TRAPEZISTA IZAN NAHI DUT
Nik uste dut harrotasun puntu bat daukagula idazten dugunok.
Behin batean amari esan nion trapezista izan nahi nuela. Eta gure amak harrituta begiratu ninduen, eta zergatia galdetu zidan. Trapezistak dena ikus dezakeelako trapeziotik, esan nion nik, munduko gauzarik inozoena galdetu izan balidate bezala. Baina ez, nik nahi nuena zen jendeak niri begiratzea, nik egiten nuenari -noski, besteek ikusten ez zituzten gauzak ikusteak ere ilusio ikaragarria egiten zidan-.
Nik uste dut harrotasun puntu bat daukagula idazten dugunok, trapezistek bezala, jendearen arreta piztu nahi dugulako. Izan ere, literatura, trapezioa bezala, arriskuaren artea da. Eta arriskua beti da erakargarria: arriskuan jartzen denarentzat eta bai eta ikusle-irakurlearentzat ere.
Arriskua beti da erakargarria, baina ez arrisku fisikoa, jauzi hirukoitz mortala egin baino lehen zailagoa oraindik! esaten zutenean sentitzen genuena, haurrak ginenean. Misteriotsuena, eta, hortaz, erakargarriena zen, nola zen posible, bi trapezio xumerekin bakarrik, halako ikuskizun zoragarria egitea. Eta hitzekin berdin pasatzen da. Misterio bat da nola idatz ditzakegun hitzekin, lehengai ez-kaltegarri honekin, horren gauza mingarriak zein onuragarriak.
Amak, noski, ez zidan trapezista izaten utzi. Gehienez ere gimnastika erritmikoan izena ematen utziko zidala esan zidan. Eta nik baietz esan nion, ez baitzitzaidan era hoberik bururatzen giharrak sendotzeko. Hori bai, ez nengoen prest gainontzeko neskek zeramatzaten jantzi arrosak eramateko. Nik traje berde bizia nahi nuen, zirkuko ekilibristena bezalakoa, eta Iruñean aurkitu ez eta Izeba Sagrariok Madriletik ekarri behar izan zidan elastiko berdea. Distiratsua. Perfektua.
Hala ere, ez zegoen gimnastika klaseak baino gauza aspergarriagorik. Hortaz, gurasoak etxean ez zeudenean, soka bat lotzen nuen eskaileratako barandan eta handik zintzilikatzen nintzen. Musikarik ez nuen behar. Fokurik ere ez. Aulki guztiak beteta irudikatzen nituen, eta ikusle guztiak nire traje berdeari begira. Edo agian ez zeuden nik uste bezain adi, ez zidalako inork jakinarazi soka askatzear zegoela. Hartu nuen kolpearekin hanketako hezur guztiak hautsi nituen, behatzetakoak izan ezik.
Hilabete pasatu nuen ospitalean, postrerako budina noiz jarriko zain eta liburuak irakurtzen, bata bestearen atzetik. Aitak Agatha Cristieren liburuak ekartzen zizkidan, karratuak eta paper ilunekoak. Berak, bitartean, Hugo Wastenak irakurtzen zituen, aukerako liburuen azokatan aurkitutakoak guztiak.
Ospitaletik atera nintzen egunean aitak nora joan nahi nuen galdetu zidan, eta nik liburu dendara joan nahi nuela erantzun nion. Aitari ez zitzaion eskaera arraroa egin; amari bai, ordea. Galdetu zidan ez ote nuen nahiago izozki bat. Nik uste susmatzen zuela aitari gero eta antz handiagoa hartzen ari nintzaiola.
Liburu dendara sartu nintzenean, Charlieren txokolate fabrikan nengoela iruditu zitzaidan. Bertan aurki nitzakeela txokolatezko errekak, inoiz ere urtzen ez diren izozkiak eta zaporerik galtzen ez duten txikleak. Liburu denda hartan denetatik zegoela. Amaigabea zela.
Baina Charlieri txokolatina bakarra erosi zioten bezala, nire aitak ere liburu bakarra eros nezakeela esan zidan. Arau horixe betetzen jarraitzen saiatzen naiz oraindik, dendarien kaltetan: liburu bakarra erosten dut dendara sartzen naizen bakoitzean, neurririk ez dudalako kontu horrekin eta nire etxea nabe espazial bat bezain txikia bilakatuko litzatekeelako bestela.
Ez dakit noiz ahaztu nuen trapezista izatearen kontu hori. Ospitaleko erizainek beren lana behar bezala egiteko elastiko berdea guraizez moztu zidaten egunean seguruenik. Hala ere, zirkuko haur haren begiekin mundua irakurtzen jarraitzen dudala iruditzen zait, nahiz eta urteak igaro ahala serioagoa izan -eta, hainbat gauzatarako, petralagoa-.
Bizitzen eta irakurtzen jarraitu dut harrezkero. Eta maiz nahita, baina gehienetan nahi gabe, bizitakoa eta irakurritako nahasten zaizkit eskuko poltsan ustekabe eta ez-jakinekin batera. Bihotz taupadak bizkortzen zaizkit orduan, eta ingurura begiratzen dut badaezpada, ea jende gehiagori gauza bera gertatzen zaion. Eskua poltsan sartu, eta lepoa bihurrituko diedala amenazo egiten diet, isilik egon daitezen. Baina egia da ohitu naizela haiekin egoten eta konpainia noblea direla tristeak kontsolatzeko makina, Txan fantasma eta Chuck Aranberri, eta luzez isilik badaude bakarrik sentitzen naizela.
Finean, liburuak horrelakoxeak dira, bakarrik irakurtzekoak; baina sekula ez gaituzte bakarrik uzten.




