BASAJAUN ZINEZKO BILA MARILURREN
Liburu dotorea atera du Joxe Ramon Zubimendik. “Gipuzkoa, Mari-lur”. Baita erregalo egin ere, hilero Herri Literaturaz aritzera biltzen garenoi. Horrexegatik atera zait artikulu bihurri hau: eskerrak emateko modurik egokiena iruditu zaidalako.
Liburuaren intentzioa, sarreran bertan argitzen du egileak, Joxe Miguel Barandiaranek ehun urtetan kararik kara esandako hauxe ointzat eta aintzat hartuz:
“Euskal Herriak bi eratako gizonak eman ditu, besteak beste: notarioak eta kapitainak. Ni eskribaua naiz; eta zu, Joxe Ramon, kapitaina zara. Nik bilatu, bildu eta idatzitakoa interpretatu egin behar da, eta, zu kapitaina zarenez, zuri dagokizu lan hori”.
Esan eta egin. Sinestu eta gorpuztu. Badu beraz Gipuzkoak kapitain mitiko berria. Lehen beterriko (Usurbil-Zubietako) Basajaun eta Orentzero ikazkin izana, orain, emealdi oparoan garenez, goierriko (Araizko) Mari Basandere nobletuaren seme on. Bejondiala Joxe Ramon!
Baina aspaldiko kontua da. Orentzeroak eta kapitainak, beterriak eta goierriak, azpi azpiko gutiusteak eta gain gaineko haundiusteak, talkan hasten direnean, armarriak ateratzen direla erdira segituan. Ez da harritzeko, beraz, Zubimendi jaunak ere liburua honako kapitulu honekintxe hasi izana: “Gipuzkoako armarriko misterioa”.
Misterio horren harian, Zubimendiren tesia da, Gipuzkoako armarririk zaharrenetan, errege beltza ageri zela lepotik griluz lotua, bi Basajaunen mende, eta gizartea xuritxen joan ahalean, basakeria iduriko egia eder hura ezkutatu egin dela. Eta prozesu horren lekuko, garaian garaiko armarri zaharrak aipatzen ditu, beren irudi eta guzti: Antzuolako Gilisagastiko eta Usurbilgo Urdaiagako armarri zaharrak; gero, 1460koa, Donostia 1459an giputx egin ondokoa; edo 1513koa, giputxek nafarrei Belaten kendutako 12 kainoiak jasotzen omen dituena; eta azkenik 1634koa:
“1634ko armarri honetan Basajaunak falta dira. Desegokiak izaki nonbait, horren armarri dotorean agertzeko. Lotsagarri iruditurik edo, nork bere gurasoak ezkutatzea ez baita atzo goizeko kontua (19.or)”.
Aldez aurretik ere, 1563ko armarriaz (18. or) gauza bera nabarmentzen baitu egileak: “Horra Basajaunak bilutsik!”. Baina, nere gisa, basajaun ahul eta triste samarrak dirudite 1563ko horiek, larrugorritan lurrera begira, horren murumakur. Ez hala 1634koak, Zubimendik berak ongi enfatizatzen dituenez (21. or):
“Armarrian, antzinako jatorriaren lekuko,
bi basajaun ageri dira Gipuzkoaren zaindari:
begirale argi, sendo, jakintsu, lasai;
zuhaitz-adar bizi banarekin, erne (…)”
Eta nik, neure larresenari esker, aspaldi haunditik soberaxko mitifikatua sumatu izan dudan basajaun horretaz esan nahi nuke zerbait; gero ere, armarriak aparte, kapitulu osoa (59-72 or) eskaintzen baitio egileak. Baina, armarriarekin bukatzeko, galde batzuk datozkit gogora, misterioa ongi argitzeko faltan sumatu ditudanak:
•1. Armarri horietan, batez ere, alde banatara bi jauntxo ageri direnekoetan, deusen aipamenik egiten al da basajaun omen direneko horietaz, erdarazko testo fundazionaletan?
