IRUÑA-VELEIARI BURUZKO GOGOETA BATZUK
Iruña-Veleiako euskarazko grafitoak (Arabera edit.) liburua argitaratu nuen 2009ko abenduan. Liburuan azken aldera ondorengo gogoetak agertzen dira. Norbaiti interesatuko zaizkiolakoan.
5.12 Lakarraren azken kodaz eta ustezko faltsutzaileez
Lakarrak oso ekarpen interesgarria egiten du errudunak bilatzeko ahaleginean. Asko zehazten du faltsifikazioaren data (2004 hasiera) zein faltsutzailearen soslaia. Nahiz eta ergatiboaz (ergatiborik ezaz) jarduterakoan iruzkin ironiko hau egin, “Resultaría más verosímil que esas frases fueran debidas no a vascos inergativos del III sino a pseudo-euskaldunberris o aspirantes a euskaldunberri de fines del XX o comienzos del XXI que no estuvieran muy atentos al tratar el tema en clase” (18. o.), bere azken kodan abisatzen du faltsutzaileek derrigor ezagutu behar zutela Luis Nuñez Astrainen El euskera arcaico liburua, 2003aren bukaeran agertu zena, non argitaratu ziren lehen aldiz protoeuskararen berreraikuntzan egindako azken aurrerapenak. (29. o.)
Nik ere neuretxoa ekarri nahi nioke iruzurgilearen bilaketari, eta Batzordekideen txostenetan oinarrituta, honako erretratu-robota proposatzen dut, ikertzaileei baliagarri izango zaielakoan.
Indibiduo honek (edo hauek) ez daki euskaraz ergatiboa dagoenik, baina badu -n-z amaitzen ez den genitibo arkaikoaren berri, eta atare idazten du. Ez daki angelu altuko M-ak geroagokoak direla, baina badaki hainbat eskuren kaligrafia dotore imitatzen. Kola arrunta erabiltzen du pusketak itsasteko, baina perfekziora hurbiltzen da piezak artifizialki zahartzeko orduan. Santujale hutsa da eta ez da aspertzen gurutzeak zirriborratzen, baina haragiaren tentaldiari amore eman eta marrazki pornografikoak egiten ditu. Jainko Ata gurtzen du, baina haren seme Jesukristo Madalenaren eskutxotik helduta marrazten du Azken Afarian. Ez daki Descartes XVII. mendean bizi izan zela, baina zehatz-mehatz ezagutzen du Eneasen genealogia.
Bistan da, latina zekien aingerutxoak, nahiz eta ez jakin Vergilius dela nominatiboa eta ez Virgilio. Enfin. Pentsa daiteke aztarren hauekin eta gure aurrekoak emandakoekin ez dela gaitza izango gaizkilea topatzea.
5.13 Gibel-solasa
Berriro ere serio berba eginez, atentzioa ematen du filologoen txostenetan, batez ere Lakarrarenean, erreferentzia arkeologikorik ezak: ostraka aurkitutako sektorea, leku edo barruti zehatza, proposatzen den datazioa, testuinguruaren tematika, etab. Bi pieza konparatzen direnean, adibidez, ez da kontuan hartzen elkarren ondoan agertu diren ala 500 metroko eta bi mendeko distantziara. Igartzen da dena faltsua izatearen ziurtasunetik abiatzen direla eta ez dutela huskeriekin denborarik galdu nahi. Era berean, antz ematen da aditu bakoitzak bere espezialitateko piezak aztertu dituela soilik, eta “susmagarrienetan” zentratu direla, besteak alde batera utzita.
Ez du harridura txikiago sortzen jakiteak batzordeak iraun zuen ia urtebetean batzordekideak ez zirela behin ere hurbildu aztarnategira arkeologoekin, langile boluntarioekin, garbiketa-arduradunekin eta abar hitz egitera, edo eta ez zietela informaziorik eskatu piezak azken unean tratatu zituzten museoko errestaurazio-zerbitzuko kideei.
Harridura handituz doa ondorioetan irakurtzen denean aski litzatekeela pieza bakar baten faltsutasuna frogatzea (ez da gure kasua, euren ustez denak direlako) denak faltsutzat jo behar izateko (Gorrochategui 30. o.). Aspaldi erantzun zion norbaitek galdetuz ea 50 euroko 100 diru-paperekin bankura bazoaz eta makinak bat apartatzen badizu faltsua delako, ea denak paperontzian bukatzen duten. Eta harridura goien gradura heltzen da Lakarrari irakurtzen diogunean (7. o.) aski dela diziplina bakar bateko adituek pieza baten faltsutasuna “frogatzea” beste diziplina batzuen benetakotasun abalak deuseztatuta gera daitezen. Beste berba batzuekin esanda, euskal filologoek, esate baterako, inskripzio baten faltsutasuna frogatuko balute, bost axola beste diziplinek esaten dutena. Ia batek ez daki zer pentsatu halako baieztapenen aurrean, batez ere dakigunean artikuluaren presentzia, hatxearen ustezko falta eta antzeko argudioak erabili direla faltsutasuna aldarrikatzeko. Batek baino gehiagok erantzun du hurrengoa gaiak eragin dituen eztabaidetan: “orduan zer gertatzen da Beba CocaCola ipintzen duen pieza bat agertuko balitz?” Ba gertatzen da pieza hori faltsua dela, baina horretarako ez dela behar txosten filologikorik eta arkeologikorik. Baina kontua da Iruña-Veleian ez dela ez inskripzio hori, ez eta erromatarren garaian ezinezkoa zatekeen besterik agertu.
