Vervins-etik Pirinioetako Bakea arte: balidoen aroa Espainian eta Frantzian
- Aragoiren Jarauntsia
Aro Berrien zehar, behintzat XVI eta XVII. mendeetan zehar, Frantziak eta Espainiak ohiko aurkakoa mantendu zuten, baina beti ez zen horrela izan. Frantziaren eta Espainiaren arteko harremanak eta 1638ko gertakariak ulertzeko ezinbestekoa zaigu denboran atzera egitea. Erdi Aroan zehar Gaztelako Erresuma Frantziaren aliatua izan ohi zen. Horrela XIV. mendeko gerra zibilean, Dohainetako Enrikek Frantziaren laguntza jaso zuen eta Pedro I.ak Aragoi eta Ingalaterrarena.
Gauzak horrela iraun zuten XV. mendera arte, noiz Gaztela eta Aragoiren arteko batasun dinastikoak adiskidetasunak aldatu zituen. Ordutik Gaztela eta Aragoi Frantziaren aurka aritu ziren, Aragoik Mediterraneoan zituen interesak defendatzearren. XIII. mendetik aurrera, behin bere birkonkista burutu ondoren, Aragoiko Erresumak Mediterraneorantz bideratu zituen bere indarrak. Sardinia, Napoli eta Sizilia izan ziren Aragoik bereganatutako lurrak, Frantziak bertan zuen menpea zalantzan jarriz. Ohikoak izan ziren Frantziaren eta Aragoiren arteko liskarrak, tartean Gaztela zegoelarik, noski garai honetan Frantziaren alde. Aipatu batasun dinastikoa gertatu zenean, alegia, Errege-erregina katolikoen ezkontza gertatu zenean, Gaztelak Aragoiren jarauntsia jaso zuen, eta handik aurrera Frantziaren areriorik nagusiena bihurtu ere. Norgehiagoka nagusiena Italiako ondasunen inguruan gertatu zen. Frantziarentzat oso arriskutsua zen Gaztela-Aragoiren presentzia, Italia itota gera baitzitekeen, bai ekialdetik bai mendebaldetik. Guda luze baten ondoren Errege-erregina katolikoen gudarosteek garaipen sonatuak lortu zituzten Napolin eta Sizilian, besteak beste Garellano, Cerignola eta Seminaran 1495 eta 1503 bitartean.
Denborarekin, beste auzi berri batzuk agertu ziren. Alde batetik, 1512an Nafarroako Erresuma konkistatu eta Gaztelako Erresumaren barnean geratu zen, Albretarrak kanporatuz. Hasiera batean Goi Nafarroa eta Nafarroa Beherea gaztelarren eskuetan egon ziren, baina 1530ean Karlos I.ak Behe Nafarroatik ateratzea erabaki zuen. Albretarrak, Frantziako erregearen laguntzarekin berreskuratzen saiatuko dira behin eta berriz, behintzat Noaingo porrota arte. Gero Nafarroa Frantziaren eta Espainiaren arteko hitzarmenetan ere aipatua izango da XVII. mendea arte. Bestalde, 1518. urtean Alemaniako Maximiliano Enperadorea hil zenean, bi oinordeko nagusik aurkeztu zuten beren burua: Habsburgotar Karlosek, Gaztela eta Aragoiko Erregeak eta Anjouko Frantziskok, Frantziako Erregeak. Azkenean Habsburgotar Karlosek eskuratu zituen Alemaniako printze hautatzaileen botoak eta Sacro Inperio Romano Germanikoaren koroa. Handik aurrera bi erregeen eta beren menpekoen arteko gatazkak areagotu egin ziren, bi eskenatoki nagusi izan zituztelarik: Nafarroa eta Italia. Frantziarrak, Albretarrekin batera Nafarroa hartzen saiatu ziren maiz; azkeneko aldian sekulako porrota jaso zuten Noaingo gudaldian, 1524an. Urte bat beranduago Paviako gudaldian Frantzisko preso hartu eta bakea sinatzera behartu zuten. Dena dela, Frantzisko askatu zutenean sinatutako guztiak ezeztatu eta gerra jarraitu zuen. Frantziaren eta Espainiaren arteko enfrentamenduak XVI. mendean zehar iraun zuen, hiru bake hitzarmen sinatuta: Cambrai 1529an, Cateau-Cambresis 1559an eta Vervins 1598an.
