Zilborra
Gaur egun ia ziurtzat jotzen da gizaki guztion antzinako arbasoak Afrikako ekialdekoak zirela, hau da, gizaki guztiok Afrikako haien ondorengo garela, eta, neurri handiago edo txikiagoan, denok ahaide garela.
Anaidia unibertsal honek, ordea, ez digu barrena lasaitzen, eta denok berdinak garela esan arren, batzuek besteak baino berdinagoak garela pentsatzen dugu maiz, Etxaldeko abereak-en txerri iraultzaileetako batek pentsatzen zuen bezala.
Bere herritartasunaren kontzientzia hartzen duen edozein herrik badu joera bere burua munduaren erdian ikusteko: Europakook Europa marrazten dugu munduko maparen erdian. Amerikarrek gauza bera egiten dute, horretarako Asia bi zatitan banatu behar badute ere, eta Australiarrei ez zaie batere inporta munduko gainerako nazio guztiak “buruz behera” jartzea eurek hegoaldea goialdean jarri eta maparen erdialdea hartzen badute. Norberak beretzat nahi du “erdia”: zilborraren sindromea omen da.
Greziarrak ez ziren gainerako herrietatik apartekoak, eta haiek ere nahi zuten “munduaren erdiko herri” izan. Delfos herria aukeratu zuten zilbortzat, eta irudi baten bidez adierazi: Delfoseko Omphalos harriarekin. Omphalosen esanahia horixe da, zilborra, eta zilbor horretatik hasten ziren greziarrak neurriak eta distantziak hartzen.
Grezian bezala, bai Babilonian, eta baita Egipton edo azteken Inperioan ere, baziren horrelako zilborrak, nahiz eta ez eraman omphalos izen greziarra. Ordutik gauzak aldatu dira munduan, egia, baina ez hainbeste. Nahikoa da Madrila joatea, eta Sol plazan aurkituko dugu kilometro zero delakoa (km 0). Han hasten dira bide guztiak, han jaiotzen dira distantziak…
Istambuleko hipodromoa izandakoan ere (gaur egun ez da erraza haren arrastorik sumatzea harri zaharren artean), ba omen zen halako harri nagusi bat, zeinetik neurtzen baitziren Bizantzioko inperioko distantziak. Herrialde eta nazio bakoitzak, beraz, uste izan du bere baitan zuela munduaren ardatza, axis mundi, munduaren erdigune berdadero bakarra…
Kontatzen dute behin batean bazela zegamar bat horko mundu horietan ibili behar izan zuena. Zegamar horrek ez zeukan, itxuraz, bere herria zakarrontzira botatzeko, eta hor ibiltzen omen zen bere Zegama gora eta bere Zegama behera. Halako batean galdetu omen zioten non zegoen hainbeste aipatzen zuen Zegama hori, eta berak, burutik txapela kendu eta mahai baten gainean jarri ondoren, txapelaren ertza hatzarekin inguratu omen zuen, eta biribil haren esanahia adierazi:
-Hau bada mundua…
Gero, txapelaren txortenari bi hatzez heldu, esan omen zuen…
-…hau da Zegama.
Hark ere garbi zeukan non zegoen munduaren erdigunea… eta argi adierazten du zilborraren sindromea edonongoa dela.
Euskaldunok, ordea, ez dugu gure zilborra ondo irudikatzeko benetako estatu egiturarik izan XVI. mendeaz gero, eta, nik dakidala, unibertso euskaldunaren zilborra izan zitekeen harri onfaliko benetakorik ere ez dugu.
Egia da Orreagako eta Amaiurreko monumentuek badutela antzinako omphalos antzeko mugarrien antza, baina hori da dena: antzekoak izatea. Euskaldunok oraindik ere txapelaren gaineko txortenari begiratzen jarraitu beharko dugu, zoritxarrez.
Alabaina, euskaldunok badugu geureari eusteko grina, geure kultura eta hizkuntzari, esan nahi dut, eta hainbat aldatzen ari den mundu honetan ondo letorke iraganari begiratu bat edo beste ematea. Aurreko artikuluan (Haitzak eta hitzak) Baserritarrak eta kaletarrak hartu nuen hizpide, oraingoan Auzolana, eta bereziki mahastietako lanetan egiten ohi zen auzolana, izango dut gaiaren ardatz nagusi. Hor doa!
Auzolana
Ez da erraza auzolanaren kontuari neurrian eta hotzean heltzea.
Izan ere, auzolanaren kontu honek handikako eta hemendikako bedeinkapenak jaso baititu, gauza ezinbesteko eta izugarri gisa. Ezker muturreko anarkismotik hasi eta kristautasun eskuinekoraino edozeinen miresmenak sortu ditu auzolanak: gizakion arteko berdintasunezko eta anai-arrebatasun-maila goreneko harreman gisa ikusi izan dugu.
