Gustav-eko Koadernoak
RSS sindikazioa
Gustav-eko Koadernoak

Zarauzko Udala
Elkarte Honek Zarauzko Udalaren Laguntza Jasotzen du

Gipuzkoako Foru Aldundia

“ERRE ZIRENEI ESKER SALBATU ZIREN?”

Santiago Leoné Puncel | Urtarrila, 2010 | Inprimatu Inprimatu

Nonbait norbaiti (Carlos Fuentesi, oker ez banago) irakurria diot muga oro orbain dela, lurrean egindako zauriondoko. Nire esperientzian, ordea, kontrakoa da egia (baina esaldi borobilek hori dute txarra, politak izanagatik anitzetan ez direla egunerokoan erabilgarri), orbain bat baita muga nire bizitzan. Orbain bat, hain juxtu ere, gure haurraren sabela mutur batetik bertzera inguratzen duena, urtea bete gabe egin behar izan zioten ebakuntza baten ondoriozko arrastoa. Umea onik atera zen, onik ebakuntzatik eta onik ebakuntzara behartu zuen eritasunetik. Baina orbainak hor segitzen du, eta harekin batera bizi izandako egun zail haien oroimena. Muga, bai baitakit betiko eraman behar izanen dudala orduko sufrimenduaren memoria, haurrak bisturiaren aztarna daraman bezala. Betiko. Eta

memoria horrek ez du egunerokoa errazago egiten, batzuetan ez du bizitzen laguntzen, batere. Baina, noraezean, ezin zeharkatuzko harresia da haren xorroko marra hori, eta berarekin daraman memoriak aldarazi egin ditu hura baino lehenagoko bizitzaren koloreak, eta ahantzarazi haren aitzineko ikusmoldeak. Zenbait gertakarik bitan puskatzen dute gure bizitza, eta ordutiko aurrerakoa baldintzatuz ezinbertzeko bihurtzen da haien memoria, hura baita orduz geroztik garenaren euskarri bakarra.

Alberto Barandiaranen Postkronikak liburu bikainaren iruzkinaren bukaera aldera, Javier Rojok komentatu zuen El Correon (aurtengo abuztuaren 15ean) horrelako liburuek (erran nahi da, memoria historikoa aldarrikatzen duten liburuek) kontrako jarrera pizten dutela beregan, iruditzen zaiolako “oroimenak, lagungarri izan beharrean, lastre bihurtzeko arriskua duela bizitza normala egiterakoan”. Artikuluek hondar esaldi borobila eskatzen dute, eta iruzkinek, komentario kritikoren bat. Bi behar horiek elkartuta sortu zen naski Rojoren aipaturiko zera hori.

Gaur egun dena erraza izan behar baita: literatura, irakurterraza; esne-kutxak, irekierrazak, eta euskara erraz eginda ikasi behar da. Barandiaranen liburua ez da lagungarri, ados, baina egileak ez du inon erran autolagutzarako liburua idatzi nahi zuenik. “Latza da -gure- historia” idatzi du Mikel Asurmendik liburuaren bertze iruzkin batean. Nire iduriko, nekez aurki daiteke adjektibo egokiagorik Barandiaranen bortz testuen funtsa deskribatzeko.

Postkronikak liburuko testuetan, gure esperientzia historikoan muga izan diren eta gure memoria mamuz bete dituzten bortz gertakari izan ditu mintzagai Alberto Barandiaranek, bortzak historiakoak -orokorrean- eta, aldi berean, gure historiakoak. Guztietan, lehena, “Lutxen argazkia” izan dut nik gustukoena, gogoeta eta sentimendu gehien sorrarazi dizkidana.

Lehenik eta behin, abiapuntua: hutsune bat. Lehen erreportaje horretan, Auschwitzen egondako andre nafar baten ibilbidea kontatzen zaigu, hain zuzen ere Ziraukiko Higinia Luz Goñi Aiestaranena -izenburuko Lutx-ena-. Eta haren bizitza berriro harilkatzeko estakuru formala: ea posible den Poloniako Lager-ean egin zioten argazkia berreskuratzea.

