Gustav-eko Koadernoak
RSS sindikazioa
Gustav-eko Koadernoak

Zarauzko Udala
Elkarte Honek Zarauzko Udalaren Laguntza Jasotzen du

Gipuzkoako Foru Aldundia

AKOLA

Patziku Perurena Loyarte | Urtarrila, 2010 | Inprimatu Inprimatu

AGORROLA > AKORROLA > AKOLA…

GOIZUETAN IZAN LITEKE HOLA.

Mutikotan bromatan bezala hartzen genuen. Goizueta es tan pequeño que no se ve en el mapa…   Baina, barren barrendik, bazuen zerbait topiko horrek, min ematen ziguna. Orain, berriz, umetako min gorde hura, irauli eta haunditu balitz bezala da. Sekulan ongi ezagutuko ez dudan unibertso azkenik gabea dela sentitzen baitut Goizueta, nire haurtzaroko eta betirako paradisu infenutua. Hau ere paradoxa da, mundu osoa segapotoan eraman omen dezakegun honetan, nik Goizueta kaburik gabeko unibertso gisan sentitu beharra; eta sentitu, barren barrengo senez sentitu ere; ez axaleko jakite hutsez. 

 Horregatik, nire ezinjakin hondorik gabea pittin bat emendatzeko, Goizuetako toponimo baten aztarna batzuk azalduko dizkizut hemen, Agorrola > Akorrola > Akola toponimo ezagunarenak, hain zuzen; nahiz nire betiko txokokeria iduri zuri, Euskal Herri osorako datu baliagarria izan litekeela iruditzen baitzait niri.           

 Ez naiz filologoa eta gutxiagorik ere. Baina badakit zertaz ari naizen, eta honetan zer fama dudan ere bai. Hala ere, nik bezala, bere mikromundu ezaguneko paper zaharrak bertatik bertako ahozko kontuekin eta hankapeko lurrarekin etengabeko kontrastean bizi dituenak,  eta horretan libertitzen denak, bere moztasun guzien gainetik, zertan edo hartan argi mutturren bat eman liezaiokeela uste baitut filologoari. Izan ere, hitz jakin baten bizitza barrenen eta xeheroen arakatu duenak egin

lezakeela uste baitut filologiarik zuhurrena. Filologo hutsak, ordea, deus gutxi egin lezake bere zientzia filologiko sekulakoarekin, baldin eta tokian tokiko hitzaren bizitza zehatz horren berririk ez badu. Esperientziaz baitakit filologo eminente askoren zientzia zertan bukatzen den askotan. Hona Goizuetan bertako adibide batzuk:

 MAINGENE: Ahoz behintzat aski ezaguna da Maingene baserria Goizuetan, Alkaintzurian auzoan. Marijoangonea da ordea sortzez. Izen bereko herriko etxeari zegokion baserria baitzen sorreran Marijoangonea. Eliz atarian bertan, herriko etxeak, hantxe dauka izen zaharra kopetean idatzirik: “Marijoango-enea”. Baina herritarrok deitu, ahoz benpe, “Maisu Zarran Itxea” deitu izan diogu, gutxienez XIX-XX. mendeetan; eta atzenaldera, berriz, “Martin Eratsunen Itxea”; izan ere, 1936ko garraurrean Martin Eratsun Telettxea saldistarra egin baitzen etxe honen jabe, Ameriketan dirututa mutiltzartuxerik etorri ondoren, bertako alaba Maria Etxeberria Vertizekin ezkontzean. Jatorriz etxe honen borda zenari, ordea, nahiz idatzi ofizialetan Marijoangonea borda izenez azaldu, Maingene deitu izan zaio nire oroitze guzian. Bada, baserri honen izen jatorra behin eta berriz ageri zeneko nire artikulu parea bere kontrolpetik pasa ondoren, jaun filologo adiskide batek, maingu hitzean bilatu zion erro etimologikoa, Goizuetako okonimia lantzerakoan. Edozein filologok egin lezake, noski, holako hutsegite ttar bat; baina, urrutikoa bada, lekuan lekuko argiprintzak zenbat eta finago eskertu, orduan eta nekezago.

