Animalculatik mikrobiologiara
Zientzia eta zientzialariak. Hona hemen historian zehar hainbeste eztabaida, beldur nahiz mirespen sortu duen gaia. Zientzia, ongizatea, mundu eta unibertsoaren ulermen grina, mendeetan zehar gizakiaren oinarrizko zutabe izan dira. Gizaldiz gizaldi, giza ezagutzari ezkutuan gorde ohi zaion jakintza zoragarri horren atzetik ibili izan da hainbat gizon eta emakume. Saiakera honen helburua ez da, ordea, historian zehar izan diren hainbat ikerkuntza eta ikertzaileen aipamen zehatza egitea, garai, gizon, Elkarte eta pentsamendu edo bizitzarekiko ikuspuntu jakin baten berri ematea baizik. Hurrengo lerroetan, ondorioz, Anthony van Leeuwenhoekez, Londongo Royal Societyz eta garai hartako, hau da, XVII. mendeko zientziaz arituko naiz.
Pentsamendu eta ikerketa berrien hasera non edo noiz ematen den zehatz-mehatz jakitea beti zaila gertatzen bada ere, hona hemen saiakeran jorratuko ditudan ideia nagusien ildoa jarraitzeko lagungarri izango diren datu batzuk. XVI. mendean, zientzia politikoaren sorrerarako oinarriak ezarri ziren. XV. mendearen lehen erditik aurrera, berriz, ezagutza zientifikoen berrikuntza hasia zen. XVI. mendeko jarduera zientifikoen izaera erabaki zuten Errenazimenduko joera garrantzitsuenak XIV. eta XV. mendeetan azaltzen dira arian-arian.
Prozesu hau azkartu zuten gertakari batzuk aipatze aldera, Konstantinoplaren erorketa eta liburu nahiz inprentaren asmaketa izan daitezke garrantzitsuenak. Lehenengoak, bizantziar eskuizkribu oparo eskura zituzten zientzialari andana eraman zuen Italiara eta bigarrenak, berriz, testuen zabalkuntza hobeagoa eta hedatuagoa suposatu zuen.
Garapenak, gutxienez, bost arlo nagusitan eman ziren: matematikan, astronomian, fisikan, kimikan eta anatomian. Garapen hauen bultzatzaile edo sortzaile batzuk Leonardo da Vinci, Giordano Bruno, Koperniko eta Kepler izan ziren. Zientzialari hauen lanen eskutik, besteak beste, garai hartako gizartea Iraultza Kosmologikoan murgildu zen. Aldaketa honek suposatu zuenaz ideia bat izan dezagun, zera aipatuko dut: Lurraren heliozentrismoa eta mugimendua ezartzen zituen 1543an argitaraturiko Kopernikoren obrak ordu arte indarrean izan zen jakintza alde batera utzi zuela. Hau da, bi mila urtean onartua izan zen unibertsoaren ikuspegi aristoteliar-ptolomeiarraren ordez, hierarkiarik gabeko unibertso ireki eta mugagabea defendatzen zuen ideia modernoa bultzatu zen.
Ondoren Iraultza Kosmologikotik Iraultza Zientifikora pasatu zen. Bilakaera hau XVII. mendean eman zen, Galileo, Bacon, Descartes, Newton eta beste batzuei esker. Beraien ideien eta lanen ondorioz, mundua eta unibertsoa ulertzeko ikuspegi eta praxi berriak sortu ziren: Zientzia Modernoa. Honen eraginez, lege matematiko zehatzen agindupean mugimenduan zegoen materia sistema baterakoia bezala ulertzen zen unibertsoa eta natura.
Aipamen labur moduan, gerora begira berebiziko garrantzia izan zuten bi zientzialarien aipu laburra egingo dut. Bata, Galileo Galilei (1564-1642) italiarra da. Kopernikoren sistema heliozentrikoaren defendatzaile sutsua izan zen astronomo, fisikari eta matematikari honen behaketa astronomikoetatik eratorririko ondorioak medio, historia eta zientziaren beste aro baten loraldia etorri zen: Aro Instrumentala, hain zuzen ere. Garai honetan, gizakia eta errealitatearen artean tartekatzen den zientzi tresnaren ekintzak, esperientzia berri baten aukera ematen du.