•2. Aipamenik egiten baldin bada, nola izendatuak eta deskribatuak ageri dira basajaun omen direneko horiek erdaraz?
•3. Halako aipamenik inon ageri ez bada, nori, noiz, zergatik… bururatu zitzaion basajaun izendatzea?
•4. Eta izendatu bakarrik, 1563ko mellenga pare hori ikusi, eta nork pintatu zuen 1634ko pare hori, horren basati eta indartsu? Nondikako ideologiak eraginik?…
Galde gehisko. Ahozko ondarea jasoxe badugu ere, gure eliz eta udal artxiboak kasik ukitu ere egin gabe baitauzkagu. Martxa txarra, mitoak zinezkora ekartzeko, eta ahozkoaren interpretu on izateko.
BASAJAUN MITIKOAK EZIN IKUSI ZINEZKOA
Begiak buruak agintzen diona bakarrik ikusten omen du. Konforme. Baina, izan al liteke, zinezko erro gabeko leiendarik? Zer ote zen izatez ahozko kontu horietan ageri zaigun basajauna? Ba ote du sinonimorik etxeko edo auzoko erdaratan zorioneko basajaun horrek? Baietz uste nik.
Zer esan nahi dute batere mitifikatu ez diren etxejaun, olajaun… eta gisako hitzek? Nik uste, edozein hitzak berezko duen polisemia deusetan ere ukatu gabe, batez ere etxearen jabe eta olaren jabe esan nahi dutela, ez? Besteak beste, ezin baitut ahaztu, eremu semantiko honetan inon baino hobeki datorren, “jaun eta jabe” esaldi ezaguna. Eta zergatik ez du esan nahiko gauza berbera basajaun hitzak? Beste deus baino lehen, basoaren jabe, alegia? Baina, jakina, orduko basoa gaurko lur zentzu osoan ulertuz. Gure lurrok, batez ere, baso baitziren behiala.
Eta zergatik ez du etxejaun edo olajaun hitzak halako mito liluragarririk sortu gure literaturan, eta zorioneko basajaun hitzak bai? Nik emanen nuke arrazoi bat: etxe eta ola hitzei zibilizazio usaina darie, basa- hitzari berriz arkaikotasun birjina. Eta euskal mitoak, hori eskatzen nonbait. Dena den, errezeloa sortu beharko lioke euskal filologo finari, eta aztertu egin beharko luke, mitoak argituz.
Badira hamaika etxe Olajaundegi izenekoak, batez ere burniola ugariko herriotan. Goizuetan bertan bat, eta Artikutzan bestea, zenbait apeotan Ferronenea izenez ere ageri dena. Gauza jakina genuke, hortaz, zer den Olajauna eta Olajaundegia? Eta zergatik ez ote dute balio Basajaun eta Bajaundegi hitz zaharrek lojika filologiko berbera aplikatzeko? Alegia, basoaren jabe begien bistako horixe baino ez dela izan basajauna, eta haren bizilekua edo etxea Basajaundegia. Horren zail egiten ote da ikusteko, gure herrien sorrerako eta bilakaerako lojika elemental hori?
Honetaz zer edo zer esateko, inguru aproposean jaio eta bizi naiz. Goizueta Artikutza aldean. Aspaldi haunditik nabil Orreaga eta Goizueta arteko auziekin, 1200-1800 urte artekoekin, eta esan dezaket, gehientsuenak goierriko (Orreagako) basajaun eta beterriko (Goizuetako) herritarren arteko auziak direla, edo bestela esan, Basajaun eta San Martintxo mitiko horien leiendak bete betean gorpuzten dituztenak. Ezin bestela izan, gure basoherri asko, San Martintxok ederki sinbolizatu bezala, eliza baten inguruan hedatu baitira behitik goiti pittinka pittinka lurra irabaziz, betiere goitik beheitiko basajaunen mendearekin etengabeko talkan, atzenerako beren lurra eta burujabetza eskuratu arte.
