Gustav-eko Koadernoak
RSS sindikazioa
Gustav-eko Koadernoak

Zarauzko Udala
Elkarte Honek Zarauzko Udalaren Laguntza Jasotzen du

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gure arbola sakratuak

Martin Etxeberria Zuloaga | Apirila, 2009 | Inprimatu Inprimatu

Ekologiaren arrak jota, arbolaren gaia inarrostera noa. Egia esan, “ekologia” hitza entzun eta berehala dena berdez jantzi behar dela dirudien arren, ez da hori niregan gertatzen dena. Gero eta oihartzun grisagoak, apalagoak sortarazten ditu niregan “ekologia” hitzak. Are gehiago, esango nuke oihartzun kategoriara ere iristen ez den soinu kontrajarrien anabasa edo kakofonia sortarazten duela delako termino horrek. Oraindik gehiago, azken boladan bezala, aipatu kakofonia armen eztandez osatzen bada, aldarrikapenaren berdetasuna gizaki erailaren odolaren gorritasunez estaliz.

Eta, halere, arbolari heltzea erabaki dut temati. Izan ere, “ekologia” hitzaren esanahia adiera zabalenean edo etimologikoenean, behinik behin, hartzen badugu, hau da, etxeari (oiko grekoz nahiz grezieraz) buruzko diskurtso gisa, gure bizilekuan, geure egontokian eta garapen eremuan berebiziko garrantzia duen elementutzat jotzen dut arbola edo zuhaitza.

Garrantzitsu, zenbaitentzat sakratu bihurtu arte. Eta ez naiz ari urrutiko tribuetako erritu ezezagunez. Gure kulturak ere baditu gurtuak izan diren arbolak. Guk ere baditugu gure arbola sakratuak. Gernikako Arbola aipatuko dut,  lehenik eta behin.

Gehienek honezkero ongi samar dakitenez, gauza bat da Bizkaiko herri ospetsuan, hots, Gernikan, bizirik mantenarazten duten haritza eta bestea, arras desberdina, orain dela ehun eta berrogeita hamar urte gutxi gora behera, aipatu arbolari Iparraguirrek eskainitako poema; Elhuyar Hiztegiaren arabera, Iparraguirrek, Ameriketara zihoala, Madrilgo kafe batean 1853an abestu zuena. Lehena izanik, dena den,  funtsezkoena, gogoraraz dezadan zerbait Gernikakoaz.

Arbola sakratua omen euskaldunentzat. Guztien artean ezagunena, zalantzarik gabe, ez haatik bakarra, hortxe omen baitaude Malatoko arbola nahiz Ernioko ametzak. Hiru arbola ditu, bestalde, Gipuzkoako armarriak; bat besterik ez, berriz, Bizkaikoak eta ezta bat ere Arabakoak zein Nafarroakoak eta mugaz haraindiko Lapurdikoak nahiz Behe Nafarroakoak eta Zuberoakoak.

Ez da gaurkoa Gernikako arbolaren santutasuna, ezta euskaldunen ezaugarri berezia ere. Izan ere, hamaika herri desberdinetan gertatu omen baita arbola bat santutzea eta sagaratutzat hartzea, Frazer jaunak (1854-1941) aspaldi samar ongi azaldu zuenez. Honela zioen hark, adibidez, 1922an liburuki bakarrean aurreko urtetan argitaraturiko “Urrezko adarra” izeneko 12 liburukiko idazlanaren izen bereko sintesian: Europako arraza arioaren historia erlijiosoan zuhaitzen gurtzeak zeregin garrantzitsua bete izan du (oharra: liburu honetan zehar irakurleak arraza arioari eginiko aipamen asko irakurriko ditu. Egileak ez du erabiltzen kontzeptu hau arraza ario antropologiko, artifizial eta sasi-zientifikoaren asmatzaileek, helburu nazkagarri eta onartezinez, erabili gisan.) (1)

Eta aurrerago beste hau idatzi zuen: Haritzaren edo haritz-jainkoaren erlijioa Europako enbor arioaren adar guztiek elkarbanatu duten zerbait izan zela dirudi. Nola italoek hala grekoek zuhaitz hau euren jainko gorenarekin lotu zuten, Zeus edo Jupiter, zeruaren, euriaren eta trumoiaren jainko. Agian Greziako santutegi aitzinakoena, eta benetan ospetsuenetakoa dena, Dodonakoa da, non Zeus bere orakulu-haritzean gurtua zen. (2)