Bigarrena, Bacon ingelesa da (1561-1626). Abokatu, politiko eta filosofoa izan zen. Bereak dira, ohiko jakintzaren kritika eta zientziaren ikuskera berri baten formulazioa. Baconen ustez, jakintza zehatza aurkitzeko, induktiboa da zientziak jarraitu beharreko metodoa. Hau da, behaketa bakanetatik abiatuz, formulazio orokorretara iritsi behar da. Gizarte ongizatea eta materia menderatzea ekarriko duen naturaren jakintza esperimental moduan ulertzen du zientzia Baconek.
Testuinguru honetan lekuturik, saiakeraren azterketa xedea den gure zientzialariaren bizitza, ikerketa, ondorio nahiz helburuak hobeto ulertuko direla uste dut.
Anthony van Leeuwenhoek Delften, Holandan jaio zen, 1632ko urriaren 24ean eta han bertan, Delften, hil zen 1723ko abuztuaren 26an. Merkatari eta zientzialaria, mikroskopioen eraiketan eta protozooez zein, globulu gorriez eta, kapilare sistemaz nahiz intsektuen bizi zikloaz egin zituen aurkikuntza aitzindariengatik da ezaguna, Anthony van Leeuwenhoek, besteak beste. Mikrobiologiaren aita izatearen ohorea ere, berea da.
Biografia txiki moduan, hona hemen bere bizitzaren datu batzuk. Aita 1638an hil zen, berak 6 urte zituenean. Ama, berriro ezkondu bazen ere, handik 10 urtera alargundu zen atzera. Anthony gaztea, Warmondera joan zen eskolara, ondoren, Amsterdamen zapi tratulari moduan heziketa jaso zuelarik. Ikasketa unibertsitariorik burutu ez zuenez, eta ezagutzen zuen hizkuntza bakarra holandarra zenez, apenas izan zuen prestaketa zientifikorik Leeuwenhoekek. Hala ere, astronomia nahiz natur zientzia, matematika eta kimika alorreko liburu eta aldizkariak irakurriz, bere burua formatzera bultzatu zuen bere ezohiko jakin minak. Leeuwenhoek salbuespena baino, bere garaiko seme arrunta izan zela aitatu behar dut. Hau da, garai hartan ikerkuntza nabarmen asko ikertzaile amateurren eskutik etorri zela, hain zuzen ere. Bizitza aurrera atera ahal izateko lanbide jakin bat izan arren, beraien jakin minak bultzaturik, lanetik at, ingurua aztertzera dedikatzen ziren pertsonen eskutik .
Behin ezkonduta, emaztearekin itzuli zen Delftera eta zapi denda bat ireki zuen bertan. Delften, merkatariaz gain, aguazil laguntzaile lanak egiten zituen bitartean, zapien kalitatearen azterketarako baliagarri zitzaizkion eta momentu hartan lor zitezkeenak baino kalitate handiagoa zuten lupak eraiki zituen. Horretarako, beiraren putzegitea eta leunketa ikasi zituen bere kaxa. Ez zen hemen amaitu, ordea, Leeuwenhoeken sormen ahalmena.
Lehendabiziko lupa haien bitartez ezagutzen hasi zen mundu txiki, berri eta ezezagun harekin txunditurik, beste pauso garrantzitsu bat eman zuen nederlandarrak: mikroskopioa sinplearen eraiketa. Bere bizitzan zehar 500 bat lente eratu zituen, horietariko batzuk 480 handitzekoak.
Gaur egungo mikroskopio konposatuekin alderatuz gero, Delfteko zientzialariaren mikroskopio aitzindari hau arraro xamarra gertatzen den arren, hau izan zen ordu arte gizakiarentzat itxirik izan zen mikrobiologiaren mundu kitzikagarriaren atea ireki zuen giltza. “Animalcula“n, Leeuwenhoeken terminologia erabiliz, erreinuan barneratu zen lehena izan zen holandarra. Ez hori bakarrik, mikroskopio honen bitartez egin zituen milaka behaketekin, zientzi lanen komunikazio eta argitalpenerako Ingalaterran sortu zen “Royal Society” Elkarte ospetsuko kide izatea eta bere behaketak Elkarteak argitaratzea ere erdietsi zuen.
