Gustav-eko Koadernoak
RSS sindikazioa
Gustav-eko Koadernoak

Zarauzko Udala
Elkarte Honek Zarauzko Udalaren Laguntza Jasotzen du

Gipuzkoako Foru Aldundia

Piztiarioa

J.M. Olaizola - Txiliku - | Apirila, 2009 | Inprimatu Inprimatu

Idatzi bakoitzak izan ohi du bere historia, eta honena 2009ko otsailean hasten da.

Hilabete horretan erakusketa bat izan zen Sanz-enean, Piztiarioa izeneko grabatu-liburu batena. Grabatuak Juan Luis Baroja Colletenak ziren eta testuak nireak. Erakusketa ireki zen egun berean, Gustav aldizkari elektroniko honetarako idazki bat eskatu zidaten, eta horrelaxe nahastu ziren gauzak, eta hasi zen jaiotzen lantxo hau.

Piztiarioak (Bestiarium vocabulum, latinez) izen eta ospe handiko liburuak izan ziren Europa guztian Erdi Aroan  -Frantzian eta Ingalaterran, bereziki-, baina erroetaraino jo nahi badugu, Erdi Arokoak baino askoz zaharragoak diren aurrekoetara joan beharko genuke: Greziako, Erromako eta Pertsiako hainbat liburuetara, hain zuzen animalien izaera kontatzen zuten liburuetara. Animalien istorioak, eta animalien izaerak. Horixe esan nahi baitu, azken batean, Bestiarium vocabulum horrek: animalien liburua, edota animaliak deitzeko, piztiak izendatzeko manera, zehatzagoak izan nahi badugu.

Piztiarioei buruzko lanetan Physiologus aipatu ohi da liburu aitzindaritzat. Grezian idatzia omen da (agian Kristo aurreko II. mendean, agian beranduago), orduan Greziako kulturaren itsasargi zen Egiptoko Alexandria hirian, ia segurki. Hiri horretako liburutegi handian eta antigoaleko beste hainbat libururen artean aurkitu omen zuten, behintzat.

Geroztik, eta XII. mendera arte, liburuak hainbat moldaketa eta argitaratze berri izan zituen, beti ere testu berriak eta irudi ederrak gehituz.

Aipatutako liburu horretan -liburu horietan, hobeto esanda, bat baino gehiago izan baitziren- hainbat animalia, landare eta arrokaren deskripzioak ageri ziren, eta izaki bakoitzaren deskripzioarekin, izaki harekin, gutxi edo gehiago, lotuta zeuden esamolde, sineskeria eta adierazpen moralak.

Liburuan ageri diren animalietatik, batzuk aski ezagunak dira, baina beste zenbaitek badu irudimenak kutsatutako izaera edo portamolderen bat, eta zeharo fantastikoak direnak ere badira tartean, ez gutxi, gainera.

Physiologus liburua aurrekari zela, haren ondorengo Bestiarium vocabulum izeneko liburuak bide jakina hartu zuten: animalien deskripzioak, deskribatutako animalien izaera, eta, haien jokabide onak oinarri hartuta, aholku moralak. Hori izan ohi zen irudiaren alboan jarritako testuaren muina -irudia izaten baitzen, askotan, liburuaren pisua zeraman osagaia-. Animalien liburu hauek etsenpluak sortzeko iturri izan ziren, nola sermoietan hala bestelako oratoriazko ekitaldietan, bertatik hartzen baitziren adibideak hitzaldiak loratu eta dotoretzeko. Kasu bat jartzearren, katazuria edo erbinude zuriaren kontua ekarriko dut hona:

                Physiologus liburuko irudia. Erbinude zuria udako jantziarekin. Erbinude zuria neguko jantziarekin.    (Erdi Aroko piztiarioa batean).

Erbinude zuria (Mustela erminea) erbinude arruntaren (Mustela nivalis) antzeko animalia da, baina badu berezitasun aipagarria. Bi janzkera edo ilaje ditu urtean zehar, gorrista udan eta erabat zuria (muturra eta isatsaren mutur beltza izan ezik) neguan. Piztiario batean animaliaren deskribapena egin ondoren, kontatu ohi zen erbinude zuria ihesi zihoala lokazti batekin topatzen bazen, nahiago izaten zuela ehiztarien eskuetan erori bere jantzi orbaingabea, inmakulatua, zikindu ordez. Hortik zetorren ikasketa morala. Alegia, hobe zela bizia galtzea likiskerietan erori eta garbitasuna galtzea baino; “garbitasuna gordetzearren, galdu zenuen bizia…”: gure herriko zaindari den Pelaiok bezala.