 AZAZTONDO, AZAZKARATE: Idatziz esana neukan (Ikus Dakiguna ikasten, 123 or.) Azatzondo, Ezaztondo, izeneko sarobe zaharrak eta leku berean goitixeagoko Azazkarate, Zazkarate, Zazkata baserriak, erro etimologiko berbera dutela: azatz + ondo eta azatz + garate. Baina, berriz ere, desprezio oso osoarekin, hona bi filologo eminenteren urrutiko tesia: “Izazkarate. Etimologia azalpena: …haitz ‘harria’ eta garate ‘goiko atea, goiko harratea’ izenez eratutako -azkarate dirateke”. Nik badakit ordea testu zaharretan azkarate ez dela inoiz ageri, eta izazkarate ageri den bakoitzeko mila bider ageri dela azazgarate edo ezazgarate. Beude, halere, beren bostean, nire begiok mila bider ikusitako argiprintza aintzat hartu nahi ez dutenak.

 ZUGAITZA, UGAITZA, HARKAITZA…: Donostiatik Iruñera bitartean ezagutzen ditudan filologoei adierazia nago behin eta berriz zein den zugaitza hitzaren esanahi zehatza, bere -g- idatziz benpe ongi merezitako horrekin, eta ez -h- ahozko eta beranduko horrekin, (ikus Dakiguna ikasten 101-103 orriak). Oraintxe aritu naiz Patxi Salaberriren borondate onari esker, Juan Carlos Lopez-Mugartzak jaso duen Erronkari eta Antsoko toponimia ikusten, eta han ere garbi ageri da, zugaitza hitzaren sorrerako simetria berbera erakutsiz, zer den ugatxa, ugaitza (ur gaitza,), “la agua maior, el rio mayor” (ikus 204 or.), guretzako erreka handi dena, alegia. Halabaina, neronek behin eta berriz Zuberoako Larraiñen eta bestetan frogatua daukadana, ukatu egiten du Peillen adiskideak esanez: “guretzak uhaitzak, ur gaitzak, dira basa urak (…) Gehienetan gaitz gaiztoa da zubereraz, ez du handi erabilerarik”. Harri eta zur utzi nau, Peillenek horiek esan, eta idatzizko eta ahozko usario zaharrarekin hobeki kontrastatu gabe, beren horretantxe utzi dituelako tesigileak. Gaur denak balio omen du. Datu xuxen, xuxen xamar, erdi xuxen, oker samar edo arrunt oker, denak elkarren gainka pilatu, eta tira!… Hauxe ekarri du globalizazioak eta internetak. Baina komeniko litzake, zinezko autoritatea duenen batek, noizean behin esatea, behiala Mitxelenak esan ohi omen zuen hura: “hau ez diot nik, hau euskararen historiak dio, menderen mendetako hitzaren usario bizi biziak”.

BELARBETEAK, IPETEAK: Ezjakinok ere ikasi egiten baitugu. Jakintzaren mentura taigabeko bilaketa baita. Horregatik, ez pentsa, hona arte esandakoak, ilargi beteko liluraldi batean galtzarbetik ateratakoak direnik.  Eta gauza berbera esanen nuke, “belarbeteak, ipeteak: busto > pastizal, busto > vacada” delako sinonimia zaharra Leitzako belar betea edo belar zama delakoarekin uztartuz esandakoez (ikus idem 120-122 or). Gaur oraindik askoz ere egiago iruditzen baitzait aurkikuntza hori: -bete hitzak euskal neurkera zaharrean izan duen usarioari begiratuz: ilabete, eskua bete lan, etxea bete jende, horrenbat > hori bete. Baina numerologiaren hasierako bat zenbakia baino lehenagokoa ote da bete kontzeptua gure neurri sistema zaharrean? Holako gauzak argitu beharko lizkigukete gure filologoek.

Edo latineko bustum hitzaz esaten nuena (ikus, idem 126-127 or)? Izanez ere, nola da posible gure lurren neurkera zaharrean halako garrantzia izan duen hitza, bustum, gurean aztarnarik utzi gabe pasa izana? Ez ote du bada, bustum horrek ederki esplikatzen gure pustarri, bustarrika (bustarri gaineko arrasto gurutzatuetan unaiak beren harrikoxkorrekin libertitzen zireneko josteta), ustai, uzta, uztarri… bezalako hitzen erroa? Den denak eremu semantiko beretsuan baitabiltza, lehen aipatu belarbete/ipete = pastizal/vacada delako bisemia uztartuan.

