Gustav-eko Koadernoak
RSS sindikazioa
Gustav-eko Koadernoak

Zarauzko Udala
Elkarte Honek Zarauzko Udalaren Laguntza Jasotzen du

Gipuzkoako Foru Aldundia

Ongi etorri, gazon

Xabier Mendiguren Elizegi | Abendua, 2008 | Inprimatu Inprimatu

Duela zenbait aste, konpainia onean, euskaldunik baizen ez zen afarian nengoela, ekarri zuen solasak, izan zen perpausa, ea gaur egungo emaztekiek, hanketako eta besapeetako biloak oro moztu eta erauztearekin batean, sabelpeko ileak ere arras kentzen dituztenetz, nola ikusten baita aldizkari eta filmetan, ala beren naturaltasunean hazten uzten ote dituzten, nola izan baita betidanik naturaren legea eta oraintsu arte gure gizarteko usadioa.

Fisioterapeuta bati egina zegoen galdera, zeinak arestian kontatua baitzuen nola azaldu zitzaion kontsultan bezero bat tangaz jantzia eta almorrana ikusgarriak zituena. Igurtzilari profesional hark ez zuen deus esan depilazioaren moda berriaz, dela kontsultan horrenbeste ikustera iristen ez delako, dela bezeroen intimitatea gehixeago babestu behar zuela ohartu zelako. Mahaian zeuden andrazkoetako bat mintzatu zen orduan, eta esan zuen, gimnasioko aldageletako esperientziak ematen zion jakituriaz, emakumezkoetan oro har eta gehiengoz, ile-multzo usu eta sarriak zirela nagusi. “Felpudoak” izan zen gure lagun afaltiarrak erabilitako hitza.

Hortik hasita, hizkuntza-kontuetara jo zuen solasak: baten batek zioen, gorputz-atal hori izendatzeko gaztelaniaz “felpudo” hitza erabiltzea gauza berria zela, frantsesetik hartua: Felpudo maldito izeneko pelikula bat ekarri zuen gogora, mahaian eseritako gehienok ikusia genuena, baina irakurleen artean ikusi ez duenik balego labur azalduko dudana: Victoria Abril da protagonista, senar kirten eta gazbako batekin asperturik dagoena; egun batez kasualitatez agertzen da kamioizale estiloko emakume bat, lesbiana porrokatua ere badena eta Victoria koitadua bereganatuko duena.

Googlen begiratuta ikusi dut filma 1994koa dela, eta Josiane Balasko izan zela, aktore ez ezik (kamioizalea), baita gidoilari eta zuzendaria ere, eta arrakasta handia lortu zuela bere garaian. Jatorrizko izenburua: Gazon maudit; hiztegiari gainbegiratu txiki bat egitea nahikoa izan zen felpudo berbaren adiera anatomikoaren etorki frantsesa faltsua zela ohartzeko: “gazon” eleak “belardi” esan nahi du bere lehen adieran, eta ez da metaforetan txapeldun izan behar esanahi batetik besterako jauzia azaltzeko.

Bide batez, eta parentesi bat eginda, gogora etorri zitzaidan gure Larramendi maiteak frantsesa-euskara hiztegia idatzi balu zer esango zuen hitz horri buruz. Larramendi XVIII. mendeko jesuita andoaindarrak, euskaraz era guztietako hitzak konplexu barik baliatzeko eta bere etsaiei adarra jotzeko helburuz, gaztelaniaz eta euskaraz berdintsuak ziren hitzen euskal jatorria aldarrikatu ohi zuen bere hiztegian. Adibidez, “estandarte” gaztelaniazkoa euskaraz ere berdin esaten bazen, ez da euskarak maileguan hartu duelako, alderantziz baizik: “proviene del vascuence -argituko zuen-, porque el soldado que lo lleva en la batalla, lo ha de portar hasta que una bomba le estalle: eztanda arte“. Imajinatu, beraz, zer azalpen emango zion “gazon” honi: “ça vient du basque, gauza on, parce que c’est une bonne chose, peut-être la meilleure”.

Ikuspegi euskaltzale batetik, beraz, “gazon” edo “gauzon” hitza proposatu genezake gure hizkuntzan erabiltzeko, felpudo-ri baino RH jatorragoa eta goitarragoa aurkitu diogunez gero. “Felpudo” horrek baditu bere gauza ederrak hala ere. Afarira itzulita, beste mahaikide batek kontatu zuen nola bere emazteak “ongietorri” deitzen dion delako felpudoari.

-Baina etxeko ate aurrean dagoenari ala…? -galdetu nion nik.

-Ez, ez, ez: tripa azpikoari.

-Joder! Metonimia bikoitza.

Nahi gabe atera zitzaidan berbakondoa, baina polita da teknizismoek egiazko bizitzarekin lotura daukatenean. Nire lankide batek, berdekerien zalea bera, beti kontatu ohi du gogoan iltzatuta geratu zitzaiola betiko zer den aliterazioa (soinu baten errepika, efektu jakin bat lortzeko), adibide hau ipini ziotenean: “Vanessa Visa sí”. Era berean, “ongietorri” hitzaren erabilera horretan, bi figura erretoriko uztartzen dira: batetik, hankapeko lanpas horretan “ongi etorri” hitzak idatzi ohi direla-eta, ongietorri deitzen diogu etxe-atariko zer horri (edukitzailearen eta edukiaren nahastekatzea: metonimia adibide garbia); bestetik, eta aldi berean, lanpasaren zurdek emakumearen sabelpeko ilajearekin izan dezaketen antza dela-eta, “felpudo” deitzen diote hainbatek Bermudetako triangelu horri (metafora gardena).

Gure lagunaren emazteak, baliabide literarioen erabilera oparo eta emankorrarekin batera, eskertzeko moduko eskuzabaltasun eta abegi ona erakusten du, bere gauzonari halako izen estimulatzaile eta iradokitzailea emateko: ongietorri.

Gora