2. Frantziarren barne arazoak eta Borboitarren agerpena
Frantziaren barne egoera XVI. mendean oso gatazkatsua izan arren, Frantziskoren oinordekoak Espainiaren aurkakoa bizirik mantendu zuten. Erlijio gudek, Kalbinisten edo higanoten eta katolikoen arteko gatazkak ekarri zituzten, esaterako zortzi guda 1562 eta 1598 bitartean. Anjou dinastiaren azken erregeak, Enrike III.ak, Filipe II.aren Itsas-Armada Garaiezinak izandako porrota aprobetxatuta, Guisa familia, alderdi katolikoaren burua zena, akabatzea erabaki zuen. Liga katolikoaren erantzuna erregea erailtzea izan zen. Hil baino lehen, Enrike III.ak denbora izan zuen bere oinordekoa hautatzeko: Borboiko Enrikek, Nafarroako erregeak 1589an eskuratu zuen Frantziako tronua. Horrela bukatzen zen Anjou dinastia eta hasiera ematen zitzaion Borbon dinastia berriari. Borboiko Enrike Frantziako erregea izateaz gainera Nafarroako erregea zen, hau da Nafarroa Beherea eta Biarnoko jauna. Honek Nafarroaren inguruko auzia berpiztu zuen; bai Enrike IV.ak, bai Luis XIII.ak eta Luis XIV.ak Goi Nafarroa aldarrikatuko dute.
Enrike IV.aren aukeraketak azkeneko gerra zibila piztu zuen. Nafarroako Enrike protestantea zen eta Liga Katolikoak, Filipe II.aren laguntzarekin, ezin zuen hori onartu. Alejandro Farnesioren gudarosteak Flandesetik atera, Parisen sartu eta bertan geratu ziren ia gatazka bukatu arte. Gauzak horrela Frantziako Estatu Orokorrak deitu eta Nafarroako Enrike IV.a aukeratu zuten, Filipe II.aren sorpresarako. Dena dela, Enrike IV.a izango zenak, protestantismotik arnegatu zuen, eta horrek, gaitzerdi, errege espainiarra lasaitu zuen, bere nahia errege protestante bat saihestea baitzen.
Espainiar gudarosteen presentzia Parisen aitzakiatzat hartuta, Enrike IV.ak gerra berri bat hasi zuen Espainiaren aurka 1595ean. Momentu horretan Filipe II.a hiru gatazketan sartuta zebilen Frantzia beraren, Ingalaterraren eta Probintzi Batuen -beranduago Holanda izango zenaren- aurka. Urte bat beranduago hirurek Espainiaren aurkako hitzarmena sinatu zuten Greenwich-eko hirian. Austriako Alberto Artxidukeak Amiens (1597) eta Calais (1598) menperatu zituen Espainiarentzat. Bitan saiatu arren, Filipe II.ak ez zuen Irlandan sartzea erdietsi. Bere aldetik Nassauko Mauriziok, Probintzi Batuetako Estatuderrak, Hulst hiria bereganatu zuen eta ingelesek Kadiz eta Lisboa eraso zituzten 1595 eta 1598an. Ordurako estatuen indarrak eta finantzak agortuak zeuden. Frantziak eta Espainiak Vervins-go Bakea sinatu zuten. Hitzarmen honek Cateau-Cambresis-ko egoera berrezarri zuen: Calais, Metz, Toul eta Verdun frantziarren eskuetara bueltatzen ziren, eta Espainiak Flandeseko hiriak berreskuratu zituen.
