Gustav-eko Koadernoak
RSS sindikazioa
Gustav-eko Koadernoak

Zarauzko Udala
Elkarte Honek Zarauzko Udalaren Laguntza Jasotzen du

Gipuzkoako Foru Aldundia

ARANTZAZUKO AMAREN JAIA ZARAUTZEN: EDO FESTA-EREDU ERLIJIOSO BATEN ETENGABEKO ADAPTAZIO-EREDUA

Xabier Etxabe Zulaika | Abendua, 2011 | Inprimatu Inprimatu

1. Zarauzko Euskal Festaren sorrera

Artikulu honetan, antropologia ikuspegitik hainbat interes gune dituen festa-eredu bat aztertzea da nire asmoa. Aztertu nahi dudan festaren azaleko deskribapena egingo dut lehendabizi eta, ondoren, festa-egun horren hainbat alderdi hartuko ditut aintzat. Etengabe aldatzen eta moldatzen jakin izan duen festa-eredu erlijioso baten adibidea ekarri nahi izan dut “Gustav-eko koadernoak” deitzen diogun foro honetara, gertuko eredu batetik, irakurleak urrunagoko ereduekin eta bukaeran aterako ditudan ondorioekin konpara ditzan.

Arantzazuko Amak tradizio handia du Euskal Herrian; bostehun urte pasa dira frantziskotarrak elkartean bizitzen jarri zirela Arantzazun, Oñatiko erdigunetik gora dagoen leku menditsu eta aparte hartan, eta oraindik ere han diraute. Arantzazuko Ama Birjinaren inguruko festa-ekitaldi, erromesaldi nahiz otoitzaldiek ere segida handia izan dute Gipuzkoa osoan. Gogoratu behar da, gainera, Arantzazuko Ama Gipuzkoako zaindari dela (Loiolako San Iñaziorekin batera) eta, hori dela eta, irailaren 9a jai-eguna dela Gipuzkoa osoan.

Zarautzen urtero ospatzen den “Euskal Festa Eguna”k ere, jatorrian, Arantzazuko Amari zor dio egun hori; 1924. urtean sortu zuten festa hori Zarauzko hainbat lagunek, nagusiki bi helburu zituela: bata, Zarauzko “beraneoa” egun batzuk luzatzea (gogora dezagun, bide batez, urte haietan Espainiako aristokraziaren elitea etortzen zela Zarautza); eta bestea, festaren izenak berak aditzera ematen duen moduan, kanpotarrei euskal kultura erakustea. Hori dela eta, egun horretan kalera antigoaleko jantziekin ateratzea proposatu zuten  antolatzaileek (herri-hizkeran, “baserritar jantzia” esaten zaionarekin); ohitura horri eusten zaio oraindik, urteen joanak ekarri dituen aldaketa guztiekin bada ere. Egunaren beraren aukeraketa ere ez zen kasualidadea izan: jai-egunak erlijio-kutsua izatea ezinbesteko baldintza zen festak ofizialtasuna eta iraupena izango bazuen, “euskal erromeria” estilora sortutako festa izan arren.

Zarautz, 25.000 biztanlera hurreratzen ari den herria da. Uda garaian, gainera, beste horrenbeste hazten da populazioa. Nahiz eta Zarauzko uda garaiko tradizio turistikoak XIX. mendean duen sorrera, XXI. mendeko herri honek ez du antza askorik XX. mende hasieran 3.000 biztanle pasatxo izango zituen Zarautz harekin. “Euskal erromeria” hark, 1924. urtean sortutakoak, baserri giroa goratzen zuen (beti euskal izaerarekin lotua zegoena), eta imajinario hartatik hartu zituen festaren hainbat osagai: besteak beste, jantziaren estetika, Zarauzko kaleetan barrena erakusten ziren nekazari giroko karroza haiek, eta Zarauzko alde zaharretik San Pelaio auzoraino egiten zen festa-giroko prozesioa -alegia, baserri giroko auzoetara egiten ziren erromeriak imitatuz-. Eta, hala eta guztiz ere, hasiera-hasieratik, festa berri hura kaletarra izan zen. Inolako dudarik gabe, XXI. mendean egiten segitzen den festa hau aztertzeko, “antropologia urbanoa”ren irizpideak erabil genitzake.

Karrozak. Argazkia: Ramón Serras

Artikulu honen mugak medio, ezin izango dut sakondu festa honen inguruko hainbat kontu historikotan[1]; beste batean beharko du izan. Behin sarrera historikoa eginda, XXI. mendera salto egingo dut, eta festa honen une jakin bat aztertuko dut: irailaren 9an, Zarautzen, goizeko 11′30etan hasita, frantziskotarren elizan ospatzen den Meza Nagusia.