Baina zeintzuk izan ziren mikroskopio sinple honen ezaugarriak? Nolatan jakin zuen Leeuwenhoekek ordu arte inork ikusi edo behatu ez zuen mundu berri baten aurrean zegoela?
Mikroorganismoak aztertzen ditu mikrobiologiak, hau da, 1mm edo txikiagoko diametroa duten organismoak. Mikroorganismoek distribuzio taxonomiko zabala dute, bere baitan animalia batzuk, protozooak(deitura klasikoan), alga eta onddo ugari, bakteriak eta birusak aurkitzen baitira.
Mikroskopioen asmaketa arte ezkutuan gorde izan zen mundu mikrobiar honen izatea, giza begiak 1mm diametrodun objektuak oso detaile txikiz suma baititzake eta behin 0′1mm baino txikiagoko diametroz ez baitu deus nabarmentzen.
XVII. mendearen hasieran asmaturiko mikroskopioek erreinu biologiko ñimiño hau arakatze zientifiko sistematikoaren besoetan murgildu zuten.
Bi motakoak ziren mikroskopio zahar hauek:
a)Mikroskopio sinpleak: foku-distantzia oso txikia zuen lente bakarrekoak eta, honen ondorioz, handitze handia emateko gai zirenak. Antzinatik ezagutzen ziren ohiko lupen oso antzekoa zen beren oinarri optikoa.
b)Mikroskopio konposatuak: bi lentez, okularrez eta objektiboz osaturiko sistemak. Handitze ahalmen intrintseko handiagoa izatean, sinplea erabat alboratu zuen mikroskopio mota honek.
Gaur egungo mikroskopio guztiak konposatu erakoak badira ere, aurkikuntza berri garrantzitsu guztiak mikroskopio sinpleaz egin ziren.
Leeuwenhoeken mikroskopioaren egitura honako hau da:
a)Lentea: ia-ia esferikoa, metalezko bi xafla txikien artean kokatua.
b)Atzeko xaflari loturiko orratz kamutsa: laginaren kokagunea.
c)eta d) bi torloju ziren; lentearekiko orratzaren posizioa aldatuz, lagina enfokatzea zen beraien funtzioa.
Begiari ia itsatsirik eduki behar zuen mikroskopioaren beste xafla behatzaileak, eta lentetik barrena zeharka begiratu. Handitzea aldatzea ezinezkoa zen, mikroskopioaren ahalmen anplifikatzailea lentearen ezaugarri intrintseko bat baitzen.
50- 300 aldiz bere neurria handitzen zuten irudi garbiak ikus zitezkeen Leeuwenhoeken mikroskopioaren bitartez. Berak lor zezakeen anplifikaziorik handiena mikroskopio optiko moderno batekin lor daitekeenaren herena baino pixka bat txikiagoa zen. Gaur egun Leeuwenhoeken mikroskopio gutxi batzuk geratzen zaizkigu, berak 300 bat sortu bazituen ere. Zalantzarik gabe, holandarraren jardun bizkorraren berri ematen digu kopuru honek.
Bere jakin min mugagabeak bultzaturik, mikroskopioaren bidez azter zitekeen edozein objektu ikertu zuen. Hona hemen behaketa eta ikerketa batzuk:
-1668an, untxi baten belarriko kapilareetatik eta igel baten hankeko behatz tarteko mintzetik barrena globulu gorrien zirkulazioa demostratuz, Marcello Malpighi italiarraren kapilare sareen aurkikuntza baieztatu eta garatu zuen.
-1674an globulu gorrien lehen deskripzio zehatza egin zuen.
-Beranduago, urmaela bateko uretan, euri uretan eta giza txistuan, berak “animalcula” bezala izendatu zituenak behatu zituen; gaur egun protozoo bezala ezagutzen ditugu.