Nire ustez, historia, filologia edo epigrafía bezalako humanitate-zientziek laguntza handia eskain diezaiokete arkeologiari gai askotan, baina ezin dira erabakigarriak izan, gauza oso nabarmenekin izan ezean. Ordenagailu edo lehendakari bezalako neologismoak agertu izan balira ez legoke zalantzarik, baina ez gaude kasu horretan, esan dugun bezala. Azken hitza arkeologiak du bere metodoekin, eta horien artean estratigrafia da nagusi, eta praxi arkeologiko egokia. Datazio-metodo fisiko-kimikoekin lagunduta nahi bada, karbono 14a, termoluminizentzia, patinen analisiak, eta abar. Eta zentzu honetan, Batzordeak kontsultatu duen nazioarteko aditu famatuenak, Perring doktoreak, esan du aztarnategian gauzatu den praktika arkeologikoa Europako estandarren oso gainetik egon dela.
Jo dezagun norbaitek irakurri duela liburu hau eta guztiz konbentzituta geratu dela piezen benetakotasunaz. Baina bihar poliziak faltsutzailearen lantegia aurkitzen badu eta honek pieza guztien egilea dela deklaratzen, liburu hau eta hari beretik idatzitako milaka orrialdeak hutsaren hurrengo lirateke. Beste hainbeste gertatuko litzateke beste aldeko txosten “demoledore” guztiekin etzidamu aztarnategian induskatuko balitz “argia eta takigrafoekin” (sinestezina da nola ez duten dagoeneko egin) eta susmopean dauden piezen antzekoak agertuko balira ukitu gabeko geruzetan. Hasieran genion bezala, “Contra facta non valent argumenta”.
Testuinguru honetan, eta hanka sartzeko arriskua onartuta, nahaste-borraste honen jatorriari zein bilakaerari buruzko iritzia ematen ausartuko naiz. Baina aurrez garbi utzi nahi dut ez dudala zalantzan jartzen Gorrochategui eta Lakarra irakasleek gai filologikoez duten ezagutza sakona. Gainera pentsatzen dut konbentzimenduak eraginda jokatu dutela, pentsatzen zutelako testu horiek ezinezkoak zirela eurek antzinako euskarari buruz duten jakintzaren argira.
Hau esanda, euskarazko testuen aurkezpen egunaren inguruan kokatuko nuke korapiloaren jatorria, 2006ko ekainaren 15aren inguruan. Lakarrak bere txostenean dio urte horretako ekainaren 21ean aztarnategia bisitatu zuela talde baten barruan. Zera irakurtzen dugu: “Al llegar al final, y ante la cara de estupefacción de cierto colega, rogué a don Eliseo que volviera un momento a la pieza (a lo que accedió generosamente), y me confirmara la lectura[1] anteriormente citada, lo cual hizo también amablemente. Dadas las gracias, nos alejamos del lugar.” (4. o.). Horrela amaitzen du aurrerago: “Creo no exagerar diciendo que, al menos para mí, como filólogo vasco, Veleia -por lo que a la filología vasca se refiere- ya antes de finalizar junio de 2006 había dejado de ser un problema científico para convertirse en otro de muy diferente índole: policial y judicial, por un lado, historiográfico (…) por otro”. (4. o.).
Historia apur bat egin dezagun: ekainaren 15ean Gorochateguik, Knörr eta Gilekin batera, euskarazko ostrakak aurkeztu zituen prentsa aurrean. Hona hemen haren hitzak orduko audio[2] batetik jasota: “Geure ata zutan, Geure ata zutan. Bien, me parece que recoge, a mí me parece, es una interpretación personal que habrá que ver, que recoge el saludo entre los cristianos, ‘Nuestro Padre -es decir Dios- en vosotros’, ‘esté en vosotros’, ‘sea con vosotros’. (…). Y nuestro objetivo principal era hoy precisamente asegurar a esa comunidad científica que es verdad, que no es un fraude, que han aparecido unas leyendas escritas en alfabeto latino sobre material cerámico básicamente, aunque también hay vidrio y hay huesos, con leyendas en vasco antiguo. A falta de una precisión en la cronología, esto siempre hay que tenerlo aquí en la cabeza, podemos fechar el material como en la antigüedad tardía. Es decir, vale decir en principio desde el tercero hasta el sexto.”