2. Meza Nagusia

Euskal Festa Egunean frantziskotarren elizan izaten den Meza Nagusian, atentzioa ematen du leku bakarrean gertatzen den sinbolo pilaketak: badira zaindari-jaiei lotutako sinboloak, haiei dagozkien estetika eta liturgiarekin, zaindari-jai erlijioso guztietan gertatzen den moduan; horrekin batera, Euskal Festa Egunari dagokion estetika daukagu. Harrigarria da sinbolo horiek guztiek nola egiten duten bat, batere behartu gabe. Esandakoaren seinale da, egun horretan, eliztar guztiak Euskal Festa Egunak eskatzen duen moduan jantzita doazela mezetara, “baserritar” jantziarekin; hori ez da, inondik inora, zaindarien edo patroien jai erlijiosoetan eraman ohi den jantzia, baina lehen esan dugun moduan, bai eliztarrek eta bai meza ematen duten apaizek naturaltasun osoz onartzen duten kontua da hori.

 

Meza Nagusia. Argazkia: Ramón Serras

Ohiturazko arauen interpretazio malgu hori ospakizun osoan ematen da; izan ere, meza horretan egiten diren hainbat ekintza nekez ikusten dira beste elizkizun batzuetan, edo ez dira oso ondo ikusiak, edo propio Donostiako Gotzaitegiak galarazitakoak ere badira; esaterako: hiru gizonek, Kontsagrazioa eta gero, ezpata-dantza egitea txistu eta danbolinak lagunduta; Juanita Etxabe bertsolariak hiru bertso kantatzea ofertorio garaian eta frantziskotarren Hirugarren Ordenaren izenean -ohar bedi irakurlea bai bertsolariek eta bai dantzari nahiz txistulariek nekez egiten dituztela saioak eliza barruan eta meza garaian, oso errotutako tradizioetan salbu-; eta bi ekitaldi horien bukaeretan, jendeak txalo jotzea. Esandako guztiak Xabier Itçaina historialariaren konklusioak gogoraraztera narama, A. Molinié aintzat hartuz, Corpus Christi egunez Baxenaparroan ospatzen diren Besta Berri jaiak aztertzean, zera esaten baitu: festa haietan, desfile militarrak ospakizun erlijioso eta kulturalekin nahasten direla eta, hori dena, jendearen parte hartze handiarekin: ikerlariaren ustez, nabarmena da festa horietan ematen den “heterodoxia”, eta horrek festari ematen dion kreatibitatea; horren motibo nagusia, Elizak festa horien sortze- nahiz moldatze-prozesuan erakutsi duen malgutasuna da, hain justu, bete beharreko derrigorrezko baldintzarik apenas baitago Corpus egunean.

Giltzarri den beste elementua, Ama Birjina bera da; Francisco Cruces antropologoak, Madrilgo San Antón erromeriaren azterketa egitean, Ama Birjinaren testuinguru erlijioso eta jai-girokoa interpretatzen lagunduko diguten elementuak aipatzen ditu. Madrilgo San Antón erromerian txerria izanik festa batzen duen elementua, Euskal Festa Eguneko Meza Nagusian (ez, ordea, egun horretan ospatzen diren gainerako ekitaldietan) Ama Birjina da funtzio hori betetzen duena.

Deskriba ditzagun Meza Nagusi horretan parte hartzen duten taldeak, horietako bakoitzaren zeregina nolakoa den kontatuz:

  • Parrokiako apaizak eta frantziskotar ordenako erlijiosoak: liturgiaren prestaketaren ardura nagusia duen taldea da. Hainbat laguntzaile laiko ondoan dituztela (meza-laguntzaile, irakurle, organista…), ospakizuna antolatu eta koordinatzeko lanak egiten dituzte. Nabarmendu beharra dago, frantziskotar elkartearentzat, egun horrek esanahi sakona duela; ez da alferrik Meza Nagusia frantziskotarren elizan ospatzen eta ez, ostera, (Santa Maria la Real) Parrokian, zelebrazio hauetarako leku aproposenean. Meza ematen elkarrekin aritzen dira aita frantziskotarrak eta Parrokiako apaizak, eliza jendez gainezka dela.
  •  “Goiztarrak” konpartsa: antigoaleko jantziekin desfilatuz festara ateratzen den taldea da; “antigoaleko”, eta ez “baserritar” erara, gainerako herritar gehienak ateratzen diren moduan. Alegia: talde honetako protagonista bakoitzak, ofizio edo lanbide jakin bat antzezten du: apaiza, medikua, alkatea eta haren emaztea, aguazila, musikariak, argazkilaria… Modu horretan jantzita, garai bateko estanpak antzezten dituzte -XX. mendearen hasierakoak edo XIX.eko bukaerakoak izan daitezkeenak-: pelota-partidu bat antolatzen dute eta hura ikustera doa konpartsa, eta trikitilarien airean ere desfilatzen dute festa-giroa antzeztuz. Meza Nagusira joatea, estanpa horien parte da.