3. Belaunaldi bakezalea (1598-1619)
Filipe II.a hil ondoren, 1598an bere semea Filipe III.a aitak jarauntsitako auziei irtenbidea ematen saiatu zen, alegia, Ingalaterra eta Probintzi Batuen aurkako gerrak. XVII. mendearen hasieran, Espainia Irlandan saiatu zen berriro, Kinsale (1601) eta Baltimoren. Ingalaterrako Isabel I.a hil ondoren, errege berria, Estuardotar Jakobo I.a, Eskoziako Erregeak eta Maria Estuardoren semea, Frantziarekin adiskidetzen saiatu zen berriro, baina bertan ere nekea nabaria zen eta bakea sinatu zuen Filipe III.arekin Londresen 1604an. Probintzi Batuekin gerra luzatu egin zen. Espainolek Nieuporten porrota jaso zuten baina garaipena Ostenden. Indarrak parekatuak egoteagatik eta ingelesen laguntza ezagatik azkenean Probintzi Batuek Hamabi Urteko bakealdia sinatu zuten 1609. urtean Espainiarekin.
Baina bakeak gutxi iraun zuen, lurralde bakoitzeko alderdi gerrazaleen presioa zela medio. Dena dela bakealdian ere, nahiz eta borroka armatuak gutxi izan, 1598 eta 1619 bitartean presio eta joko diplomatikoak izan ziren nagusi, gerra hotza baten moduan. Frantziaren eta Espainiaren arteko liskarrek Italia izan zuten eskenatoki berriro ere. Bertan Venezia eta Saboyak, noski Frantziaren laguntza ezkutuarekin, Espainiaren menpea zalantzan jarri nahi izan zuten. Mantua eta Monferratoko Frantzisko IV.a ondorengotzarik gabe hil zenean, Saboyako Karlos Manuel I.ak beretzat aldarrikatu zuen dukerria, Frantzia eta Veneziaren laguntzarekin. Baina Espainiaren erantzunak Asti eta Paviako (1615) hitzarmenak sinarazi zituen. Espainiaren kandidatua, Gontzagako Ferrantek eskuratu zuen azkenean dukerria. Urte batzuk beranduago, Ferrante hil zenean, Frantzia Gontzagako Karlos inposatzen saiatu zen, baina alferrik, Guastallako Printzeak, Espainiako kandidatuak eskuratu baitzuen.
XVII. mendeko bigarren hamarkadan lurralde guztietan belaunaldi bakezaleen indarrak agortu eta gerraren aldekoa gailendu zitzaion. Probintzi Batuetan Oldenvarnevelt erail eta Arminianoak kanporatuak izan ziren, Frantzian Luis XIII.aren ama, Mediciseko Maria, anaia, Orleango Printzea, eta emaztea, Austriako Ana, espainiar zaleak baztertu eta Richelieu-ko kardinalak Espainiaren aurkako indarrak batu zituen. Espainian ere gerraren aldeko alderdiak gailendu zitzaizkien bakezaleei; bertan Olivareseko Konde-dukeak Armetako Batasunaren programa abian jarri baitzuen. Talde guzti hauek edozein aitzakia erabiltzek prest zeuden. Eta aukera Hogeita Hamar Urteko Gerrarekin sortu zen.
4. Hogeita Hamar Urteko Gerra (1618-1648)
Hogeita Hamar Urteko Gerra Pragako leihotik botatzearekin hasi zen 1618an. Asanblada protestante batek Matias enperadorearen hiru ordezkari Pragako jauregiko leihotik bota eta Palatinatuko Federiko V.a hautatu zuen. Hortik gutxira Konfederazio Aktak (1619) Stiriako Fernando II.a hautatu zuen Bohemia berreskuratzeko. Bethlen Gaborrek, Hungariako erregeak, Viena setiatu eta Espainiarrek beren gudarosteak bidali zituzten, enperadorearen deiari erantzunez. Fernando II.ak Praga setiatzen zuen bitartean, Espainia eta Bavierak Palatinatuaren aurka jo zuten. Espainiak, -Maurizio Spinola bankaria eta militarraren laguntzarekin- eta indar katolikoek “Mendi Zuriko” garaipena lortu zuten 1621ean, Bohemia berreskuratuz.