Auzolana, ordea, ez da izan gizakion berdintasunean eta anai-arrebatasunean (ez behintzat horietan bakarrik) oinarritutako ekimen altruista. Auzolanean aritzen zenak, eman adina jaso nahi zuen, edota komunitatearen eginbeharrak denen gainean hartuz, haiek ekarritako ondasunen partaide izan.
Ez diogu, hala ere, berezkoa duen balioa kendu nahi auzolanari. Benetan miresgarria da horrelako antolakuntzaren bidez komunitateak konpontzea familia bakarrak konpon ezin zituen hainbat arazo, eta, batez ere, miresgarria auzolana bezalako antolakuntza prestatzeko gaitasuna zuen gizartea existitzea. Gaur egun, geure gizarteari begiratu, eta ia ezinezkoa ikusten dugu auzolana bezalako zerbait antolatzea. Nolabait esateko, gure ordezkarien eskutan utzi ditugu gure erantzukizunak, eta larrialdi batean (uholdea, sua, istripua…), edota gure neurritik gaindi geratzen diren lanak (mendibideak txukuntzea, denonak diren eraikuntza edo baselizak zaintzea…) besteen eskuetan (suhiltzaileak, bidezainak edo ertzainak…) uzten dugu gizarteari laguntzeko dugun geurezko joera. Egia da badirela boluntarioak eta laguntzarako elkarteak, baina, oro har, besteri laguntzeko egiten dakigun bakarra 112ra deitzera mugatzen da.
Auzolanaren memoria zaharra gaurkora eta leiho elektroniko honetara ekartze aldera, Zarautzen ohikoa izanagatik beste leku askotan ezagutzen ez den langintza bat hartuko dut ardatz gisa auzolanaren izaera azalean uzteko: mahastietako lana.
Esan beharra dago, alde batetik, orain ez bezala, etxeko ekonomian alboko jarduera zela txakolingintza. Esan nahi da, txakolinetik, besterik gabe, ez zegoela bizitzerik, eta baratza, soro eta belardietako lanekin batera egitekoa izan zen mahastietakoa. Beste aldetik, egutegia eskuetan dugula hasita mahastietako lanen gurpilarekin, mahats berriak landatzea edo sortzea izango dugu urteko lehenengo eginkizuna. Neguan, urtearen amaieran edo urte berriaren aurreneko hilabeteetan, egiten zen eta gehienetan murgoi berriak sortzea izaten zuen helburu.
Murgoiak sortzeko, aurreko urteko mahats-aihen luzeren bat parraletik askatu eta lurrean sartzen zen (aihenaren erdi parean edo). Alboko landarea kaltetua zegoenean, edo alboan landare bat galdu zenean egin ohi zen hori. Lurrean sartutako aihen haren zati bat (laburragoa) lehengo lekura lotuko zen, baina beste zatiak landare berria sortuko zuen (murgoiak sustraiak eginda). Gaztelaniaz acodo deitzen zaio landareak ugaltzeko erabiltzen den era honi, euskaraz mahatsa murgoitzea.
Otsailean edo martxoan (mahats-landareak mota bota aurretik, hau da, loratu aurretik) podatu (inausi) egiten ziren landareak. Lan horretan inausketaz zekienak jardun behar izaten zuen, mahastiaren sekretuetako bat baita ondo inaustea. Guraize bereziak erabiltzen ziren mahats-aihenak podatzeko: poda-guraizeak.
Podatu ondoren, mahatsak lotu egiten ziren. Esan nahi da inausi ondoren geratzen zen aihen zatia parralari lotzen zitzaizkiola. Horretarako zume horia erabiltzen zen lokai gisa. Oraindik ere mahasti ondoetan edota mahasti izandako lekuetan aurki daitezke altuera txikiko zuhaixkak kimu berri hori-horiekin: mahatsak lotzeko erabiltzen ziren zumeen arrasto garbiak dira.
Zume horiek nola erabiltzen ziren?
Aihena lotzeko begizta berezi batekin egiten zen. Zumea bihurritu eta tolestuz lortzen zen mahats-aihena parralari lotzea, soberakin geratzen zen zume-muturra oraindik erabilgarria bazen, poda-guraizeekin edo labana zorrotz batekin mozten zen.
Inausitako mahatsetatik geratzen diren aihen zatiei txermendu deitzen zaie (sarmientorekin zerikusia izango du, beharbada, hitz horrek). Zume zatiak eta inausketan sortutako txermenduak, denak, jaso egin behar izaten ziren, lotzearekin batera edo pixka bat ondoren, lurra garbi utzi eta aitzurrean hasi aurretik.