AGORROLA > AKORROLA > AKOLA: Baina, lehengoak lehengo, natorren gaurkora. Toponimian maisu den beste filologo nafar batek,  gauza beratsua esan baitzidan, aurreneko aldiz Agorrola<Akorrola<Akola uztarturik azaldu nizkionean: ezinezko zela behialako Agorrola batetik sortua izatea egungo Akola. Ikus dezagun bada. Horixe erakutsi nahi bainuke lan honetan, inolako harrokeriarik gabe, beti bezala, pobrearen arrazoiak erabiliz. Alegia, gure filologorik argienek ezetz badiote ere, Euskal Herriko leku askotan ageri den AKOLA lekuizena behialako AGORROLA sinkopatua baino ez dela. Begien bistako huxkeria dirudi, baina, azaltzeak eta ikusteak ematen ditu lanak!

  Arrunt ezaguna da Akola izeneko iturria Goizuetako Aitasemegi auzoan. Hantxe jaio eta hazia naiz ni. Eta zenbat aldiz Akolara, ur frexko bila, batik bat uda garaian, Benaisoron lanean ari ginela! Eta zenbat kontu eder iturri hartakoak. Gurasoen eta izeba osaben ahotik aditutakoak jasotzeko bakarrik, liburu eder bat beharko nuke! Inguruko baserritar guziak, biziko baziren, hara biltzen baitziren, elkarren penak uraren mirarian garbitzera.

 Bai, azindak ura edateko aska ere bazuen Akolak. Baita arropa garbitzeko leku eder askia ere, bere estalbe eta guzi. Nik estalberik ez nuen ezagutu, baina arropa garbitzen bai, andreak. Atzenekoa, Portoloko Maria Taberna zena, sortzez Aranaztarra, eta hura hil ezkeroztik baita alaba Joxepa ere. Ez baita alferrik Portolo, Akolatik bertaneko baserria. Eta jakinen bazenu noiztik diren elkarren lagun eta zordun!…

 

                         076: Akola

 

 Baina nire euskara bihurri honetan aisa sinesteko, umetako sentipenekin liluratuegia nabilela uste baduzu, hona, zure kontsolamendu hotzerako, datu ofizial batzuk erdaraz, toponimo berberaz[1]:

“escritura censal de a zinco por zien  otorgado por Juachin Escudero a favor del cavildo de Arano, abalado por su casa vecinal Escudero nuevo afrontada con Escudero y Andresenea con su huerta contigua, y castañal en la regata de la fuente de Arana afrontado con castañales de Ochoqui y Charinea, caseria de Portolo con su tierra sembradia afrontada con la fuente de acorrola y caseria de choaniquenea y castañal de Juandorenea, y dos castañales a ambas partes, una que afronta con el sel de erausna y la otra con la fuente de acorrola“.

 Horra hor gure Akolako Iturri maitea, behin eta berriz “fuente de acorrola” gisan aipatua, beti Portolo baserriarekin uztartua eta haren lurren mugante. Baina iturri gisan ezezik, beste mila modutara ere erabili izan dugu Goizuetan lekuizen hori, hitzetik hortzera: Akolaburu, Akolape, Akolako bidea, Akolako zokoa, Akolako malda, edo orohar Akolaldea ere bai.

Eta ez ote liteke azken Akolalde jeneriko horixe berbera izan, ondoren ikusiko duzun “término llamado acorrala” hauxe. Hara, Goizuetako Udal Artxiboko erabakien liburuan, 1749ko garagarrilaren 29ko herri batzarrean, nola ageri den:

 ”se hizo presente que de tiempo antiguo asta ahora tres años poco mas o menos a tenido la Villa persona destinada que cuide de tener limpios los bertientes del termino llamado acorrola para que corra por ellos la agua de la forma que se a practicado, evitando por este medio los prejuicios grandes que se padecerian en defecto, pagando anualmente por dicho trabajo a Fco. Escudero en su tiempo y a su padre en el suio y a otros que an corrido con esta incumbencia ocho reales de rentas de esta villa; y abiendose tenido la omision de no abersele encomendado en los tres ultimos años se a esperimentado que por aberse cerrado dichos vertientes en abenidas crecidas ha corrido la agua hacia el cuerpo de la villa y echo considerables daños conduciendo su fuerza mucha escoria echando a perder las calles y plaza. Yntroduciendose en diferentes casas con perjuicio grabe de los dueños de ellas padeciendose entre ellos barias discordias enbarazando los unos el que la agua corra por enfrente de sus casas e ygualmente los otros, y para la quietud del pueblo y evitar tanto daño (…) todos en conformidad nombran por persona que cuide de limpiar y componer los vertientes del referido termino llamado acorrola al espresado Fco Escudero. (…) Y por lo que respecta al agua que cae y corre mas abajo de dichos vertientes hacia la villa el regimiento reconozca los instrumentos que hubiere en el archivo y berifique el conducto por donde a de correr y en caso de no aber instrumentos se entere de la constumbre observada de tiempo antiguo”.