Kontuak hola, herrien foru edo karta puebla delakoen sorrera inguru horretakoa dela ikusten da ederki Basajaunak eta San Martintxok gorpuzten duten gatazka hori. Hara wikipediak hitzarmen hauen sorreraz dioena:
“Además, sirvieron a los reyes como un instrumento político de equilibrio frente al poder señorial, permitiendo la generación de núcleos urbanos conformados por hombres libres, que hacían las veces de una tercera fuerza entre los señores y los monarcas.
Goizuetaren kasuan bete betean kunplitzen da triangelua. Iruña (nafar erregetza, forua), Orreaga (edo honen aurreko jaun basojabeak, señores horiek alegia) eta Goizuetarrak, hitzarmen baten bidez aldian aldiko señor (nire ustez basajaun) horien petxero, hiruak beti elkarren espan, eta elkar neurtzen. Hozkia ematen dit niri, urtea joan urtea etorri, Goizuetak zenbateko dirualdiak botatzen zituen ikustean Orreagako eta Iruñeko eskribau, abokatu, prokuradore eta fiskalen poltsera. Auzia piztu aldiro, dobleko gastua izaten baitzuen, aurrena Orreagan eta gero Iruñean auziak konpondu behar izatean.
GOIZUETAKOA, BASAJAUN ZINEZKOA OTE?
Orreagak Goizuetarrekin egindako akordioa 1406koa da, eta hasieran bertan, lehenagoko jaunei (nire ustez basajaunei) buruz honelaxe dio:
“de tanto tiempo en aqua que memoria de hombres no es en contrario pagando a los Seinnores del dicho lugar de Guoizueta que antes del dicho Hospital (Orreagakoa) fueron Seinnores (…) por cada casa dos sueldos usaron et acostumbraron et eran en uso tenencia y posesion del dicho lugar de Guoizueta”.
Eta 1815 urtean oraindik, gai honekin auzitan zebiltzan Goizueta eta Orreagako fraideak, basoen jabetza zela medio:
“que los dicho busto o ganados del termino de Eliverria no pasen al termino de Permizelia ni tampoco los de éste y Ansomozelia a los de Eliverria, y de aquí adelante Goizueta solo tenga facultad para nombrar mayoral para dicho busto de Eliverria”.
Gaur lurrez Goizueta dena, xehetasun batzuk goiti behiti, behialako Eliberria horixe besterik ez duzu, eta bistan da bere jaun da jabeak (basajaunak, alegia) izan zituela Orrega jabetu aurretik. Eta gaur Goizueta deneko lurra, eli berria bazen, beste bi eli horiek, bistan da zaharragoak izanen zirela, eta beren jabe Antsomotz eta Fermiz izeneko jaunak izan zirela noizbait. Baina, zer ziren hiru eli horiek funtsean, baso akotatu jabedun ez baziren? Eta zer izan zitezkeen horien jabeak, basajaun izan ezean? Zer izan litezke bi eli horietan fosildurik ageri diren Antsomotz eta Fermiz horiek, behialako basajaun (gaurko lur jabe) haien izen propio besterik?
Eta Ibintza aldean, hortxe behar zuen hiru eli horien (Amtsomotzelia, Fermizelia, Eliberria) muga hirukoitza, edo hirumugeta, eta hain juxtu inguru horretantxe gorde da Basajaundegi toponimoa ere, gaur oraindik ahoz Basaundi izenez ezaguna dena. Eskuidatzi zaharretan ere, aspaldi haunditik datozen auzi horien erdi erdian, hortxe ageri baita mila bider aipatua Basajaun(d)egi hori, Elamatik bertan.
