Gustav-eko Koadernoak
RSS sindikazioa
Gustav-eko Koadernoak

Zarauzko Udala
Elkarte Honek Zarauzko Udalaren Laguntza Jasotzen du

Gipuzkoako Foru Aldundia

HITZAURREA

Gustav Gustav | Abuztua, 2010 | Inprimatu Inprimatu

Aurreko zenbakian nafarrak izan ziren protagonista gure Gustav-eko koadernoak aldizkariko artikuluetan eta, azken-aurrekoan, ostera, 1638ko Hondarribiko Setio Handia izan zen gai nagusia. Hondarribiko zenbaki hartako artikuluak, gainera, urte bukaera aldera liburu batean argitaratuko ditugula jakinarazteko moduan gara.

Abuztuko zenbakian, Nafarroa utzi gabe, Gipuzkoatik barrena, Santiagorako erromesaldian kostako bideari segitzea proposatzen dizuegu, gero handik atera eta hainbesteko zer esana, iritzi-sorta eta polemika sortzen ari den Iruña-Veleiako aztarnategian bukatzeko. Lau artikulutan hori dena; horien azalpen labur bat egingo dugu segidan:

Goizuetan bada gizon bat idatzi berri duen Patziku Perurena kolaboratzaile dugu ale honetan ere; bere Leitzako etxetik Gipuzkoako armarriari jarri da begira, eta bertan ikusi dituen basajaun itxurako gizasemeei erreparatuz, zer diren eta nondik ote datozen saiatu da aztarrena ateratzen.

Emilio Xabier Dueñas ikertzaile zorrotza eta ezaguna da bere esparruan, batik bat folklore-lanetan. Guretzat egin duen aurreneko kolaborazioan “Santiago Bidea” izan du aztergai, berak ateratako argazkiekin ederki hornituta egin ere. Lapurdi eta Gipuzkoako kostako herrietatik pasa da Dueñas gezi horiari segika, kostako bideaz idatzi baitu, eta kanpotik datozenei atentzioa emango lieken gauzak nabarmendu ditu herriz herri. Ez hainbeste ikuspegi historikotik, ikuspegi kultural eta turistikotik baizik, batez ere ondare inmaterialaren inportantzia adieraziz. Bi zati ditu artikuluak: zenbaki honetakoa da aurrenekoa eta hurrengoan etorriko da bigarrena.

Beste bi artikuluak  Juan Martin Elexpuruk idatziak dira. Aspaldian, arretaz ari da bera Iruña-Veleiako aztarnategiaren inguruan sortu den zalaparta ulertu nahian, eta komunikabideetan artikulu batzuk ere idatzi ditu horren inguruan. Hitzaldiak ematen ere aritu da. Gurean idatzi dituen artikuluetan, gertakizunen kontaketa kronologikoa egin digu; eta gertakizun horien inguruko hausnarketa ere bai.

Gora