Aspaldi haunditik omen zuela herriak ohitura, Akolaldeko bidea eta urbideak zaintzeko urtero norbait izendatzekoa. Baina, itxura denez, azken hirulau urtetan (1746-1749) ez zuen inor izendatu Herriak, eta utzikeria horren ondorioz, sekulako kalteak egin zituela dirudi Akolaldeko bidean behera etorritako uraldeak herrian. Horregatik izendatu zuten berriz ere Fco Escudero, lehen urtero bezala,  Akolaldeko bidea eta urbideak ongi zaindu zitzan.

Ez dut oraindik xuxen aztertu, noiztik zetorren ohitura zen hau, baina, 1607 aldetik honuntz urterik urte hantxe ageri da kontuen liburuetan Akolako bideak eta ubideak garbitzeaz urtean zehar arduratu denari emandako soldata. Honatx tarteka ateratako datu batzuk, gutxieneko irudipen bat egin dezazun:

1612: “dos ducados en adrezar el camino de acorrala

1645: “dos ducados y seis reales por adrezar los caminos de acorrola

1662: “a Juan de Errazu y Fermin Joseph de Garbisso doze reales por adrezar el camino de acorrola

1688: “a Joseph de Eraso ocho reales por limpiar los vertientes de acorrala

1692: “a Bernardo e Villanueba jurado ocho reales por limpiar los desaguaderos desde la caseria de portolo asta la casa de titilla

1693: a Martin de Huizi titil ocho reales por el trabajo que a tenido en dar los desaguaderos a los caminos desde acorrola asta las puertas de titilla durante el año.

1695: “ocho reales a Martin de Huizi jurado por adrezar los pasos malos que havia desde la casa de titilla asta acorrola ( oraingoan alderantziz)

1715: “treynta y dos reales a Pedro de Escudero, los veynte y quatro por romper la piedra que caio en el camino real de acorrola y los ocho restantes por limpiar los vertientes de dicho camino de acorrola”.

1723: la partida 52 de ocho reales pagados a Porttolo por los vertientes de Acorrola se ympugna por la queja comun y aldelante si los hubiere se le tomaran en quenta”.

1731: “a Miguel de Escudero heredero de Pedro ocho reales por limpiar los bertientes de acorrola”

1749: ocho reales pagados a Fco de Escudero por el salario anual del cuidado y trabajo de limpiar los bertientes que llaman de acorrola, y evitar los daños que por no aberlo echo se an experimentado en los Caminos Reales y Plaza publica en abenidas de agua. 

1752: ocho reales pagados a Franco de Escudero residente en esta villa por el salario anual del cuidado y trabajo de limpiar los vertientes para el corriente del agua del termino intitulado Acorrola y se ebiten los daños que por su defecto se an experimentado en los caminos reales, calles, y plaza desta villa.

1754: “ocho reales a Franco de Escudero por el salario anual de cuidar de limpiar los bertienetes del partido de acorrola para que no pierda la abenida de agua los Caminos Reales.

Horra non ageri zaizun zorioneko acorrola, etengabe, eta esanen nizuke toponimorik maiztuena dela Goizuetako Herriko Etxeko kontuen liburuan. Kasik urtero ageri baita. Eta ez kontuen liburuetan bakarrik, baita erabakien liburuetan ere:

1734ko azaroaren 14ko batzarrean: “que le confieren a Pedro Escudero Portolo el limpiar los bertientes de acorrola anualmente, por ocho reales en cada un año”.

1738ko abenduaren 14koan: “Fco de Escudero dize que siendo gusto y voluntdad de Vs tendrá quenta de los caminos y vertiente de Acorrola como su hermano Pedro Escudero solia tener”

Datu horietatik ederki ikus liteke, guk pistak egin arte ahoz Akolaldeko Bide Haundia esan ohi geniona Camino (Real) de Acorrola izenez ageri dela paper zaharretan. Eta hura ongi zaintzeko kezka haundia zuela herriak. Izan ere, herriaren alderik zaharrena erdiz erdi harrapatzen zuen bidea baitzen, eta euriterik gertatu ezkero, kalterik haundiena zekarrena. Hasieran herriko langile batek hartu zuen kargua. Gero Titillako nagusiek, eta 1700 urte ingurutik honuntz Portoloko nagusiek, gizaldiz gizaldi, eta harrigarri badirudi ere, soldata sosik igo gabe. Betiko ” ocho reales” horiek agertzen baitira beti.