Eta nola imajina Antsomotz, Fermiz edo zena zelako seinnore haiek, (nire ustez basajaun haiek alegia) mitoak nahi lukeen bezala, zibilizazio klasiko (nolabait esateko, erromatar ondoreko) baten antipodetako euskaldun basajende arkaiko eskolagabe gisan? Nik juxtu alderantziz ikusten baititut, neure jakintza apur honen ondoren: hain zuzen ere, bertako basajendea botere eta teknika berriz harriturik mendean hartua zeukaten jauntxo terrateniente (basajaun, alegia) eskolatuago gisan. Eta ez ote du horixe berbera sinbolizatzen, Basajaun guztiz aldrebes mitifikatu horrek? Izan ere, basajaun izateak orohar, lurreko ondasun guzien jabe izatea esan nahi baitzuen: abeltzantza, lur/ur/zur eta metalgintza guziaren jabe izatea, alegia. Eta ez al dira, hain justu, artzantza (otso/ardiak), laborantza (gari/errotak) eta burnigintza (zerrote/errementari) teknikak leiendako Basajaun horrek dakizkienak eta bere jabego pribatuan dauzkanak? Eta nor izan litezke Basajaun horiek, ez badira goian aipatu “Seinnores (…)que fueron et eran en uso tenencia y posesion del dicho lugar”
Eta ez al dute jabetza horixe berbera gorpuzten ahoz jaso ditugun Basajaun horren istorio mistorioek ere? Baietz uste nik. Honatx zertsu duen ahotan beti gure basajaun ditxosozkoak, deus baino lehen bere ilaje luze apaina boterearen erakusgarri duela:
“Itxuraz handi-handia da, sendoa, indartsua eta ezin trebeagoa. Buruko ilea luzea du, eta aurretik erortzen zaion adats eder baten jabe da. Artaldeak babesten ditu, eta ekaitza dakarrenean oihu itzelak botatzen ditu artzainek artaldeak etxera eraman ditzaten. Otsoak ere uxatu egiten ditu. Ardiek ondotxo dakite lagun dutela Basajauna, eta hurbil dabilela atzematen dutenean zintzarriak astintzen dituzte. Beste leku batzuetan berriz, gaiztoa dela uste dute.
Lehenengo nekazaria dela diote. Gizakiok amarru baten bidez garia egiteko teknika ikasi zioten. Badiote lehenengo errementaria izan zela, eta lehenengo errotaria ere bai. Gizakiok zerra egiteko teknika, errotako ardatza eta metalak lortzeko sekretuen jabe egin ginen, Basajaunari disimuluan ebatsiz”.
Bai, beti kontu beretsuen inguruan, hor dabil gure Basajaun mitikoa, paper zaharretako seinnore zinezko horietan urtu nahi ezik. Ez bageneki bezala, jabetza pribatua sortu zenetik, jaun eta morroi kontuok nolatsu izan diren. Begira gaur bertan ere. Nor dugu Basajaun, inork menpera ezin duen Inperio Globala ez bada? Eta nor inperio horren teknika harrigarriak miraz bereganatu ezinik zergak txintxo demonio pagatzen dituen petxero? Gu geu, betiko san martintxo gixajook ez bagara?
Bai, boterea, eskola, zibilizazioa urrundik eta goitik behera etorri ohi da beti. Goierrien jabe, goi elien jabe ziren gure jaunak (Antsomotz, Fermiz, eta beste) gure leiendako basajaunak alegia. Eta gu, beterriko, villano, eliz baten inguruko herrixka petxero, san martintxo, goitik beherako teknika sofistikatu arrotzen miraz beti, lur eskubide burujabetza eta duintasun apur baten peskizan. Niretzako, horiek dira zinezko basajaunak, ahozko kontu ederren erroan apropos gordeak bezala dauzkagun seinnore basorik hoberenen jabe horiek, beren izen eta data jakinekin paper zaharretan ageri diren jauntxo terrateniente horiek.
Bukatu ziren mitoaren eta pitoaren garaiak, orain berriro oker sortu eta zabaldutako alukeriak eta erdipurkeriak ongi aztertzea eta garbi azaltzea dagokigu. Mende honetan euskaldunok, papera izanen dugu baso, eta berriz ere, berandu izanen da akaso.