Istorio hori, ehunka urteko bidea egin ondoren, gure egunetaraino iritsi zen (piztiarioak eta brebiarioak zituela garraiobide). Ez dakit zuk, irakurle, ezagutzen zenuen, baina niri kontatu egin zidaten erlijioko klasetan.

Era berean, pelikanoarengatik esaten zen, beste janaririk ez zuenean, bere bularraldea urratu eta handik isurtzen zen odola eskaintzen ziela umeei, semeengatik dena emateko prest dagoen ama onaren eredu; edota baziren sugearen begiradarekin liluratuta betiko galtzen ziren txorikumeak, non ikas baitzitekeen ez dela inoiz bekatuaren eta bekatarien deiak liluratuta bide zuzena galdu behar.

Pelikanoak bere odola eskaintzen kumeei. Sugea beti izan da gaitzaren eta gaiztakeriaren irudi.

 Piztiarioetan agertzen diren animalia eta piztiak aski ezaguna dira gehienak, eta horietatik egokien deskribatuak eta xehetasun guztiz adierazirik daudenak etxeko abereak dira. Horrela, Erdi Aroko piztiarioetatik pasatu dira mandoak eta zaldiak, ardi, ahari eta arkumeak; antxume, ahuntz eta akerrak; zezen, idi, behi, bigantxa, idisko eta zezenkoak; ganbelu eta dromedarioak; astoak eta basastoak; txerramak, txerrapoak eta txerriak…

Hegaztiak ere piztiarioetan sarri agertzen dira, hasi etxeko oilo, oilasko, oilanda eta oilarretatik, eta jarraitu ahate eta antzarekin; arranoak, miruak, belatzak eta aztoreak, hontzak eta mozoloak; bele, belatxinga, mika eta erroiak; zozo, ur-zozo, ur-oilo, koartza, amiamoko, kurrilo eta kuliskak; eperrak eta galeperrak; enarak eta txirringiloak; argi-oilarrak, usoak eta usapalak; txolarre txikietatik hasi eta sai handietara, urretxindor kanta ederretik abiatu eta tronpetaren ahotsa duen pauma dotorera.

Hegazti arraroagoak izan zitezkeen loro, beltxarga, ibis, ostruka eta pelikanoak lurralde urrutietako kondairekin etorri ohi ziren piztiarioetara, eta horretarako nahikoa da pelikanoaren kondaira gogoratzea.

Bitxikeria polita da zenbaitetan hegaztien artean agertzen direla erlea edo saguzarra, garaiko sailkapenetarako nahiko baitzen hegan egitea hegaztien artean sartzeko animalia bat.

     Garaiko sailkapenaren arabera, hegan egiten zuen animaiak edo hegoak zituena hegazkia behar zuen, inola ere.

Beste hainbat gorabehera eta bitxikeriaren artean, liburu hauen irudiak dira aipatzekoak; Erdi Aroan liburuetan, eta batez ere erromanikoaren garaian egindakoetan, marraztutako irudien magia bete-betean dute, zalantzarik gabe. Ikusi egin behar da, esate baterako, nolako arrain eta izaki izugarriz betetzen dituzten piztietarioetako itsasoak eta ozeanoak, edo nolako izaera eman zitzaien, ezagunak izanik ere, urrutikoak edo ez oso arruntak zirenei: izurdea, balea, zerra-arraina…

Kondaira ezaguna zen Erdi Aroan kontatzen zuena itsasontzi batean joandako marinelek topatu zutela uharte bat itsasoaren erdian eta han sua egiten hasi zirenean uhartea mugitu eta hondoratu egin zela, balea erraldoi bat besterik ez baitzen uharte hura. Kontatzen zuten, baita ere, balea baino handiagoa zen aspidochelone bat bazela, balearen eta itsasoko dortoka erraldoiaren berezitasunak zituena. Horiek bezalako kondaira irudimentsuek iradokitako irudiak marrazten zituzten liburu haien egileek, Jainkoari errezatzea eta benetako artelanak egitea beste eginkizunik ez zuten fraide edo monje haiek.