Goiztarrak konpartsa. Argazkia: Ramón Serras

  • “Schola Cantorum” edo Koro Parrokiala: nahiz eta Koroa, izatez, (Santa Maria la Real) Parrokiakoa izan, festa-egun honetan Frantziskotarren Elizara joaten da koro osoa, Arantzazuko Amaren festa-egunaren inportantzia nabarmenduz. Organoaren laguntzaz, kantu-errepertorio zabala kantatzen dute liturgiaren barne. Elizkizunaren bukaeran dator unerik hunkigarriena, eliztarrekin batean, koroak Arantzazuko Ama Birjina abesti ezaguna kantatzen duenean.
  •  Dantzari eta txistularien taldea: txistularien konpartsak ematen dio hasiera Euskal Festa Egunari, goizeko zazpietan hasita, kalez kale “Segurako Alborada” pieza ezaguna joz esnatzen dituztelako zarauztarrak (”plegaria” edo otoitza geldi-egonean, eta “biribilketa” ibilian), festa-egun handia ailegatu dela iragarriz. Talde hori urtean behin baino ez da elkartzen, Euskal Festa Egunez; talde horren jatorria 1970. hamarkadaren bukaeran dago, Batzokiaren anparoan sortu eta, gero, txistu-talde nahiz dantza-talde moduan antolatu ziren elkarteetan aritutako jendeak osatua, batik bat. Kale-buelta eta hamaiketakoa egin ostean, Meza Nagusira joaten da taldea eta, bertan, Konsagrazio garaian, (Gipuzkoako) ezpata-dantza egiten dute aldare aurrean, txistularien doinuan. Une hau, ospakizunaren une hunkigarrienetakoa da[1].

 

Ezpata-dantza. Argazkia: Ramón Serras

  •  Bertsolaria: Juanita Etxabe zarauztar bertsolari ezagunak, urtero-urtero, frantziskotarren Hirugarren Ordenaren izenean, hiru bertso kantatzen ditu aldaretik (gogora dezagun, garai batean hainbeste segitzaile izan zituen Ordena hau, Asisko Frantziskoren jarraitzaile ziren laikoek osatzen zutela). Bertsolariak lantzen dituen gai nagusiak Hirugarren Ordena bera, Euskal Festa, eta Arantzazuko Ama Birjina dira.
  • Eliztarrak: Meza Nagusi honen ezaugarri nagusiena, orain arte esandako guztiaz aparte, herriaren parte hartzea da. Partizipazio handia ez da, soil-soilik, eliza betetzea eta jendea zutik egotea esertzeko lekurik geratzen ez delako (gogora dezagun, festaren sorreran gertatzen zen kontrara, Meza garaian festa gune asko daudela herrian); batez ere, jendearen gogoa da: kantatzeko garaian antzematen dena, une solemneetan isiltasunean egoteko garaian, liturgia arretaz segitzeko garaian eta, azken batean, ospakizun osoan.

3. Konklusioak

Orain arte esandakoa aintzakotzat hartuz, konklusio batzuk ateratzeko moduan gara. Víctor Turner antropologoaren eskemari segituz, nabarmena da sinbolo erritual nagusien hiru ezaugarriak hemen ere aurkitzen ditugula, sinbolo nagusia Arantzazuko Ama izanik:

  • 1. Kondentsazioa. Arantzazuko Amaren sinboloak ospakizunean daukan karga kontuan hartuta: historikoki, emozionalki, festa ikuspegitik…
  • 2. Klase askotako sinboloen bateratzea. Liturgia, dantza, musika, kantuak, bertsoak, otoitzak… Lehen esan dugun moduan, bereziki, Euskal Festen estetika eta Arantzazuko Amaren zaindari-jaiari dagokion estetikaren bateratzea.
  • 3. Esanahiaren polarizazioa. Alde batetik, “polo ideologikoa”: izan ere, oinarrizko eskemaren barne, jai giroko ospakizun erlijiosoa hain justu, parte hartzen duen talde bakoitzak ospakizunean betetzen duen funtzio bereziaren eta bereiztuaren jakitun da; bestalde, “polo sensoriala”: prozesu naturalei nahiz fisiologikoei estuki lotua agertzen dena eta elizkizuneko hainbat erritutan antzematen dena[1].