Azkenik, beste hau ere idatzi zuen ondorio gisa: Aurreko berraztertze honetatik ondoriozta daiteke Europako enbor arioaren adar nagusi guztiek aitzina haritzaren, trumoiaren eta euriaren jainko bat gurtzen zutela eta, egiatan, beraien panteoietako jainko handiena zela. (3)

 ”Eman ta zabal zazu munduan fruitua…” dio Iparraguirreren poemak bere lehenengo ahapaldiaren hirugarren lerroan. Beti izan dut gogoko abestiaren lehen ahapaldi hori eta biziki maite ditut Eduardo Chillidaren nahiz Nestor Basterretxearen irudimen sortzaileari esker jaiotako ikurrak eta beraiek babesten eta presiditzen dituzten Erakundeak: Eusko Legebiltzarra eta Euskal Herriko Unibertsitatea.

Eusko Ikaskuntzaren “Asmoz ta Jakitez” uztartuko nioke aurrekoari, “Asmoz eta Jakitez eman eta zabal ezazu munduan fruitua” proposatuz.

Aurrekoa idatzi ahala, dena den, beldur naiz ez ote zaidan Bibliako Hasiera (Genesis grekoz) liburuak kontatzen duenaren antzeko zerbait gertatuko. Izan ere, arbola bikote bat ezartzen du gizakiaren gainbeheraren iturri berean Hasiera liburuak: “biziaren arbola” eta “ezagutzaren arbola”, hain zuzen. Honela dio Bibliak: Baratza erdian bi zuhaitz ernearazi zituen: batak bizia ematen zuen eta besteak dena ezagutzeko ahalmena. (4)

Arbola jartzeaz gain, beste zerbait ere egin zuen, ordea, Jainkoak: Jainko Jaunak gizona hartu eta Edengo baratzan ezarri zuen, landu eta zain zezan. Eta agindu zion:”Baratzako zuhaitz guztietatik jan dezakezu; baina ez jan dena ezagutzeko ahalmena ematen duen zuhaitzetik; hartatik jaten baduzu, hil egingo zara”. (5)

Ezagutzaren arbolatik hartzen du kontakizuneko Ebak hondamendiaren fruitua: Ikusi zuen emakumeak fruitua gozoa zela, arbola ikusgarria eta jakituria lortzeko desiragarria. Hartu zuen, beraz, haren fruituetariko bat eta jan egin zuen. Gero, bere senarrari eman eta honek ere jan egin zuen. Orduan, begiak zabaldu zitzaizkien eta biluzik zeudela ohartu ziren. Piku-hosto batzuk josi eta estalki bana egin zuten. (6)

Maltzurki tronpaturiko Ebak Adanekin batera, Paradisurik gabe, Jainkoaren babes sortzaile eta elikatzailerik gabe utzi gintuzten eta gizadia, biluzik, indarge, lan egitera behartuta.

Galdera bat sortarazi du niregan aurreko kontakizunak: biluztasuna galdatzen ote du ezagutzak? Baiezkoan nago, erabat ziur egon ez arren. Iruditzen zait ezagutza eta biluztasuna bat datozela edo, gutxienez, elkarren beharrean daudela. Euskaraz ere ez dugu ez gaurkoa aipatu uztardura, norbait jakintsua dela adierazteko aspalditik baitiogu kristau hortaz oso pertsona jantzia dela.

Itxuraz, beraz, jantzi egiten gaitu jakiteak. Horrelako edo antzeko esamoldeak erabiltzerakoan, horrenbestez, jakin nahiz ezagutu aurretik biluzik geundela esaten ariko ginateke. Jantzi baten antzekoa litzateke, beraz, ezagutza. Estali egingo luke hark gure jakintza gabezia. Nahiz eta beste ipuin ospetsu hartako jantzi harrigarriaren itxura duen sarri asko ezagutzaren izenez aurkezten diguten hamaikatxo jantzik, hau da, hain hari harrigarriez ehunduriko jantziak ez du benetan existitzen eta, tronpaturiko erregearen antzera, dotore jantzita gaudelakoan, biluzik irteten gara kalera.

