entzun nionean aretoko txaloen artean,
oso modu arraro eta azkarrean nazkatu nintzen,
eta jaiki eta handik alde egin nuen,
bakarrik, gaueko aire mistiko hezean,
eta, isiltasun perfektuan, izarrei begiratu nien.
Nork begiratzen die izarrei hobeto (zehatzago?), zientzialari batek edo artista batek?
Thomas Mannen Fausto artistak -musikari batek- Marloweren Fausto teologoari eta Goetheren Fausto filosofoari hartzen die lekukoa. Gainera, Mannen obra ez da, aurreko beste bi kasuetan bezala, antzerki bat, nobela baizik. Protagonistaren eta generoaren aldaketak ez dira, begi bistakoa da, kasualitateak. Hautatutako generoari dagokionez, nobelak aspaldi kendu zion genero herrikoiaren bandera antzerkiari. Protagonistari dagokionez, berriz, zergatik musikaria eta ez beste edozein diziplina artistikotakoa? Musika delako diziplina zientifiko batetik -matematikatik- hurbilen dagoen artea. Adrian Leverkühn musikariak ituna izenpetuko du deabruarekin, eta ordu arteko tradizio musikalarekin hautsi eta gero, arte berriaren -dodekafonismoaren- gailurra lortzeko bidean dagoelarik, musikaria erotu egingo da harroaren harroz. Hori ere ez da kasualitatea: Adrian Leverkühnek Wagner gogorarazten digu. Eta Alemania ere erotu ez zen ba kontrolik gabeko ni puztu baten erruz?
Senerus-ek, musikariaren lagun batek -istorioaren narratzaileak- nobelaren momentu batean dio:
“Inoiz ikusi ez den, ikusi behar ez den zerbait deskubritzearen irrikaz hitz egin zidan Adrianek. Zientziaren jardun patetikoaz aritu zitzaidan, eta Adrianek esaten zidan espirituak eraman lezakeen punturaino saiatu behar duela zientzialariak”.
Paragrafo horretan, zientzialariaren praktika aplikatu beharraz ari zaio musikaria bere adiskideari. Zientziaren praxiarekin artea sortu beharraz. Thomas Mann ari da Senerusen ahotik. Aldi berean, Thomas Mannek hori idatzi zuen garai bertsuan, Einsteinek zioen elementu poetiko ugari zegoela pentsamendu zientifikoan. Zientziak eta musikak prozesu mental antzekoak praktikatzen dituztela. Irudimenaren apologia egin zuen Einsteinek: intuizioak bere tokia du behaketa zientifikoan. Metodoaren apologia egin zuen Mannek: arrazoiak bere tokia du sormenean.
Zientziak metafora behar du, zientziak metaforak sortu behar ditu munduaz hitz egiteko. Poetarentzat ere metafora -metafora bere horretan- ez da aski: arrazoia behar du poema egituratzeko, efektuak neurtu eta kalkulatzeko.
Baina gure garaion ezaugarri garrantzitsuenetako bat -nagusia ez esateko- analfabeto erabatekoak garela alor gehienetan, letretakook hutsaren hurrengoa dakigula, adibidez, fisika kontuez edo aurrerapen teknologikoek adierazten duten munduaz. Eta alderantziz.
Aspaldi itzali zen jakituria unibertsalaren gosez bizi ziren gizakien garaia. Gaur beste bat da nagusitu den eredua: beren espezializaziotik kanpo analfabeto kultural erabatekoak diren -garenon- profesionalena. Nola elkartu gero eta urrutiago dauden mundu horiek, zein zubi eraiki komunikazioa lortzeko?
Alan Kay zientzialariak, lingua franca zientifiko baten premia aipatu eta gero, dio metafora dela zubi eta komunikazio-tresna nagusia: “genoma bat poesia baten moduan irakurri behar litzateke, ez erabilera-oharren manual baten gisa”.
Eta hona horrek eragiten duen galderetako bat: zer nolako etorkizuna dute humanitateek zientzien aurrean? Elkarren artean zerikusirik ez duten kulturaren bi area al dira artea eta zientzia? Baten eta bestearen motibazioak eta helburuak ez al dute inolako antzik, hain desberdinak al dira bata zein bestea abian jartzen dituzten mekanismoak? Zientziak bakarrik operatzen al du errealitatean? Arteak ez al du, nahiz beste modu batean, gauza bera egiten?
Galdera horiek erantzuteko prest dagoen gure garaiotako Fausto bat behar dugu, prest dagoena deabruarekin berarekin ere ituna egitera . Ez du, jakina, teologo bat edo filosofo bat izan behar. Ezta musikari bat ere.
Zein lanbidetakoa litzateke deabruari arima salduko liokeen Fausto modernoa?