Baina hurrengo egunetan iritziz aldatu zuen, hil horren 19an gutuna entregatu baitzion Amelia Baldeon Arkeologia Museoko Zuzendariari bere zalantza sakonak jakinaraziz. Beraz, nahiz eta Lakarrak esan 21eko bisitan jabetu zela faltsutasunaz, pentsatzekoa da aurretik ezagutzen zituela testuak Gorrochategi lankideak erakutsita, eta honen iritzi-aldaketan zerikusi handia izan zutela Lakarraren usteek, bera baita euskara zaharrean aditua.
Gogoratu behar da aurkezpen eguna igaro arte Lurmenekoek laguntza eskaturiko adituetatik inork (Gorrochategui, Knörr, Santos Yanguas, etab.) ez zuela auzitan jarri piezen benetakotasuna, eta Gorrochateguik berak ere, nahiz eta handik lau egunera gutun hori entregatu, beranduago ere ez zituela gauzak guztiz argi. Horrela bukatzen baitu Correori 2006ko azaroaren 19an eskainitako elkarrizketa: “Yo aún no estoy seguro de que eso sea auténtico. Pero, ojo, de la misma manera que reclamo que no se puede decir ahora que todo va a misa, por la recíproca no podemos decir que esto es falso. No creo que esto se vaya a dilatar, parece que de aquí al verano ya estará el informe definitivo.”
Beraz, irudipena dut aurkezpenaren hurrengo egunetan EHUn lankide diren Gorrochateguik eta Lakarrak sakon aztertu zutela gaia eta Lakarraren konbentzimendu goiztiarra gailendu zitzaiela Gorrochateguiren zalantzei.
2008ko urtarrilean Lorena Lopez de Lacalle Kultura Diputatu berriak 13 kidez osatutako Batzorde Zientifiko Laguntzaile bat osatzen du. Lakarra ere tartean da, lehenagotik arkeologoen aholkulari papera jokatzen zuten Gorrochategui eta Knörrekin batera. Batzordearen partaideen artean bederatzi EHUko irakasleak dira, hiru AFAko funtzionarioak, eta Eliseo Gil.
Biziki interesgarria da batzordearen azkenaurreko bilerako akta (2008-VI-26). Bertan irakur dezakegunez, Gorrochateguik eta Lakarrak inskripzioak faltsuak direla esaten dute inolako zalantzarik gabe. Aktaren arabera, zera esan zuen Gorrochateguik: “no existe ningún atisbo de duda en considerar que los grafitos de carácter excepcional del Equipo de Iruña-Veleia (para los que el calificativo técnico de “ostraca” iría mejor) escritos en cualquiera de las lenguas (es decir, tanto en euskera como en latín) son falsos”. Lakarrak gauza bera dio beste hitz batzuekin. Nolanahi ere, harrigarria da ikustea bilerako beste batzordekideetarik inork (Gil-ez gain, Nuñez eta Quiros arkeologoak, Madariaga kimikoa, Cipres epigrafista eta Legarda teknika nuklearretan aditua zeuden) ez zuela berba erdi esan ostraken benetakotasunaz edo faltsutasunaz.
Hala ere pentsatzekoa da garai horretarako balantza oso makurtuta egongo zela alde batera, eta arkeologoak, latinistak eta epigrafistak konbentzitu egin zirela Gorrochateguik eta Lakarrak erakusten zizkieten faltsutasun-froga “eztabaidaezinekin”.
Santos Yanguas epigrafista eta 2008ko maiatzean zendutako Henrike Knörr gogoratua izan ziren domino-efektu horren eraginez eroritako azken fitxak, nahiz eta azkena neurri batean bakarrik. Ez da zaila imajinatzea nolako presioak izango zituen (akademikoak, noski) euskaltzain gasteiztarrak bere azken orduetan. 2008-VI-26ko bileraren aktan irakur daitekeenez, batzordekide batek esan zuen Knörr-ek igorritako mezu elektroniko[3] bat zuela, non garbi adierazten zuen testuak ezin zitezkeela Antzinatekoak izan. 2009ko martxoaren 6an Berria egunkariak mezu osoa argitaratu arte ez genuen jakin ahal izan Henrikek materialen data atzeratzea proposatu zuela, bere egunean mundu guztiak ulertu zuenean Knörrek modernoak zirela esan zuela, faltsuak, azken batean.