Hogeita Hamar Urteko gerrak XVI. mendean izandako borrokak berpiztu zituen Europako potentzien artean: Austriar ardatza (Espainia eta Inperioa) beste guztien aurka. Dudarik gabe, Espainiaren boterea murrizten interesatuena Frantzia zen. Erlijio gudak 1598. urtean, Nanteseko Ediktuarekin, bukatu ondoren, eta Enrike IV.aren heriotzarekin 1610. urtean, Richelieu Kardinalak hartu zuen boterea 1624an. Richelieu-rentzat Frantziako kanpoko politikaren xederik nagusiena Espainiaren eta Espainiako eta Alemaniako Austriatarren boterea murriztea zen, noski Frantziarena areagotzeko. Hogeita Hamar Urteko Gerra hasi bezain laster, Frantziaren papera Espainiaren arerioei laguntza ezkutua ematea izan zen. Taktika honek porrot egin zuenean eta barneko arazoei irtenbidea eman zionean (La Rochela eta protestanteak menperatu, eta Journée des Dupes-eko konspirazioa), Richelieuk Espainiaren aurka egin zuen. 1624. urtean Frantzia, Venezia, Saboia eta Suitzako Grisoiak Valtelinako harana eskuratzen saiatu ziren Flandes, Alemania eta Italiaren arteko harremanak eta bide espainola puskatzearren. Baina ez zuten lortu eta 1626an Monzoneko Hitzarmena sinatu zuten.
Ingalaterrak ere saiakera bat egin zuen Espainiaren aurka, Richelieuk bultzatuta, baina Cadizeko porrotaren ondoren (1625), Jakobo I.ak eta bere semea Karlos I.ak jarrera bakezalea azaldu zuten, Espainiaren koloniak eta itsas-handiriko merkataritza-ardatza eraso nahi zuten taldeen amorrurako. Horrek eta beste zenbait arrazoiek ekarriko zuten gerra zibila eta Ingalaterrako monarkia absolutuaren ezabatzea 1640tik aurrera.
Probintzi Batuekin hasitako liskarrak arrazoi politikoak baino, komertzio arrazoiak zituen bere erraietan, hau da, gerra politikoa baino, gerra ekonomikoa izan zen, kontutan izanik Hamabi Urteko Bakealdiak beren burujabetasuna onartu zuela. Holandesak behin eta berriz saiatu ziren Brasilen -Filipe II.ak, bere amari eta bere aita Karlos I.aren emaztea zenari esker, lortu zuen 1580an Portugaleko Erresuma-. Horregatik, Palatinatuarekin bakea sinatu eta gero, Spinolak Probintzi Batuen aurka kontraeraso zuen. Berriz ere berdintasuna izan zen nagusi bien artean: 1625ean Bredan eta Bahian espainolek garaipena lortu bazuten ere, aurrerago gauzak okertzen hasi ziren, 1630ean Pernambuco eskuratu eta 1632an Maestricht berreskuratu baitzituen Nassauko Federikok. Baina kolperik latzena 1637an gertatu zen, noiz holandesek Guinea eta Angolako kosta hatzeman zuten, Portugaleko merkatarien esklabu-interesak kaltetuz. Honek argi eta garbi utzi zien portugesei Espainia bere inperioa defendatzeko eta bermatzeko gai ez zela, eta horrek ere bultzatu zituen burujabetasunaren bidea jarraitzeko.