-Bakterien ( bere hortzetako txantxarra aztertu zuen horretarako) eta giza espermatozoideen lehen deskripzioak ere, bereak dira. Ikerketa hauekin, animali histologiaren sortzailea bera izan zela esan beharra dago.
-Garai hartan indarrean zegoen “berezko sortzapenaren” teoriari ere aurre egin zion, txamoak eta muskuiluak gari ale eta hondarretatik, besterik gabe sortu beharrean, arrautza ñimiñoetatik garatzen zirela baieztatuz. Inurrien bizi zikloa deskribatu zuen larba eta pupak arrautzetatik datozela frogatuz. Landare eta gihar ehunak ere aztertu zituen eta hiru bakteria mota deskribatu zituen: bazilo, koko eta espiriloak.
Adibide gisa, hona hemen Leeuwenhoekek bere ikerketen berri emanaz idatzi zuen gutun baten zati bat:
Part of a Letter from Mr Anthony van Leeuwenhoek, FRS concerning Green Weeds Growning in Water, and Some Animalcula found about them.
Delft in Holland, 25 December 1702
Philosophical Transactions (1638-1775) Vol 23 1702-1703
(…) I have often heard the Common People say, that that Green Stuff or Weeds wich are observed to drive upon the water spring out of the Ground from under the Water.
I could by no means admit of this Assertion, for as often as I have observed the said Green Weeds, I have always found that they are produced from the Seeds of the same kind, as all other Trees and Plants.(…)
(…) I took out several of these Weeds from the Pot one by one with a Needle very nicely, and put them into a Glass Tube of a fingers breadth filled with water, and also in a lesser Tube, and caused the Roots of the Weeds to sudside leisurely, and looking upon the same with my Microscope, I was surpriz´d with the sight of a great many and different kinds of Animalcula, of wich two sorts had long Tayls, whereby they seem´d fast link to the Roots of those Green Weeds. These Animalcula where in shape like a Bell, and they so stirr´d the round Cavity of their Bodies, that they put the small parts of the Water into such a motion, that I could not see those Instruments they used to produce the said motion.(…)
(…) This Phaenomenon put me in mind of the knotted Threadss, wich has employed our Ladies so many years, and I said with myself, if they were to see so perfect and wonderful a work of Nature, how would they bewail their loss of time(…)
Anthony van Leeuwenhoek Jaunaren, RSK, Gutun baten zatia, Uretan Hazten diren Belar Txar Berdeen eta bertan aurkituriko Animalcula batzuen gainean.
Delft Holandan, 1702ko Abenduaren 25a.
Philosophical Transactions(1638-1775) 23. bol, 1702-1703.
(…) Sarritan entzun izan dut Jende Arrunta, ur gainean doazen Gauza Berde edo Belar Txar hauek ur azpian dagoen lurretik sortuak izan direla esaten.
Ezin dut inola ere, Baieztapen hau onartu, aipaturiko Belar Txar Berdeak sarritan behatu ditudanez, beste Zuhaitz eta Landare guztiak bezala, izaera berdineko Hazietatik ekoiztuak direla aurkitu baitut.(…)
(…) Belar Txar hauetako batzuk hartu nituen Potetik banaka-banaka kontu handiz Orratz baten laguntzaz, eta behatzen zabalera duen urez beteriko Beirazko Hodi batean jarri nituen, eta baita Hodi txikiago batean ere, horrela Belar Txarren Sustraiak poliki-poliki mehearazi nituen, eta nire Mikroskopioaz behatu nituenean, harriturik geratu nintzen Animalcula kopuru eta mota ezberdinen ikuskizunarekin, horietariko bi motek Belar Txar hauen Sustraien lotura azkarra ziruditen Isats luzeak zituzten. Animalcula hauek Kanpai itxura zuten, eta beraien Gorputz Ziskuen osotasuna hainbeste astintzen zuten, non Uraren zati txikiak halako mugimenduan jartzen baitzituzten ezein ezin bainuen aipaturiko mugimendua sortzeko erabiltzen zuten Tresnarik ikusi.(…)
(…) Phaenomenon honek burura zekarkidan urte luzez gure Andereek erabili izan dituzten hari korapilatsuak, eta neure buruari esaten nion Naturaren lana zein perfektua eta zoragarria den ikusiko balute beraien denbora galtzea ze punturaino deitoratuko luketen(…)
Zoritxarrez, bere lenteak eraikitzeko artea sekretuan mantendu zuenez, XIX. mendeko mikroskopio konposatua garatu zen arte ez ziren bakterien behaketa berriak egin.Bere garaikide zen Robert Hooke behatzaile arretatsu eta trebeak, adibidez, berak sorturiko mikroskopio konposatuarekin, ez zuen Leeuwenhoekek egin zituen behaketa zehatzenak errepikatzerik lortu. Gaur egun ditugun kalitateko mikroskopio konposatuetara iristea ahalbideratuko zuten perfekzionamendu optikoak 1820 inguruan hasi ziren. Hobekuntza hauek mundu mikrobiologikoaren azterketarekin jarraitzeko gaitasuna ekarri zuten eta gaur egun ezagutzen ditugun hainbat talde mikrobiologikoren ezagutza zehatza XIX. mendearen bukaeran lortu zen.