2008ko azaroaren 19a helduko zen, eta harekin batera batzordekide inportanteenen txosten “birrintzaileak”. Eta ondoren Arabako Foru Aldundiak Lurmen SL enpresari indusketa-baimena kentzea, eta berehalako kereila zaparrada, gaurko egoerara ekarri gaituena.
Eta bukatzen joateko, esango nuke inskripzioetan agertzen den zenbait hizkuntza-elementu euskal filologoen[4] berreraikitze hipotesiekin bat ez etortzea izan zela gatazkaren metxa piztu zuena. Artikuluaren presentzia, adibidez, teoria oso errotua zapuztera zetorren eta hobe epigrafeak faltsuak izatea.
Eta honi zenbaiten apaltasun falta (berba leunenak erabilita) batuko zitzaion, aitortu nahi ez izana gaiaz jakin daitekeen guztia jakin arren, gauza gutxi dakigula hain garai urrunean Iruña-Veleia tankerako hiri batean egiten zen hizketaz edo idazketa informalaz.
”Filologiaren armak”[5] oso lagungarriak izan daitezke honelako kasu batean, baina min handia egin dezakete behar bezala erabiltzen ez badira.
Eta behin honaino helduta, ezin diot lan hau Koldo Mitxelenaren zita profetiko batez bukatzeko tentaldiari eutsi, non dirudien arriskua jakinarazten ari zaiela bere dizipulu kutunenei.
“Además del valor mayor que hay que atribuir a los hechos probados contrapuestos a las hipótesis reconstructivas, hay que tener presente la riqueza inagotable de lo histórico, reflejo de la multiforme realidad, que no tiene comparación con los esquemas brutalmente simplificados de la reconstrucción.
Toda reconstrucción, aunque trata de recobrar, -y lo consigue al menos en los casos más favorables- aspectos de una realidad desaparecida, posee siempre características que nacen y se deducen del método del que nos hemos valido para llegar a ella. Y, como éste contiene -implícito o explícito- un postulado de simplicidad, los resultados saldrán deformados a consecuencia de la torsión esquematizadora a la que se han visto sometidos los datos: entre dos estados de lengua, más antiguo y más reciente, la reconstrucción busca siempre, por definición, el camino más corto posible, sin tener en cuenta las vueltas y revueltas del camino real que no está en su mano restaurar. Sería pues insensato que, si nos es dado seguir ese camino en todo o en parte de su vacilante recorrido, gracias a los datos históricos, nos empeñáramos en marchar a lo largo de la línea trazada con regla y tiralíneas en los mapas de la reconstrucción.”[6]
[1] IAN/ TA EDAN/ DENOC, Lakarraren irakurketaren arabera, IAN/ TA/ EDAN/ DENOS, gure ustez (13367).
[2] Radio Euskadiren 2008-XI-20ko audioa, 2006ko ekainaren 15eko prentsaurrekoan esandakoak jasotzen dituena.
[3] Knörren mezutik pasarte hauek atera ditugu: “Para decirlo claramente, desde el punto de vista de la historia de la lengua vasca, es totalmente imposible pensar que son del siglo III dC”. (…) A la espera siempre de lo que dirán los científicos y los estratigrafistas, es preciso acudir a la historia. Y la historia nos dice que hubo un obispado en Alava, al menos desde mediados del siglo IX.” Honetatik ondorioztatu izan da Knörrek adierazi zuela VIII-IX mendekoak izango zirela, baina hori ere zalantzan jar daiteke bere mezuaren beste pasarte hau irakurrita: “Cabe suponer cierta continuidad de Iruña-Veleia hasta esa época ‘armentiense’, con cierta comunidad de clérigos, quizá acompañados de milites, lo que explicaría que Iruña no aparezca citado en el cartulario de San Millán. Ciertamente el establecimiento de la Orden militar de San Juan es posterior. Y esa continuidad explicaría asimismo las palabras vascas con su aspecto “moderno”, tales como las que hemos citado y çorduniai, que sin duda alguna es ‘debitoribus’, tal como propuse en nuestra reunión de trabajo.” Beraz, III. mendea baino berandukoagoak bai, baina ematen du irekita uzten duela kronologia.
[4] Joseba Lakarrak lan asko egin du azken urteetan protoeuskara berreraikitzen.
[5] “Las Armas de la Filosofia”, Joaquín Gorrochateguik EHUko Gasteizko Fakultatean 2007ko urriaren 12an eman zuen hitzaldiaren titulua. Txosten definitiboari erantsi zion testu honek Filologiaren eginkizunaz hausnartzen du eta garbi ematen dira aditzera geroago ezagutuko ziren ondorioak.
[6] Luis Michelena, 1964, Sobre el pasado de la lengua vasca, Edit. Auñamendi. [Birarg., 1988, SHLV, 24. o., Joseba Lakarraren edizioa]