Bitartean, Hogeita Hamar Urteko gerran daniarren aldia gertatu zen 1624tik 1630 arte. Danimarkaren lehen erasoen ondoren, Wallersteinek eta Tillyk katolikoen garaipena bermatzen jakin zuten. Danimarkarren porrota ikusita, Frantziak Suedia bultzatu zuen. 1630ean Gustavo Adolfo erregeak bere partehartzea erabaki zuen. Hasieran indartsu azaldu bazen ere, batez ere bere ejertzitoan ezarritako berrikuntzei esker (fusilak erabili zituen mosketeen ordez, zalditeria armatuak pikak ordezkatu zituen, eta hobekuntzak sartu zituen setio eta kanpainako artillerian), azkenean Nordlingen-eko porrota jaso zuen 1634an Espainiaren eta Enperadorearen indarren aurrean.
5. Frantziaren gerra deklarazioa eta Pirinioetako Bakea (1635-1659)
Honek guztiak garbi utzi zion Frantziari ezin zuela azpijokoetan jarraitu eta zuzenean hartu behar zuela parte. Horregatik 1635ean Frantziak Espainiari gerra deklaratu zion. Hasiera batean gauzak nahiko parekatuak egon ziren. Espainiak garaipenak lortu zituen 1636an Corbie-n eta Compiegne-n, 1638an Breisach-en ondoren Paris mehatxatzea lortu zuen, eta frantsesek Hondarribian amore eman zuten, baina 1640an Salses-eko gotorlekua galdu zuten. Bere aldetik Frantsesek Breda hartu zuten 1637an eta Arras 1640an. Richelieu hil zen urtean 1642an, Hannecourt-eko garaipena lortu arren, urte bat beranduago Tertzio espainolek sekulako porrota jaso zuten Rocroi-n, 1646an Dunkerken eta 1648an Lens-en.
Argi zegoen Espainiak ezin ziela frente guztiei aurre egin. Horregatik Holandarekin akordio batera ailegatzeko solasaldiak hasi zituen Münster eta Osnnäbruck-en, Westfalian 1648an. Espainia zeharo ahulduta zegoen nekea eta barne arazoak zirela medio: krisialdi ekonomikoak edota krisialdi politikoak (Portugal, Katalunia, Andaluzia, Aragoi, Nafarroa edo Napoliko independentziaren aldeko saiakerak) Espainiaren kanpoko politika indargetu zuten. Halere, frantsesen presentziak Katalunian bien arteko gerra luzatu egin zuen 1659. urtea arte. 1645ean Lleida berreskuratu zuten Filipe IV.aren gudarosteek eta 1652an Austriako don Juan Josek Bartzelonaren kapitulazioa lortu zuen. Flandesen Austriako don Juanek 1656an Valenciennes-eko garaipena lortu bazuen ere, Filipe IV.aren balidoa zen, Haroko Luisek bakea sinatu beharrean, gerrarekin jarraitzea erabaki zuen. Azkenik, 1658an Dunetako bigarren porrota nozitu ondoren espainolek abantailarik gabe hasi zituzten hizketaldiak 1659. urtean Mazarinoren Frantziarekin.
Pirinioetako Bakeak frantziarren eskuetan utzi zituen Cerdanyaren zati bat, Roselló, Artoi eta Flandesko mugetako zenbait hiri. Honek Espainiaren Inperioaren gainbeheraren hastapenak ziurtatu zituen. Gainera Luis XIV.a, hemendik aurrera Europan jaun eta jabe izango zena, Filipe IV.aren Maria Teresa alabarekin ezkondu zen, dote baten truke. Urteak pasa ahala, ordea, espainolek ez zuten dotea ordaindu, eta horrek aitzakia ederra eman zion Eguzki Erregeari Espainiak Ipar Europan zituen zenbait ondasun aldarrikatzeko. Hori izan zen Utrecht-eko Hitzarmena arte (1713) Frantzia eta Espainiaren arteko guden arrazoietariko bat.