Leeuwenhoek ez zen, ordea, eginiko aurkikuntzengatik bakarrik gailendu. Behaketetatik eratorritako ondorio eta ikerketek berebiziko garrantzia izan zuten zientzia eta naturaren ulermenean. Ondorio hauek metatu eta Holandako zenbait ezaguni bidaltzeari ekin zion Leeuwenhoekek hasieratik. Horietako bat, Reinier Graaf izan zen, Delfteko sendagile eta giza obuluaren lehen deskribatzailea.
Honek aurkeztu zuen Leeuwenhoek Londongo Royal Societyn, bestalde. Bere lanarekin txunditurik geratzeaz gain, bere behaketen gainean idazten jarraitzera bultzatu zuten Elkartekideek. Ordutik aurrera, amaigabea izan zen Leeuwenhoekek kideekin izan zuen gutunen trukatze erregularra. 1680an, Royal Societyko kide izendatu zuten ofizialki. Bere gutunak holandarrez idatzirik zeudenez, latinera edo ingelesera itzuliak izan ziren.
Hona hemen, gutun horietako baten zati bat, Leeuwenhoekentzat bere behaketen berri emateak zuen garrantziaz ohar gaitezen:
Part of two letters from Mr Anthony van Leeuwenhoek, FRS concerning Worms pretended to be taken from the teeth.
Delph in Holland July 27, 1700
Philosophical Transactions (1638-1775) Vol 22 1700-1701
(…) You acquaint me that the generation of Living Animals in the Male Seed, is one of the abstruselt points of Philosophy, and that a further enquiry into that matter would be serviceable both to the Royal Society and the Learned World.
This I do not think strange, since all new advances are offensive, especially upon a point where much is written, and many mistakes committed; some being over-born with prejudice, and others so influenc´d by their teachers, that there´s no bringing them off from their receiv´d opinions. However, I am glad,that I have the Letters of Learned men to vouch, that others are guilty of many errors, where I have spoken nothing but the truth.
I have some thoughts of pursuing that matter, and if I meet anything uncommon, I shall acquaint you with it.(…)
Anthony van Leeuwenhoek Jaunaren, RSK, bi eskutitzen zati bat, agidanez hortzetatik hartuak izan diren harren gainean.
Delft, Holanda, 1700eko uztailaren 27a
Philosophical Transactions(1638-1775) 22. bol 1700-1701
(…)Giza Hazian ematen den Animali Bizien sorkuntza Filosofiaren puntu ulergaitzetako bat dela jakinarazi didazu, eta gai honen gaineko azterketa berri bat Royal Societyrentzat nahiz Mundu Eskolatuarentzat, bientzat, baliagarri gerta litzateke.