Dena den, badirudi hutsune bat aurresuposatzen duela jakintzak eta hutsune hori betetzerakoan lortzen dugula jakintza eta, horrenbestez, jantzita gelditzen garela.

Ez da hori bakarrik, ordea. Erreala, egitazkoa, izan behar du hutsuneak, noski; baina, baita geure hutsaren kontzientziak ere. Ezer gutxi aurreratuko baikenuke jakintzaren bidean, hutsunez gainezka egon arren, hutsune horien jakinaren gainean ez bageunde.

Hutsunea, hainbestez, edo gorago aipaturiko larrugorritasuna, nahiago bada, ezin da erabatekoa izan. Biluztu gaitezke bai, baina ez erabat. Paradoxa dirudi, eta, hala ere, ongi irudikatzen duela gure giza egoera deritzot. Izan ere, uste dut “erabat” eta gisa bereko esamoldeak ez direla gai giza egoerak behar bezala irudikatzeko.

Posible litzateke, apika, gorputzen larrugorritasuna lortzea; inolaz ere ez, ordea, izpirituena erdiestea. Zalantzak baldin baditut lehenengoaz - hortik tartekatutako “apika” -, ez dut inolako duda-mudarik bigarrengoaz.

Izan ere, kulturaren menpe gelditzen gara jaio orduko. Lehenengo garrasia bota ahala inguratzen gaitu kultura jakin baten tapaki gozoak nahiz leunak eta, une berean, zurrunak. Hitz batean, jantzi egiten gaitu geure inguruko kulturak eta ezinezkoa bihurtzen zaigu, jaio eta aurrerantzean, kulturak eskainiriko magal gozo, leun, erakargarriari uko egitea.

Kultura jakin batek antolatzen gaitu bere erara, hark moldaturiko hizkuntza desberdinetan mintzarazten gaitu, hark eratutako hamaika taxuera desberdinetako gailuez baliarazten gaitu bizitzan zehar. Inoiz ez gaude kulturalki biluzik.

Itzul gaitezen, halere, une batez Bibliako aipatu testuetara. Hasiera liburuko testuen arabera jakituriak ematen duen lehen fruitua biluztasunaren kontzientzia litzateke, ez, inolaz ere, biluztasun bera.

Adan eta Ebaren antzera, biluzik heltzen gara jakintzara eta behin jakituria lortzen dugunean konturatzen gara geure buruen eta gure ingurukoen biluztasunaz. Ezagutzak, beraz, biluztasuna suposatzen du eta honek damaigun lehen oparia, hain zuzen, geure biluztasunaren kontzientzia besterik ez da. Ez zaigu laket, ordea, biluztasuna eta geure larrugorritasun egoera albait eta lasterren ezkutatzera jotzen dugu.

Ezaguera egoeraren aurreko estatusa biluztasuna dela onartzeak badu, dena den, ondoriorik. Izan ere, ohikoa izan dugu pentsatzea kultura batean jaio gaituztela eta mundura ekarri gintuzteten une beretik kultura jakin baten parametroen barruan arnas hartu dugula eta geure buruak etengabeko bilakaera prozesuan murgilduta aurkitu direla. Beraz, pentsa ezina gertatu zaigu biluztasun psikologikoa eta ia ia arrazionalisten jatorrizko ideiak geureak egin ditugula esan dezakegu.

Hasiera liburuan jasotako orain dela 3.000 urte idatzitako kontakizunek, ordea, beste era batera azaltzen dizkigute gauzak. Edo, nahiago bada, aipatu kultura motak ez duela benetako ezagutzarik bideratzen baino ez lukete adieraziko. Baina, orduan, Greziako lehen pentsalariek - fisikari trebe haiek (Tales, Anaximandro, Anaximenes eta besteak) aurretik izan zituztela Israelgo fedea biltzen zuten liburuen egileak eta Ekialde Hurbileko beste pentsalari eta tradizio sortzaile ezkutuak onartu beharko genuke, agian.

Jakintzak, ondorioz, biluztasunaren ordez beste zerbait galdatuko liguke. Neure ustez, biluztasun kulturala ezinezkoa bada, jakite prozesuak eska lezakeen gauza bakarra biluztasun analogikoa litzateke, hau da, biluzik egongo bagina bezala jokatzea, hau da, eratzen gaituen oro zalantzan jartzea. Horrela bakarrik gerta dakiguke berri ezagutza bat eta, horrenbestez, horri dei diezaiokegu jakintza.