 Baina, berriz ere, hautsi egin zela dirudi aspaldiko usarioa, eta Portoloko Patzikuren zabarkeria edo utzikeria zela medio Juan Bautista Etxeberriak hartu zuela Akolaldeko ubideak garbitzeko kargua. Halatsu adierazten du benpe 1755eko abuztuaren 10eko batzarrean jasotako akta honek:

“que Fco de Escudero residente desta villa tiene a su cargo el cuidado de limpiar los vertientes de los caminos reales que en esta villa intitulan del partido de acorrola y que es sumo el descuido que padeze, de forma que por su falta se an experimentado varios perjucios y una queja grande del comun (…) y los ocho reales anuales de su salario se le paguen de oi en adelante a Juan Bautista Echeberria“.

  Gero gertatu zena gertatu, ikusi duzu ez zela nere lilura hutsa. Paper zaharretako Acorrala eta gure ahozko Akola Eta ez hori bakarrik, baita Acorrola eta Portolo baserria ere. Hala eta guzi, nork hartu gaur Portolo baserria Akolatzat? Sinistekoa ez badirudi ere, halaxe zela dirudi ordea. Hara nola ageri den 1683ko maiatzaren 28an, Portoloko seme Pello Escudero gaztearen ezkontzako kontratuan:

“su casa llamada Escudero con su guerta delante y todas las tierras blancas y liecas a ella y la casería de Acorrola, con todas sus tierras manzanales y castañales y derechos tocantes a ella”

Eta sinestu ezinik, zalantzan bazeunde oraindik, hara Domingo de Andrategui eta Margarita de Orella emazteari Herriak egindako hipoteka batean, zeinen zerrenda polita ageri den, azken orduko filologo aprobetxategien tentagarri, akorrola gurea tarteko dela[2]:

“la casa principal en que abitan, afrontada con casas de Calecoechea y Cochoa, y la plaza pública. Yten una casería llamada acorrola afrontada con casería de venaio y escudero, con un manzanal recien plantado y una pieza de sembrar pegante a dicha casería dentro de su heredad cerrada. Yten la casa llamada Zubimusua que afrenta con el puente y rio principal y con Marijuangonea. Yten una tierra de sembrar en la endrezera Gorosteguieta de doze peonadas que afrenta con heredades de la casería de Chacurcho y de la casa de Cathalinmartizena. Yten dicho Palazio de Erasun con su casa que es pegante con todos sus heredades que tiene en las begas del dicho lugar de Erasun, más réditos de la casa ipotecada de Soldenea afrontada con el rio principal y con las casas de Capero, Chabalco y de Martin de Ybero“.

Horra irakaspen on askia, lekuizen batek eman lezaken bilakaera bihurriaz. Agorrola, acorrola, akola… bere buruari bizirik eutsi nahian inguruko zernahiri itsatsia: fuente, camino, caseria, partido, término, vertiente… Hala ere, gaur inork ez lizuke sinestuko Goizuetan, egungo Portolo baserria behiala burni egosteko agorrola izan zenik. Baina halaxe zela dirudi, gerora lekuz eta zentzuz aldatzen joan den toponimo bihurtu bada. Eta, horretan sinale, lekuizen jeneriko hagitz zaharra dela, sorreran izandako agorrola haren sonari eta eraginari esker, menderen mendetan gorde baita. Begira, esate bateko, Orreagako fraideek 1590ean egindako burniolen erroldan, non ageri zen Anizlarrean[3]:

“Alduncin, Lasao, Cibola, Goizarin, Articuza, Erausarte, Verdabio, Alçate, Elama, Oarrin, Arrambide, Aquorola, Urdiñola, Ibero, Egaza, Neque, Elleuma. Las diecisiete instalaciones sumaban 398 florines al año ( 995 reales de plata) de censo”.                

Eta, kararik kara, Leitzakotik ere bazuen beste senidea Leitzalarren, gure hau bezalaxe AKOLA deitzen dena, baina garai batean agorrola  famatu  izandua, nahiz Leitzako toponimia esplikatu dutenek halakorik ez argitu, eta “en dicha regata estaban las ferrerías de Akola y Urdiñola” besterik ez esan. Eta dudarik ez, Goizuetakoa edo Leitzakoa ezezik, Euskal Herrietako beste AKOLA guziak ere, behiala AGORROLA izanak direla.