Aurrerapen berri guztiak iraingarriak direnetik, ez dut arraroa denik pentsatzen, asko idatzi eta akats ugari burutu izan den gai baten gainean bereziki; batzuk aurreiritziz, eta besteak beraien irakasleen eragin handiegiaz egiztatuak izan dira, eta hori ez da beraiek jasotako iritzietatik gauzatzea. Hala ere, pozik nago gizon Jantzien Gutunak izateaz besteak akats askoren errudun direla egiaztatzeko, nik egiaz besterik hitz egin ez dudanean.
Gai honekin jarraitzeko asmoa dut, eta aparteko zerbait aurkituko banu, jakinaren gainean jarriko zintuzket (…)
Leeuwenhoek 1723ko abuztuaren 26an hil zen, ia 91 urte zituela. Abuztuaren 31n eliza zaharrean hilobiratua izan zen. Hilzorian zela ere, Royal Societyrentzat gutun bat diktatu omen zuen.
Gutun hauek Philosophical Transactions Journal aldizkarian argitaratzen zituen Royal Societyk. Lehen alea 1665ko Martxoan azaldu zen. Europako punta-puntako hainbat zientzialariekin Oldenbourgek ( Idazkariak) mantenduriko gutunak ziren bertan argitaratuak. Besteak beste, bertan argitaratu ziren Isaac Newtonen 17 gutun, 1672an bere zientzialari karrera finkatu zuen ” New Theory about Light and Colours” barne. Urte berean, Newtonen teleskopio berriaren deskripzio eta marrazki orijinalak ere aldizkari honetan argitaratu zituzten. Charles Darwin, Michael Faraday eta William Herschelen lanek, ere, hemen ikusi zuten argia.
Hona hemen adibide bat:
PHILOSOPHICAL
TRANSACTIONS
Number 80
February 19, 1671-1672
The CONTENTS
A Letter of Mr Isaac Newton, Mathematick Professor in the University of Cambridge; containing his New Theory about Light and Colors: Where light is declared to be not Similar or Homogeneal, but consisting of difform rays, some of wich are more refrangible than others: And Colors are affim´d to be not Qualifications of Light, deriv´d from Refractions of natural Bodies,( as´tis generally believed;) but Original and Connate properties, wich in divers rays are divers: Where Several Observations and Experiments are alledged to prove the said Theory. An Accompt of some Books: I. A Descriptions of the EAST-INDIAN COASTS, MALABAR, COROMANDEL, CELYON &c in Dutch, by Phil.Baldaeus. II. Antonii le Grand INSTITUTIO PHILOSOPHIAE, secundùm principia Renati Des-cartes; novâ methodo adornata & explicata. III. An Essay to the Advancement of MUSICK; by Thomas Salmon M.A. Advertisement about Thaeon Smyrnoeus. An Index for the Tracts of the Year 1671.
PHILOSOPHICAL
TRANSACTIONS
80. Zenbakia
Otsailak 19, 1671-167
EDUKIAK
Isaac Newton Jaunaren Gutuna, Cambridge Unibertsitateko Matematika Irakaslea; bere Argiaren eta Koloreen Teoria Berria: Non Argia Antzekoa edo Homogeneoa ez dela jakinarazten baita, batzuk besteak baino errefraktagarriagoak diren forma irregularreko izpiz osatua baizik: Eta Koloreak Gorputz naturalen Errefrakzioetatik eratorririko Argiaren Gaitasunak ez direla baieztatzen da, ( oro har sinistu izan den bezala;),izpi dibertsoetan dibertsoak diren ezaugarri Jatorrizko eta Berezkoak baino: Non Behaketa eta Esperimentu ezberdinak aipaturiko Teoria frogatzera zuzenduak baitira. Zenbait libururen gaineko Txostena: I. EKI-INDIAKO KOSTEN, MALABARREN, COROMANDELEN, CEYLONEN, Deskribapen bat alemanez, Phil. Baldaeusen eskutik. II. Antonii le Grand INSTITUTIO PHILOSOPHIAE secundùm principia Renati Des-Cartes; novâ methodo adornata & explicata.III. MUSIKAREN Aurrerapenaren gaineko Saiakera bat; Thomas Salmon M.A.ren eskutik. Thaeon Smyrnoreusen gaineko berriak. 1671. Urteko Idazkien Aurkibidea.