Mahatsak lotzearekin hasten zen, (ez beti baina bai zenbaitetan), mahastietako auzolana. Gehienetan etxekoekin nahikoa izango zen lan hori egiteko, baina “etxeko indarra” nahikoa ez bazen, auzokoen laguntza eskatzen zen. Pentsatu behar da era honetako auzolanaren funtzionamendua lanaren trukatzean oinarritzen zela: diru gutxi zirkulatzen zuen (otorduak eta edariak ordaintzeko behar zena), eta egindako lanaren truke gero beste nonbait egingo zen lana eskaintzen zen. “Ni joango naiz zuri laguntzera beharrean zaudenean, baina, ordez, zu etorri niri laguntzea ni beharrean nagoenean”.
Auzolanarekin batera, bazen (bai mahastietan, baina baita ere beste zenbait nekazal lanetan ere) lan egiteko era xelebre bat ere. Zuzenbidean badu bere lekua, eta antigoaleko kutsua du. Mahastien kasuan, nagusiak (jo dezagun Narroseko markesa zela) eskaintzen zituen lurrak, mahastia, lanerako tresnak eta mahastia osasunean egoteko beharrezko ziren botikak (sulfatoa, sufrea…) eta langileak bere lanerako ahalmena eta gogoa jartzen zituen. Uzta jasotakoan, etekinak erdi bana izaten ziren. Apartzeriako edo erdirako kontratua izaten zen.
Mahatsak inausi, lotu, mahastia aitzurtu, mahatsei sulfatoa bota hainbat aldiz, hauts zuriaren arriskua bazegoen baita sufrea ere, parralak tinkotu, hesolak berritu… lana sobera izaten du mahastiak mahats-mordoak heldu aurretik.
Orain gauzak zertxobait aldatu badira ere, irailaren 20 ezagutu dut egunik aurreratuena mahats-kiteak egiteko (mahatsa biltzeko) eta urriaren 12a beranduena. Mahats biltzea auzolanean egin ohi zen beti. Hainbat mahastizale elkartzen zen eta familia horien artean egiten zen auzolana. Gogoratzen ditut Salbide, Tente, Txiliku, Rita berritsu, Kirkila… izan ohi ginela gure “elkartean”.
Talde bakoitzeko mahatsak noiz bildu erabakitzeko, denen artean erabakitako “honbrebuenoa” izan ohi zen. Hark esaten zuen zein mahastietan zegoen mahatsa helduena eta zein izango zen mahats-bilketa egiteko ordena. Martin Txiliku lan horretan aritu izan zelako dut horren berri.
Biltze-lanak egiteko, etxe bakoitzetik eraman ohi ziren kopa-otarreak eta poda-guraizeak, eta gero nahasi ez zitezen bakoitzak markatzen zituen bere tresnak bere ikurrarekin. Gure etxeko otarreak, esaterako, hiru koxka (igitaiarekin edo poda-guraizeekin eginkakoak) izaten zituen helduleku batean eta bat bakarra bestean.
Auzolanean jatorduen eta edarien erritoak oso zehaztuak egoten ziren. Gogoratzen dut, esaterako, dolareko lanetan afaria olagarro-zopa eta xerrak piperrarekin izan behar zutela, eta arratsaldeko askarian Mantxako gazta. Edaria, berriz, ardoa (eta inola ere ez sagardoa). Arauak arau ziren.
Miserikordian baziren hara erretiratu eta bertako eginda zeuden hainbat pertsona, batzuk baratzeko eta mahastietako lanean aritzen zirenak. Bi gogoratzen ditut, behintzat: Juanjoxe Beote eta Joxemari mutua. Haiek ez zuten maiz ikusiko eta dastatuko ardoa, mojen ardurapean ez dut uste, eta aski estimatzen zuten mahasti-lanetan ari zirenean eskaintzen zitzaiena. Joxemari mutuak bazuen joera bitxia: baso-ardoa edandakoan, mingainari klaskateko bat eman, edalontziari buelta eman eta musu eman ohi zion ipurdian, basoaren ipurdi hartan santuren baten erlikia egongo balitz bezala.
Mahatsaren garraioan etxe bakoitza arduratzen zen gehienetan, eta otarre bereziak erabili ohi ziren horretarako: mahats-otarreak. Mahats-otarreak, lepaotarreak eta kopa-otarreak ez bezala, neurri berekoa zuten ipurdia eta ahoa, horrela errazago moldatzen baitziren gurdietan egoki jarri eta karga-sokarekin ondo lotzeko. Mahastia oso aldapan bazegoen, leran ekartzen ziren otarre horiek bideraino eta bidean bertan kargatzen zen gurdia dolarera eramateko.
Baserri bakoitzak ez zuen bere dolarea izaten, eta are gutxiago ea etxetxo bat baino askoz gehiago ez ziren kale-baserriek. Gurean, ohitura zen mahatsa Pantolingoko dolarean jotzekoa. Dolare hori Orape kalean zegoen (orduan Amezti kalea zela uste dut), Txiki Polit txaletaren aldamenean. Dolarea zaharra zen zeharo eta urtean behin erabiltzeak ez zion asko laguntzen berritzeko. Han zegoen sagarra jotzeko matxaka eskuz eragiteko akerrekoa zen (hori ez zen arraroa), baina sagarra jotzeko bi harri biribil zituen burdinazkoak izan ordez, pentsa!