Arrain fabulosoak.Aspidochelone arrain dordoka.Izurdea. Bale-uhartea, suarekin esnatua.                                                                                                                                   

Beste animalia mota batzuei begira hasten bagara, jakina da anfibioak eta narrastiak animalia zikinak eta inpuroak izan direla garai askotan, are gehiago Erdi Aroan. Animalia horien bitxikeria asko kontatu izan dira piztiarioetan -eta oraingoan animalia fabulosoen munduan sartzen gara bete-betean-. Hona hemen adibide batzuk:

Herensugea

Jeinu gaizto eta deabruzkoa da herensugea, itxuraz suge baten antzekoa eta izaera anitzekoa, izan baitaiteke jasotako lekukotasunen esanetara hiru edo zazpi burukoa, nahiz bakarrekoa.

Sua da bere ezaugarrietako bat, eta sutatik bertatik jaiotzen ote den ere susmatzen dute batek baino gehiagok.

Hegoduna, hegalari trebea da, eta ihesi doanean Itsasgorrietara joaten da, suzko ur haietan hondoratzeko. Itsasgorrieta deitzen zaio mendebaldeko zeruari, arrastiriko Eguzki-suek gorritzen dutenean batik bat. Horrela egiten omen du, behintzat, gure herensuge euskaldunak, jakina baita beste lurralde eta arrazako dragoiak ere bai baitira hor kanpoan, Cymrun, Hungarian, Txinan eta… Komodon.

Basiliskoa

Irudimenak asmatu duen piztia beldurgarrienetakoa da basiliskoa. Suge batek txitatutako oiloaren arrautzatik jaiotzen omen da, edo oilar baten arrautzatik, agian.

Piztiari oilarraren eta sugearen antza nabaritzen zaio gorputzean; hegaztiaren hankak ditu, hego zorrotzak eta arantzadunak eta isatsa sugearenaren gisakoa, azkon baten antzekoa amaieran. Gandorrak koroa gorri txikia dirudi (hortik basilisko izena, erregetxo, alegia).

Begirada hutsez hiltzeko gai delako da beldurgarria animalia hori. Basiliskoaren begiradak zuhaitzak eta gainerako landareak ihartzen ditu. Lurreko animaliak ez dira gai basiliskoaren begien adur gaiztoa jasateko eta akabatu egiten dira. Zeruko txoriak berak ere lurrera erortzen dira, bizirik gabe, animalia horren begi hiltzaileen eraginez. Basiliskoaren begirada jasaten duen landare bakarra erruda da.

Basiliskoen kasta gaiztoaren menpean egongo litzateke mundu guztia bi etsai gogor izango ez balitu: oilarra eta erbinudea. Oilarraren kantuak akabatu egiten du basiliskoa, eta erbinudeak aurre egin diezaioke basiliskoaren begiradari.

Ikusgarriak izan ohi dira basiliskoaren eta erbinudearen arteko borrokak. Basiliskoak, behin eta berriro, gogor zauritzen du erbinudea bere mokoko hortz-hagin zorrotzekin, baina erbinudeak badaki errudak sendatzen dituela basiliskoaren zauriak eta landare haren bila joaten da. Zauriak osatuta eta indarberriturik itzultzen da basiliskoari aurre egitera. Ditugun albisteen arabera, erbinudeak irabazten du beti borroka.

Salamandra sp.

Salamandra izeneko generoan sailkatzen dira sugandilen eta muskerren eiteko urlehortar zenbait. Denetan ezagunena Salamandra salamandra delakoa da, gure arrubio edo arrabioa, beltza eta horia kolorez, eta baso hezeetako goroldioen maitale sutsua.

Baina Salamandra generoko anfibioen artean bada, dirudienez, espezie bat aski ezezaguna, eta ezaugarri berezi eta kezkagarriz betea. Sumendi-magalak maite ditu, haietatik beherantz krater zuloetako laba-errekak isurtzen direnean, batik bat.