Elkarte honek izan zuen eta duen, gaur egun bizi-bizirik baitago, garrantzia ulertzeko bere historiari errepaso bat ematea besterik ez dago.
Bere sorrera, 1640ko erdialdean gertatu zen, Ingalaterran, Francis Baconen ideiak aztertu edo eztabaidatzeko asmoz, filosofo naturalista talde bat elkartu zenean, hain zuzen ere. Royal Societyren zimenduak “eskola ikusezin” baten gainean eraiki zirela esan daiteke, Elkartearen hormak nahiz adreiluak hitzez eta ideiez osatuak baitziren. Bere gizarteratze ofiziala, berriz, 1660ko azaroaren 28an gertatu zen. Data horretan Gresham Collegean elkartu zen 12 filosofoz osaturiko taldetxo bat eta, bertako Astronomia irakasle zen Cristopher Wrenen hitzaldi baten ondoren, “Fisiko-matematikaren ikasketa esperimentalaren promoziorako” Colledge bat sortzea erabaki zuten. Talde honetan, besteak beste, Wren bera, Robert Boyle, John Wilkins, Sir Robert Moray eta William, Brounckerreko Bizkondea, zeuden.
Elkartea astero biltzen zen, esperimentu ezberdinen berri eman eta zientzia gaiez eztabaidatzeko. 1660tik aurrera, zientziaren historia, Royal Societyren historiarekin hertsiki loturik joan da.
Esperimentuen lehen administratzaile edo zuzendaria, Curator of Experiments delakoa, Robert Hooke izan zen. Charles II Erregeari Elkartearen berri eman eta, bere onespena lortu zuen lehenengoa, berriz, Moray izan zen. Inprentan lehen aldiz, 1661ean atera zen Royal Societyren izena eta 1663ko bigarren “Royal Charter”ean ” Natura ezagutza garatzeko Londongo Errege Elkarte” bezala definitua izan zen.
1662an Royal Charterrak Elkarteari argitaratzeko baimena eman zion eta, honen ondorioz argitaratu ziren John Evelynen Sylva izeneko eta Robert Hooken Microgarphia bi liburuak. 1665ean Henry Oldenbourgek, Elkarteko Idazkariak, argitaratu zuen Philosophical Transactionsen lehen alea. Urte batzuk geroago Elkarteak jarraipena eman zien argitalpenei, eta gaur egun, etenik gabe argitaraturiko zientzia aldizkari zaharrena da.
Elkartearen lema edo goiburua ere aitatu nahiko nuke, garai hartako kideen pentsamoldea ondo definitzeaz gain, zientziak jasan zuen pentsaera aldaketaren isla dela iruditzen baitzait. “Nullius in verba“. Lema honek, beraien aurretik Galileok nahiz Baconek bezala, agintariekiko menpekotasunari aurre eginaz, Elkartekideek azaltzen zuten nahia finkatzen du; hau da, adierazpen guztiak baieztatzeko esperimentu bidez mugaturiko errealitateaz baliatzea. Lema hau Charles II Erregeak 1663an Elkarteari emaniko armei laguntzeko aukeratua izan zen.
Amaitzeko, bere esanahia ulertu asmoz eta zientzia nahiz letren arteko nahastezintasunean oinarrituriko mitoa apurtzeko nahiari bultzada bat ematearren, “Nullius in verba” Horazioren pasarte batetik hartua dela esan nahi dut. Bertan, poetak, bakea eta erretiroa irabazi ondoren, kontroletik aske den gladiadore batekin erkatzen du bere burua. Honela dio Horaziok:
Ac ne forte roges, quo me duce, quo lare tuter;
Nullius addictus iurare, in verba maggistri.
(Horace, Episttles I.i,1.13-14)
You should not ask for whom I fight
Nor in what school my peace I find;
I say not master has the right
To swear me to obedience blind.
(trans C.T Carr)
Eta, ezein maisuk agindutako formularen arabera
zin egitera emana ez izanik,
Ez iezadak ausaz galde, neure buruaren gidari izanik,
non, zein etxetan babesten naizen.
(trans Martin Etxeberria Zuloaga)





