Xabier Egaña
Areetan jaio nintzen, Bizkaian, 1943ko uztailaren 22an. Goseak eta gerra galdu izanaren bizikizunak guztia betetzen zuten urteetan. 17 urterekin frantziskotarra egin nintzen hemen, Zarautzen, eta bertan ezagutu nuen Alvarez de Eulate. Hark animatu ninduen arte munduan sartzera, geroztik sendaezina gertatu zaidan pozoia irentsiz. 1968an Oteizarekin lanean hasi nintzen eta bi urtez bere etxean bizi izan nintzen. Geroztik lan dezente egin ditut, Arantzazun, Zarautzen, Puerto Ricon eta Alemanian besteak beste.
1987an erlijioso bizitza utzi eta ezkondu egin nintzen. Alaba bat dut. Zeregin artistikoak eta artearen irakaskuntza uztartuz jarraitu dut orduz geroztik. Une hauetan, Alemaniako Vechta hirian bi erakusketa prestatzen ari naiz eta baita nire lan orokorraren katalogo bat.



