HITZAURREA: ARANTZAZUTIK COMPOSTELARA
Urte bukaera heltzear dela eman du uzta berria Gustav-eko Koadernoak aldizkari digitalak; orain arteko bideari segituz, gai edo lotura egingo duen motibo berezirik gabe, egile bakoitzak beretik eman du pentsamenduaren inguruko aldizkari hau hornitzeko adina.
Bidaia moduan irudikatuko bagenu, Arantzazun hasi beharko genuke erromesaldia; izan ere, Oliteko monastegitik Arantzazura eraman dute, maiatzeko egun batez, Javier Álvarez de Eulate frantziskotarra. Laurogeita hamar urtetik gora dituen artista eta lagun handia duen horri, “A un ya, viejo amigo…“, eskaini dio Xabier Egañak artikulua, bide batez artista horrek Arantzazun egin dituen lanak gogora ekarriz.
Xabier Egañak beste artikulu bat ere idatzi du: “Manu, al final de una búsqueda“. Artearen funtzioaz dihardu bertan, eta ohartarazten diguna da, obrak berak bezainbeste, artista bilatzen ari den hori dela inportantea. Eta, hori dena, berak ondo ezagutzen duen Manu Urbieta artista zarauztarraren erakusketa baten komentario bidez.
Xabier Etxabe Zulaikak ere Arantzazu aipatu du artikuluaren izenburuan, “Arantzazuren Jaia Zarautzen…“, eta irailaren 9an Zarautzen ospatzen den Euskal Festa Eguna eta Arantzazuko Amaren Jaiaren arteko lotura egiten saiatu da, frantziskotarren elizan ospatzen den Meza Nagusia gaitzat hartuta. Berez uztartzen zailak diren sinbolo eta errituak zer modu naturalean lotzen diren azaltzen saiatuko da, eta uztarketa natural horren arrazoietan sakonduko du artikuluan.
Emilio Xabier Dueñas ikerlariak Compostelara bidean segituko du, kostako bidetik, gezi horiari segika eta bidean aurkitzen dituen festa nahiz folklore-elementuei arretaz begiratuz. Aurreko alean Gipuzkoako kostan sartu eta Donostiaraino ailegatu bazen, oraingoan Debaraino ailegatuko zaigu; berak ateratako argazki ederrez hornituta, Santio bideko kostako “Iparraldeko bidea”ren inportantzia aldarrikatu nahi du: “El sentido de la flecha amarilla. El Camino de Santiago por tierras guipuzcoanas“.
Lau artikulu digital, eta liburu bat ere eman du abenduko uzta honek; izan ere, 2009ko irailean aldizkari honetan bertan argitara zen Hondarribiko Setioari eskainitako ale berezia liburu formatuan atera du orain Gustav-eko Koadernoak Kultur Elkarteak: “1639: Hondarribiko Setio Handia. 1639: El Gran Asedio de Hondarribia“. 2008. urtean, Setio Handiaren 370. urtemuga ospatu zela-eta, Hondarribian antolatu ziren Jardunaldietako ponentziak dira liburuan atera ditugunak. Salgai dago liburua, 14 eurotan, ohiko liburu-dendetan.