Ondorioak
XVI. eta XVII. mendeetan Frantzia eta Espainiaren arteko norgehiagoka gertatu zen. Lehen mendean Espainia nagusi izan bazen ere, bigarrenean berriz Frantzia gailendu zitzaion. Frantziak bere barne arazoak konpondu eta barne indarrak batu zituenean, Espainiari aurre egiteko eta Europako nagusitasuna jokatzeko gai izan zen. Bien arteko indarrak beti nahiko parekatuak egon baziren ere, XVII. mendean argi geratu zen Espainiaren gainbehera eta Frantziaren indartzea. Espainiak ezin izan zion aurre egin mendeetan zehar Europako gerretan pairatutako higadurari ezta azpiegiturazko arazoei ere, eta horrela XVII. mendeko bigarren erdialdean lehen mailako potentzia izateari utzi zion. Inguru historiko honetan gertatu zen Hondarribiako setioa 1638an, Espainiako Inperioaren gainbeheraren ataria eta ezintasunaren ispilu izan zena. Koroari oso zaila egin zitzaion Hondarribiako biztanleei eta goarnizioari laguntzea, frente gehiegi baitzituen irekiak eta indarrak ahulduak. Setioak Espainiak zituen gabeziak eta ezintasunak utzi zituen agerian eta Olivaresko Konde-dukearen Inperio espainiarraren egitura aldatzeko proiektuaren porrota: Espainia erresumen Erresuma zen, jaurerri, jurisdikzio eta lege sistema propioa zituzten lurraldeen batasuna, eta horrela jarraitu zuen ia XIX. mendea arte. Gaztelako Erresuma izan zen Inperioaren zama eraman zuen bakarra bere zergekin, baina Koroako lur guztiak lortzen baliatzen ziren Inperioaren irabaziez eta altxorrez, eta horrek buztinezko Erraldoia sortu zuen. Halere, Olivaresek zetozen mendeetan Espainian klabe eta eztabaidagai izango zen auzia ireki zuen.
Bibliografia
ALCALÁ-ZAMORA, José N. (Coord.): Felipe IV: el hombre y el reinado. Madrid: Real Academia de la Historia, 2005.
ALLEN, Paul C: Felipe III y la Pax Hispánica, 1598-1621: el fracaso de la gran estrategia. Madrid: Alianza, 2001.
Carlos V y el fin de una época (1500-1558). Jaen: Universidad de Jaén, 2003.
DOMÍNGUEZ ORTÍZ, Antonio: Desde Carlos V a la Paz de los Pirineos, 1517-1660. Barcelona: Grijalbo, 1974.
FERNÁNDEZ ÁLVAREZ, Manuel: Carlos V, el césar y el hombre. Madrid: Espasa-Calpe, 2003.
FERNÁNDEZ ÁLVAREZ, Manuel: Felipe II y su tiempo. Madrid: Espasa-Calpe, 2004.
LACARTA, Manuel: Felipe III. Madrid: Aldebarán, 2003.
LÓPEZ CORDÓN CORTEZO, María Victoria: La España de Felipe IV: el gobierno de la Monarquía, la crisis de 1640 y el fracaso de la hegemonía europea. Madrid: Universidad Complutense, 1985.
LYNCH, John: Monarquía e imperio: el reinado de Carlos V. Madrid: El País, 2007.
LYNCH, John: Felipe II y la transformación del estado. Madrid: El País, 2007.
PARKER, Geoffrey (Coord.): La crisis de la monarquía de Felipe IV. Barcelona: Crítica, 2006.
PÉREZ, Joseph: Carlos V. Madrid: ABC, 2004.
RUIZ MARTÍN, Felipe (Coord.): La Monarquía de Felipe II. Madrid: Real Academia de la Historia, 2003.
STRADLING, R.A.: Felipe IV y el gobierno de España, 1621-1665. Madrid: Cátedra, 1989.
VÁZQUEZ DE PRADA, Valentín: Felipe II y Francia (1559-1598): política, religión y razón de Estado. Pamplona: EUNSA, 2004.
VERMIER, René: En estado de guerra: Felipe IV y Flandes, 1629-1648. Córdoba: Universidad de Córdoba, 2006.