Bukatzeko, beste pare bat kontu esan nahi nituzke. Aurrenekoa: parte hartzen duten taldeak deskribatzean esan dudana gogoratuz, kontuan hartzekoa iruditzen zait talde horien guztien interesak nahiz norbanakoenak ekitaldi bakarrean leku hartzea. Izan ere, ekitaldia bukatu orduko communitas bakoitzak bere bideari segitzen dio, festari bakoitzak bere modura segida emanaz. Bigarrena: aurrenekoarekin lotuta, parte hartzaile guztien lotura egiten duen sinboloa dago, Ama Birjinarena, gezurra badirudi ere, jendearen bistara desagertu den sinboloa izan arren. Festaren jatorrian prozesioan eramaten zuten haren irudia, baina noiz ez dakigula, ohitura hori galdu zen, baina Ama Birjinaren irudia jendearen imajinario kolektibo eta sensorialean gelditu zen (alegia, kantuetan, liturgian…). Ez zait iruditzen kontu hau huskeria denik; esango nuke, Elizak garai berrietara moldatzeko egindako ahaleginen beste adibide bat dela, lehen aipatzen genuen festaren “heterodoxia”rena, alegia.

Azken konklusioa ospakizunaren beraren ingurukoa da, baita festa osotasunean hartzen duena ere: Zarauzko Euskal Festa da, XXI. mende hasierako zarauztar gehienentzat, egutegiko festarik inportanteena. Festa honek apenas du antzik orain ia ehun urteko “euskal erromeria” harekin: egia da sorreratik bertatik izan zuela festak izaera berria, herriaren iniziatibak sortua eta gutxi instituzionalizatua, eta moldagarria bateko nahiz besteko adin eta festa-ereduetara. Izaera moldagarri hori izan da, izaera zurrunagoko eta erritu gehiagoko beste festa batzuekin alderatuta, festa hau Inauteri moduan biziberritu duena. “Iñauteri” hitzari ez diot ironiarik erantsi nahi, justu kontrakoa baizik: “Iñauteri” deitzen diot, Julio Caro Barojaren hitzak gogoratuz, festa anti-instituzionalari, arautu gabeari eta ohiko ordenaren kontrakoari, bertan parte hartzen dutelarik klase guztietako jai giroko konpartsak. Etengabe moldatuz, behin eta berriro bere burua interpretatuz, “esanahi” asko eta diferenteak dituen festa da Iñauteria, dibertitzeko modu asko dituena, eta baita mozorrotzeko ere. Meza Nagusiko erritualaz ere beste horrenbeste esan genezake, are gehiago, azken urteetan gure gizartea bizitzen ari den laizismo fenomenoa aintzat hartzen badugu; ospakizunaren arrakasta, hain justu, errituala ulertzeko moduan dago, alegia: oso diferenteak izan daitezkeen sentimendu eta espresio bideak elkartzeko ahalegina, elementu sinboliko baten edo batzuen inguruan.

 

BIBLIOGRAFIA

  • - ARANZABAL, M. - AZPEITIA, A.: “Zarauzko Euskal Jaiak” (Zarautzi buruzko ikerketak, IV), Zarautz: Zarauzko Udala, 1999.
  • - ALBERDI LONBIDE, X. - ETXABE ZULAIKA, X.: “Zarauzko Folklorea” (Zarautzi buruzko ikerketak, V), Zarautz: Zarauzko Udala, 2009.
  • - CARO BAROJA, J.: El Carnaval (Análisis histórico-cultural). Madrid: Alianza Editorial, 2006.
  • - CRUCES VILLALOBOS, FRANCISCO: Símbolos en la ciudad. Lecturas de antropología urbana. Universidad Nacional de Educación a Distancia (UNED), Madrid, 2007.
  • - ITÇAINA, X.: “Interpretazioen harat-hunatak: Pesta Berri Ipar Euskal Herrian. La Fête-Dieu face à interprétations en Pays Basque nord”, Euskonews&Media, Donostia: Eusko-Ikaskuntza, 102 (2000).
  • - TURNER, V.: “Símbolos en el ritual Ndembu”, Lecturas de antropología social y cultural. Madrid: Universidad Nacional de Educación a Distancia (UNED), 1995. (Original: The forest of symbols. Ithaca, Cornell University Press., 1967).

 


[1] Eukaristia da esandakoaren adibide nabarmena: erritu horretan, Kristoren gorputza jatea eta haren odola edatea sinbolizatzen baita.


[1] Bada jendea, dantzariak gertutik ikustearren, meza hasi baino ordu erdi lehenago aurreneko lerroan lekua hartzera joaten dena.


[1] Ikus, bibliografian, “ZARAUTZ IKERKETAK” bildumako IV. eta V. zenbakiak.

Gora