Zehazki kontatzen duena alde batera utzita, gogoeta metahistoriko gisa irakurri dut nik “Lutxen argazkia”. Hau da, historia idatzi eta, aldi berean, historia nola idazten den erakutsi duen neurrian, edozein ikerketa historikoren metafora iduritu zait: hasieran, hutsune bat bete beharra du egileak; bukaeran, xehetasun asko ikasita ere, hutsune hura ez du arruntean betetzea lortu. Eta, hala ere, merezi zuen saiatzea. Erran liteke, beraz, aldi berean porrot eta garaipen baten kronika dela Barandiaranek izkiriatu duen testua, aurkitu nahi zuen potreta eskuratu ez duen arren, Higinia Luzen bizipenaren irudi bizi-bizia osatu baitigu. Zekena izaten da iragana bertan gertatutakoaren berri emateko tenorean: gure egarria erabat asetuko zukeen tanta beretako gelditzen ohi du. Baina hori aitortuta, lorpen larria da iraganeko jendea berriro biziaraztea, Postkronikak-eko lehen artikuluan Barandiaranek egin duen bezala.

Baina hausnarketa metahistorikoa ez ezik, narrazioa ere bada Lutxen historia. Eta hor, Barandiaranek arrazoia eman die historia literatura ere badela erraten dutenei, nekez ehun daiteke-eta finezia handiagoaz andre haren gorabeherak osatzen dituzten hariak. Berez hunkigarriagoa den historia are hunkigarriago eta hurbilago egiten du egileak, aitzinat eta gibelat eginez denboran eta datuak behar denean eskainiz. Ez da zaila Higinia Luz Goñi lagun sentitzea; artea eskatzen du haren bizipena irakurleari kasik biziarazteak.

Beharbada horregatik, Luxen bizipena hain latza izan zelako, hura kontatzeaz gainera, hari zentzua ematen ere saiatu da Barandiaran azken lerroetan. Naziek Wilhen Brasse izeneko preso poloniar bati eginarazi zizkioten Auschwitzen atxilotutakoen argazkiak. 1945ean, errusiarrak hurbilzeudelarik, alemanek presoen argazkiak erretzeko agindu zieten Wilhen Brasseri eta haren lankide Bronislaw Jureczek-i. Azken honi, ordea, estufan, negatiboekin batera, paper bustia sartzea bururatu zitzaion, eta horri esker argazki batzuk salbatu ziren. Guti, hala ere, %3,3, Barandiaranek dionez. Litekeena da, beraz, Lutxen argazkia erre izana. Dena den, harena aurkitu ezean, Auschwitzeko bertze zenbait presoren argazkiak komentatzen ditu egileak hondar orrialdeetan. Ondoren, honela bukatzen du erreportajea:

“Horien guztien erretratuak iritsi zaizkigu, hain zuzen ere, beste batzuenak erre egin zirelako preso poloniarrek piztutako zeramikazko estufatxo batean, paper bustiak oxigenoa amaitu baino lehenago. Iritsi zaizkigunak erre zirenei esker salbatu dira.

“Higinia Luzena izan zen, seguru asko, erre zirenetako bat.”

Sinbolikoki bada ere, Higinia Luzen sakrifioak, beraz, zerbaitetarako balio izan zuen. Bai ote? Asurmendiren hitzak datozkit burura: latza da gure historia. Latza, XX. mendeko historia, beharbada zentzurik ez duelako. Muga delako, orbain itzelak utzi dituelako, bazterrezinak, ahaztezinak, saihestezinak. Eta haiei begira bizi behar dugu (eta, alde horretatik, xoragarria iduritzen zait Postkronikak liburua), baina, nire iduriko, haiek osatzen dute gure ikuspegi historikoa, eta ez historiaren beraren ustezko zentzuak edo norabideak. Historia kaosa da, anabasa, zarata ulergaitza. Nazien sarraskian, jendea bizi edo hil egiten zen txiripaz, halabeharrez, kasualitatez. Hori dela eta, ez nau asetzen aipatutako azken lerro horietan Barandiaranek sartu duen eskema zentzu-emaile horrek. Ez.

Geure burua engainatu ezean, iduritzen zait XX. mendeko izugarrikerietatik sufrimendua atxiki behar dugula, zauriaren arrastoa eraman behar dugula. Nire ustez, “Lutxen argazkia” testu osoko keinu erretoriko bakarra da goitian aipatu dudan paragrafoa, historia krudel bat edertzeko saio bakarra

Gora