Esanak esan, horra mahuka ederra agorrolen, baztarrolen,  zeharrolen, haizeolen edo dena delakoen aztarren bila dabiltzan erditurista orpoxuri horientzako. Ez baitut uste orain arte inork esan dienik, AKOLA hori, behialako AGORROLA sinkopatua baino ez dela. Hala eta guzti, askoz hobeki ikus liteke toponimo honen bilakaera urteetan atzera joaz, eta dokumentuak hobeki aztertuz. 

 Eta beste datu bat, ditxosozko burniolekin nabilela. Goiko mendietako baztarrola zaharrek beheko errekondoetako ola berriekin deus ikusirik ez zutela ahoa betean dioten horiei, esanen nieke badutela elkarrekin zer ikusi puxka. Goizuetan 1755eko abuztuaren 31ko udal batzarrean jasotako akta honek hala erakusten du, behintzat. Urte batzuk abandonatuxea zegoen Olaberriaz ari zaizu, inondik ahalbaitean San Migeletarako martxan paratu nahiz:

 ”allan no aver sitio capaz  y libre como en tiempo que tenia uso dicha Arragoa u orno de cocer mena, por averse estrechado el espacio, a causa de que Miguel de Huici y sus subcesores dueños de una huerta que ai en las cercanias de dicha Arragoa clandestinamente y sin lizencia.

  …materiales de obra cal, arena y piedra… limpiar estolda, acequia y presa… por aver llenado una abenida crecida de agua de arena , cascajo y escoria[4].

 …en la misma se trato de la necesidad de obtener facultad del Real Consejo para la execucion del nuevo mazo que se necesita para la erreria de Olaberria por ser inutil la anterior por su pequeñez a causa de aver serbido antes para erreria que llaman cearrola y estar poniendose al presente en el de erreria maior“.

Beraz, beheko olaberri asko ere, hasieran behintzat, zeharroletako gabi koxkorrekin aritu zirela dirudi, beste gabi haundi hoberik ezean. Eta nago ola ttiki edo olatxo asko ere ez ote ziren zeharrola deituak, hasiera hartan. Begira guk Alduntzinen Olatxo izenez ezagutu dugun etxearen izena bera nontsutik letorkeen: “Tasacion de los  barquines de de la herrerias de Alduncin:.. se han visto y reconocido los barquines aviendolos descosido, y los cueros de la herreria menor o cearrola se componen de doce cueros y balen en el estado presente quarenta pesos”. Horra gaurko Olatxo etxea, behiala “herreria menor o cearrola” izana.

Eta burutazioekin bukatzeko esan, gaurko Portolo baserria -lehen agorrola zena- nolako maldan dagoen ikusirik, imajinatzen dudala oraindik, han egositako meatza, amilka nola etorriko zen SANTSOLA aldera, eta gero handik ZIBOLAra. Eta, berriz ere, horra hor hiru toponimo zahar, elkarren orpoz orpo, Agorrola > Santsola > Zibola,  Goizuetako burnigintza zaharraren bilakaera errotik aztertzen hasi nahiko lukeenarentzat. Filologia aldetik Santsola horrek ez dizu misterio haundirik, baina, Zibola hori ez ote dagokio burnia lantzeko sistema zaharren bati? Nik bi iturri etimologiko nabari sumatzen dizkiot: alde batetik, burnia zeba(tzeko) ola, edo bestela, horixe bera egiteko, ziba, zibot, bidezko sistema mekaniko birakaria zuen ola. Zena zela, indar haundiko ola izana zen Zibola, bere dorretxe eta guzi, eta seguru aski ere, bertaneko bi aipatzearren, IBERO eta ALDUNTZIN baino askoz lehenagokoa, burni lantzeko sistema kontuetan.


[1] NAH, GOI, Prot, 1729, Martin Goizueta: 228-31 or.:

[2] NAH, Goizueta, Martin Zubiri eskribaua, 1689 urtea, 9 or.

[3] MIRANDA GARCIA, Fermin: Roncesvalles, Trayectoria patrimonial (siglos XII-XIX).

 Iruña, 1993. 181. orrian.

[4]  Eskoriatza, Areatza, Areso… toponimoak etorri zaizkit burura.

Gora