Salamandra espezie horretako animaliak aski preziatuak dira alkimia-lanetan aritzen direnentzat, oso termosentiberak baitira piztia horiek, tenperatura-neurgailu zehatzena baino zehatzagoak, beste edozein tresnak baino hobeki adierazten baitute noiz den beruna urre bilakatzeko tenperaturarik egokiena. Salamandra suzale batek arragoara jauzi egiten duenean, orduantxe du arragoak tenperaturarik egokiena transmutazioa egin ahal izateko.

      Herensugea, sua dariola. Basiliskoa, erbinudeak ez du bakean uziko!.Salamandra sutan, gustura.

Hiru piztia horien deskribapenak Baroja Collet eta bion Piztiario berrian jarritakoak dira, horregatik ez dute inolako aholku moral eta ikaskizunik, baina balio dezakete piztiario haietan agertzen ziren animalia fabuloso batzuen nortasuna nolakoa zen ikusteko. Ondoren datozenak ere, beste adibide pare bat dira, irudimenezko animalia horien taldean sar daitezkeenak: adarbakoitza eta mantikora.

 

Unikornioa edo adarbakoitza

Izaki fantastikoen artean sinesgarritasun handikoa izan da, ia betidanik, unikornio, adarbakoitz edo adarbakar izenekoa, eta ez da harritzekoa, Plinio Zaharrak eta, batez ere, Aristotelesek sinetsi egin baitzuten animalia hori benetakoa zela.

Aristotelesen autoritateak onetsita, nor harritu Erdi Aroan animalia horrek izan zuen ospeaz? Garai horretako ohizko marrazkietan zaldi zuri orban gabeko baten irudian marraztu ohi dute unikornioa, eta kopetaren erdian zut duen adar bakarra da bere bereizgarri nagusia. Hala eta guztiz, fauna fantastikoan adituek zuzendu egiten dute Erdi Aro berantiarreko eta Berpizkunde garaiko irudi europartu hori. Ikertzaile zehatzenek horrela deskribatzen dute unikornioa: zaldiaren irudikoak izan ohi dira, adar luze eta kiribildua dutela kopetaren erdian, ahuntzaren antzeko bizarrak kokotsean, zezenaren apatxak eta lehoiaren isatsa.

Adarbakoitza bizirik ezin daitekeela harrapa esan izan da. Hala eta guztiz, dontzeila gazte batek bere altzora erakarri eta adarretik helduta mendera dezakeela uste dute zenbaitek.

Nubiako mantikora

Badirudi Plinio Zaharraren idatzietan agertzen dela lehenengo aldiz piztia harrigarri horren berri. “Nubiarren artean -dio- bada mantikora izeneko piztia bat. Hiru ilara hortz ditu, goi eta behe elkarren artean orrazi baten hortzak bezain estuki elkartzen direnak, gizakiaren antzeko aurpegia eta belarriak, begi urdin-urdinak, lehoi baten itxurako gorputz gorria, eta eskorpioiaren gisako ezten batean amaitzen den isatsa. Oso bizkorra da lasterketan, eta biziki haragizalea, gizakiaren okelazalea, batik bat; txirula eta turuta batzeak sor dezakeen soinuaren antza du bere ahotsak.”

Plinioz geroztik jasotako albisteekin zertxobait aldatuz joan da mantikoraren eitea, baina ez gehiegi. Badirudi isatsaren izaerak suge batenaren antz gehiago duela eskorpioi batena baino, ezkataz estalitakoa baita, eta isats-amaiera ez dela ezten bakarrekoa, triku baten antzekoa baizik, mantikorak bere borondatez jaurti ditzakeen gezi pozoitsu ugariz osatua.

         Unikornioa engainatua dontzeila eta zaldunarengatik. Mantikoraren antzinako irudi bat.

Aurreko animalia horietatik, batzuk ezagunak dira gure artean ere (herensugea, esate baterako), baina badira euskaldunon zigilu berezia duten piztia fabulosoak ere, honako hauek erakusten duten bezala:

Gaizkin

Izaki, piztia edo jeinu gaizkilea da Gaizkin, gaixotasunak eta gaitzak sortzen dituena.

Ezkutazalea, ez da sumatzen eta ikusten erraza, baina burko-barrua betetzeko erabiltzen diren lumetan edo artilean gauzatzen da eta han harrapa daiteke.

Burko barruko artileetan, esaterako, oilar baten irudian agertu ohi da, eta gaixotasun ezohikoak sortzen dizkio ohe horretan lo egiten duenari.