Dolareko lanak, mahatsa jotzea eta muztioa ateratzea, auzolanean egiten ziren. Lehenengo, otarreetan ekarritako mahatsa eskaileretan gora igo (dolarea lehenengo pisuan zegoen, ez behean), dolareko putzuan irauli (putzua bete arteraino) eta txistia egiten zen. Txistia, mahatsa zapaltzea, alegia, oin hutsik egiten zen, galtza-barrenak belauneraino igo eta zaka-zaka mahats-aleak zapalduz. Mahats-mordoen txortenak oinetako behatz artean sartzen ez ziren bitartean atsegina izaten zen, eta mahatsa noiz bildua zen asmatzeko balio izaten zuen: goizean jasotako freskoa, eguerdiko beroa, arratsaldeko epela…
Dolarean zapaldutako mahatsetik ateratako muztioa behera joaten zen, eta beheko solairuan jarritako barrika batean jaso. Muztioak barrika hura betetzen hasi orduko hasten zen garraioa, eta ur-suilak (usulak, egurrezko ontzi bereziak, goian estuagoak eta ipurdian zabalagoak) erabiltzen ziren neurri (hainbeste etxerako, hainbeste nagusiarentzat). Dolarearen jabeak ere izaten zuen bere partea, eta hainbeste ur-suiletik bat hari eman behar izaten zitzaion ordainsari (diruaren ordez generoa hemen ere).
Txistia egin ondoren, mutiko jendea etxera joan ohi zen (ginen). Hanka likak garbitzeko (dolarean ez zegoen txorrotako urik) kaleko iturrietara joan behar izaten zen, Parrokia ondokora edo Munoan zegoenera, oinetakoak eskuan hartuta. Mahatsa jotzeko lanak, ordea, luze irauten zuen oraindik, eta afaria dolarean bertan egin ohi zuten helduek (lehen aipatu dugun bezala aurrez zehaztuta zeuden jakiekin, noski: olagarro-zopa eta xerrak potoko piper gorriekin).
Mahatsak bildu ondoren, mahastietan geratzen ziren ahaztutako mordoak biltzeko aukera libre izaten omen zen, eta zenbait familiak (beharra zutelako edo) haiek biltzen omen zituzten: txordoketan aritzen ziren.
Etxera eramandako muztioa, gurdiari egokitutako bokoi edo barrikatxo baten bidez, onil batetik isurtzen zen etxean aurrez garbitu eta prestatuta zeuden bokoietara. Onila inbutu handi bat zen, zurezkoa, tina baten antzekoa eta zinkezko tutua zuena behean erdialdean.
Bokoiak bete ondorengo lanak etxe barrukoak izan ohi ziren, eta txakolinaren ontzea zuten helburu: muztioak nola irakiten zuen kontrolatu, behar zenean bokoiak ondo itxi eta prezintatu, eta txakolina noiz zegoen botiletara pasatzeko moduan jakin ahal izateko une egokia zorrotz zaindu. Txakolin-probaketa deitzen zitzaion festatxoan erabakitzen zen nolakoa zen urte hartako txakolina.
Mahastietako lanetan bezalatsu, baserriko beste hainbat ekintza ere egiten zen auzolanean. Beste hainbeste lanen artean, artazuritzea, gari-jotzea eta linoaren lanak auzolanean egiten ziren. Bestalde, urrutiko baserrietako edo auzoetako bideak (kamineroek zaintzen ez zituztenak, diputazioenak-edo ez zirelako) garbi eta txukun mantentzeko auzolanean garbitzen eta berritzen ziren. Auzolan mota horri danda deitzen zitzaion. Ohituren memorian eta ahozko literaturan garrantzi handia zuten auzolanean egindako ekitaldi horiek guztiak, nekazari jendea lan horiek zirela medio elkartzen baitzen eta transmisio-gune izaten baitziren elkartze horiek. Baina hori dena beste kontu bat da, eta beste baterako beharko du…
Auzolanaren tradizioa ez da erabat galdu oraindik, ekintza horiek kasu bereziak eta behin-behinekoak izan ohi badira ere. Azken urteetan auzolanean egin dira, esate baterako, Pagoetako bordaren berritzea, Zarauzko Poligonoko urbanizazioa (arrosadia barne), Santangraziko baselizaren txukuntze-lanak, hainbat herrietako gaztetxeen antolaketak, Zarauzko geltoki atzeko lorategia… Lehengo ohitura zaharren itzalak irauten du oraindik…