Dena den, zalantza bera kulturak ahalbideratu eta mugatu egiten duela ezin dugu ahantzi. Zer nolako kulturaren jabe izan, horrelako zalantza biziko dugu. Lehen aipaturiko biluztasun fisikoaren kasuan bezala, txorkatila erakusterakoan biluzik sentitu dituzte batzuek beraien buruak eta beste batzuek, berriz, jantzita beraien larruazala tatuiatze lanez estaliz. Ildo beretik, hausnartu egin beharko genuke, agian, Karl Marxek bere “Ekonomia politikoaren kritikari kontribuzioa”ren hitzaurrean idatziriko hura: Hori dela eta, erantzun ditzakeen galderak planteiatzen ditu bakarrik gizadiak. (7)

Honekin zera adierazi nahi dut: kultura batez jantzita biluzten garela eta egiten dugula zalantzan. Ezinezkoak bihurtzen zaizkigula, horrenbestez, hala larrugorritasun fisikoa nola biluztasun kulturala, nahiz zalantza.

Honen guztiaren haritik honako hauek ere galde diezazkiokegu geure buruari: beti jantzita bagaude, beti aldean badaramagu kultura, nola arraio irits gaitezke ezagutza berri batera?  Zein da traduttore traditore aipu ezagunaren esanahia?

Lehenik eta behin, aitortu beharko dugu kultura jakin baten barruan gerta daitekeela soil-soilik kulturaren metatze prozesua eta denon artean altxa ditugun pareten barruan eta asmatu ditugun lanabesen laguntzaz ireki dezakegula zalantza mugatu baten prozesu mugatua. Muga horien barruan abian jarritako zalantza Descartesek nahi bezain zabala, unibertsala nahiz orokorra izan liteke, ez da, ordea, erabatekoa izango inoiz, ez maila pertsonalean eta ezta gizarte mailan ere.

Horrenbestez, arazoa ez litzateke paretak botatzea, pareten arteko guneen berrantolaketa burutzea baizik. Atsedenaldirik gabe guneak zabaltzea eta birmoldatzea. Gure aberaskaren gelaskak berreraikitzea.

Mugak onartzea eta ezagutzea dagokigu, beraz, ezinbestez. Adani eta Ebari fruitu debekatua jateak bezala, guri ere kultura batez jantzita egoteak ondorio larriak erakartzen dizkigu: lotsatzea, lan izerditsu nekagarria egin behar izatea, minez erditzea…

Haiei eta guri, denoi, betirako joan zitzaizkigun paradisuko pozak, lanik egin gabe bizitzea, mundu berriak aurkitzea eta, izen berriak ezarriz, aipatu mundua menperatzea nahiz geureganatzea. Muga horiek hesituriko baratzean gogor lan egitea dagokigu, halabeharrez.

Gure Gernikako Arbolara itzuliz eta aurrekoaren haritik, honako hau ere aitortu beharko genuke: inguratzen gaituen kulturan ongi sustraituta jarraitzen duen bitartean, arbola horren gerizpean mugituko garela, ezinbestean, eta ezingo dugula gainetik kendu haren itzala. Hobe, beraz, betetzen duen lekua ezagutzea eta onartzea, hark bere gerizpez babesturiko baranoan lanean jarraitzea; proposaturiko leloak dioen bezala, fruitua ematea nahi badugu, bederen.

 

Bibliografia:

(1) James G. Frazer; “La rama dorada”, Fondo de Cultura Económica 142. orr.

(2) James G. Frazer; “La rama dorada” Fondo de Cultura Económica 196- 197 orr.

(3) James G. Frazer; “La rama dorada” Fondo de Cultura Económica 199 orr.

(4) (Has. 2,9/ Elizen arteko biblia-1994).

(5) (Has. 2,15-18/ Elizen arteko biblia-1994).

(6) (Has.3, 6-8/ Elizen arteko biblia-1994).

(7)Karl Marx: C’est pourqoi l’humanité ne se pose jamais que des problèmes qu’elle peut résoudre;(Frantsesezko aipua “Contribution à la critique de l’économie politique”/Paris/Éditions Sociales/1969 argitalpenetik hartua).

Gora