Gaixo dagoena sendatzeko, Gaizkinen espiritua den oilar-burua edo oilar-irudia etxeko suan erre behar izaten da.

Mateo Txisturen txakurrak

Atsedenik har ez dezakeen ehiztaria da Mateo Txistu Euskal Herriko mitologian. Ehiztari porrokatua, ematen ari zen meza utzi eta, bere ehizarako grinari eutsi ezinik, ehizara joan zen Mateo Txistu, bere txakurrak hartuta, eta geroztik hor dabil ehizan, etengabe. Behin baino gehiagotan mokadu bat eskatu izan du baserri-atariren batean, goseak hil beharrean baitabil etengabeko ibili behar horretan, baina labetik egin berria ateratako opiltxo bat hartzeko denborarik ere ez du izaten bere joan behar tristean.

Aurrez aurre inork ikusi ez badu ere, jende askok entzun du Mateo Txisturen ahotsa, jakiak eskatuz edo, batez ere, gau ekaitsuetan, txistu eta fistu txakurrei deika eta aire zirimolatsuan hara eta hona bere ehizaldi zoroan zarataka.

Ilargi beteko gauetan, Mateo Txisturen itzal gerizatsua ikus omen daiteke Ilartargi borobilaren errainuan. Baita Mateo Txisturen txakurrena ere.

Begiratu batean, Mateo Txisturen txakurrak edozein ehiza-txakur bezalakok direla sinets daiteke, baina ez da horrela. Nahikoa da arretaz begiratzea ongi ikusi ahal izateko txakur horiek zaunka egiten duten bakoitzean suzko gar koloretsuak jaurtikitzen dituztela ahotik.

Olanoak

Tartaloen zerbitzura dauden piztia batzuk dira olanoak, txakurrak gizakien zerbitzura -artzaintzan, ehizan edo etxea zaintzeko- dauden bezalatsu. Olanoak txakurrak baino ikaragarriagoak dira, hala ere: handiak, beldurgarriak, oldarkorrak eta, agian, suzkoa dirudien begi gorrikoak.

Agian argitu beharra dago tartaloak piztia ikaragarriak direla, ankerrak, gizajaleak, haserrekorrak, handiak eta indartsuak, eta euren bereizgarririk nabarmenena kopetaren erdian duten begi bakarra dela. Ez da harritzekoa, beraz, zenbait ikertzailek olanoei buruz diotena: tartaloen erraldoi-arraza begibakar horien etxeko piztiak, jabeen antzera, begibakarrak direla, kopetaren erdian kokatutako begi irazeki bakarrekoak.

Xuxurlaria

Baso, basamortu eta leku ezkutuetan bizi ohi diren izaki asko euren ahotsengatik bakarrik dira ezagunak. Benetan ez dakigu nolakoa den piztia, animalia edo izaki horien itxura. Xuxurlariari buruz dakiguna, esaterako, horixe bakarrik da, xuxurlaria dela, hitzaren zantzua duten hotsak xuxurlatzen aritzen dena, eta leku galduetan dabiltzanak aztoratu eta ernegatzen dituena.

Adiakaria izenekoa ere askotan aipatu ohi da, eta hontzaren edo urubiaren antzeko animalia bat dela uste da. Uste horren oinarri bakarra, ordea, izaki horren deia da, bere oihua, urubiaren antzekoa baita. Besterik ez dakigu.

Oihulariek, aldiz, zaldien antzeko irrintziak botatzen dituzte.

Herri-jakintzak garbi adierazten du zer ez den egin behar horrelako izakiekin topo eginez gero: ez zaie inoiz erantzun behar, edonolakoak izanda ere haiei entzundako hotsak, deiak, uluak edo irrintziak. Oihularien kasuan, erantzulearen bizia arrisku larrian gerta daiteke hirugarren irrintziari erantzunez gero, babesleku egokirik aurkitzen ez badu, behintzat.

Oraindik ere badago gauza franko esateko gure irudimenak asmatzen dituen piztiei buruz, baina hori beste batean izan beharko du. Gehiegiak ase egiten baitu. Hala dio esaera zaharrak: Larregia, monjetako artoa bere ez ei da ona izaten.

Gora